Bako jainko erromatarraren marmolezko burua dagoeneko ikusgai dago Gasteizko Bibat Arkeologia Museoan. Eskultura 1976an aurkitu zuten Arkaiako (Araba) aztarnategian, baina aurkitu eta berehala, arrastorik utzi gabe desagertu zen, harik eta berriro ere 2022an ezustean agertu zen arte. Izan ere, 46 urtez Jon Buesa EAJko goi kargu izandakoak etxean izan zuen gordea pieza arkeologikoa. 2023an Arabako Foru Aldundiaren esku geratu zen, eta gaurtik aurrera Gasteizko Bibat Arkeologia Museora joaten diren bisitari guztiek bertatik bertara ikus dezakete.
Museoan leku propioa dauka eskulturak: sarrera ondoan kokatutako kristalezko beira arasa batean. Arkeologia museoak informazio panel batzuk jarri ditu eskulturaren ondoan, bisitariek kronologikoki uler dezaten piezaren historia. Panel horiei esker, Arkaian egindako aurkikuntzatik museora iritsi arte egindako bidearen berri izango dute bisitariek.
Ikerketa lan bati esker, Bakoren burua Buesaren etxean zegoela argitu zuten, eta Arabako Aldundiak pieza itzultzeko eskatu zion. Hark uko egin ostean, erakundeak salaketa jarri zuen Gasteizko epaitegi batean, 2022an. Azkenean, Buesak pieza entregatu zuen, eta ondoren Espainiako Kultura Ondarearen Institutura bidali zuten aztertzeko. Handik bi urtera, Arabako Arkeologia Museora eraman zuten, eta bertan zigilatuta egon da ebazpen judizialaren zain. Azkenik, 2026an epaitegiak baimena eman zuen piezari zigilua kentzeko, eta berehala hasi ziren hura zaharberritzen.
Kontserbazio eta zaharberritze prozesuari esker, gauza gehiago jakin ahal izan dituzte piezari buruz, eta jatorrizkotik hurbilen dagoen itxura eman ahal izan diote. Mikrolaginen analisiek agerian utzi dute marmolak konposizio organikoko estaldura laranja bat zuela, argizari gisa identifikatu zena, eta beste geruza bat, nagusiki aluminosilikatoz osatua —burdina ugariko buztina—. Material horiek, ziur asko, erreplikaren moldea egiteko erabili zirela uste dute adituek; marmolaren barruan sartzen zituzten, kristal txikien artean iragazita.
Ana del Val Kultura diputatuak azaldu duenez, marmolezko pieza aurkitu zutenean «zikin» zegoen, eta kontserbazio egoera «irregularrean», gainazalean metatutako argizari eta olio hondarren ondorioz. Hala ere, ontzat jo ditu egindako txukunketa lanak, eta Bibat museoan ikusgai jartzearen garrantzia azpimarratu du: «Ospatu beharra daukagu dagoeneko hemen dagoela, arabar guztion ondarea baita, eta azkenean dagokion tokira itzuli baita». Pieza irailaren 30era arte egongo da ikusgai museoan.
Formatu txikiko eskultura
Burua osorik gorde ez bada ere, Arabako ondarearen pieza bereziki garrantzitsua da, lurraldean aurkitu den erromatarren garaiko piezarik esanguratsuenetako bat delako. Kalitate handiko marmolez landutako pieza arkeologikoa da, eta pertsona heldu baten burua irudikatzen du zehaztasun handiz: ile luze kizkurtua du, baita bizarra, bibotea eta buruan diadema dotore bat ere. Eskultura II. mendearen bigarren erdialdekoa da, erromatar garaiko estatuagintzaren eredu klasikokoa. Tamainari dagokionez, eskultura txikia da: hamahiru zentimetroko altuera, 9,5 zentimetroko zabalera eta 6,5 zentimetroko sakonera ditu.
Herma txiki bat da —erromatarrek etxeak apaintzeko erabiltzen zuten greziar estiloko bustoa—, eta ardoaren eta naturaren jainkoarekin identifikatuta dago. Piezak ez ditu Bakoren ohiko elementuak —hala nola mahats mordoak edo mahatsondo hostoak—, eta haren jatorria K.a. V. mendeko Greziako eredu batean dago.
Bakoren burua erakustearekin batera, museoak beste urrats bat egin nahi izan du irisgarritasunean eta teknologian, eta piezaren hiru dimentsioko erreplika digital bat ikusgai jarriko dute webgunean. Tresna berritzaile horri esker, museoan bertan egon ezin direnek edo xehetasunak gertutik aztertu nahi dituztenek aukera izango dute eskultura hiru dimentsiotan ikusteko. Horrela, edonork sakelako edo ordenagailu bidez irudia biratu zein handitu ahal izango du, piezaren xehetasun guztiak zehaztasun osoz behatu ahal izateko.