Balio gabe utzi dute Baraiazarraren Itzulpen Onenaren Espainiako Saria

Santa Teresa Jesusenaren testuak gaztelaniaz zirela konturatu ez, eta hasieran eman dioten saria gero ezeztatu egin du Kultura Ministerioak

Luis Baraiazarra, 2006ko irudi batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe - Mikel P. Ansa
2016ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Atzo jakinarazi zuen Espainiako Kultura Ministerioak 2015eko Itzulpen Onenaren saria Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzain eta idazle karmeldarrak irabazi zuela, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik. Baraiazarrak lau urte eta erdi igaro zuen Santa Teresaren lan guztiak euskaratzen, eta 1.852 orriko liburuki bakarrean plazaratu zituen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herriko Karmeldarren eta Markina-Xemeingo karmeldarren laguntzari esker. Baina gauean ezeztatu egin zioten saria Baraiazarrari, El País egunkariak emandako informazioen arabera.

Madrilgo kazetak azaldu du erredakzioko kazetariak ohartu zirela Baraiazarraren itzulpenak ez zuela betetzen sariketaren baldintzetako bat: «atzerriko hizkuntza» batetik gaztelaniara, katalanera, galizierara edo euskarara itzulitako lanak sartzen dira sariketan. Eta Santa Teresa Jesusenaren testu originalak, bistan denez, gaztelaniaz ziren. El País-ek berak azaldu duenez, Kultura Ministerioarekin harremanetan jarri ziren atzo gauean, eta ministerioak berak aitortu zuen ez zirela jabetu horretaz saria emateko prozesuaren inongo momentutan. Beti ere egunkari horren arabera, Baraiazarrari saria ezeztatu egin zioten atzo gauean bertan.

«Frustratuta» zegoela adierazi zion karmeldarrak egunkari horri berari, berria jasotzea oso pozgarria egin zitzaiolako. Nolanahi ere, albisteak Santa Teresa Jesusenaren lanak hedatzeko balioko duen itxaropena agertu du itzultzaileak, eta bere lanari nolabaiteko aitortza egin diotela ere sentitu du. Saria ezeztatu ziotela jakin aurretik egin zituen adierazpenotan ikusten da itzultzailearen poza, egindako lanaren aitortzagatik: «Uste dut Santa Teresaren olerkiak euskaratzerakoan egin dudan ahalegina nabarmendu dutela epaileek. Errima eta neurri berean itzuli nituen, eta horrek esfortzu ikaragarria eskatu zidan».

Saririk gabe ere, aitortza hori ez du falta Baraiazarrak. Hain justu, «egindako lanak zuen mamia eta kalitatea ikusita», Euskaltzaindiak proposatu zuen Baraiazarraren lana Espainiako Itzulpen Sarirako. Berez, saria ezeztatu izan ez baliote, euskarara itzulitako testu batek sari hori jaso duen lehen aldia izango zatekeen.

Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren bosgarren mendeurrenarekin batera atera nahi zuen lana Baraiazarrak, baina ez zuen lortu, gutxigatik. Itzulpenak Santa Teresaren honako lanok jasotzen ditu: Bizitza liburua, Perfekzio bidea, Barne gaztelua, Fundazioak, Gutunak eta Arimako kontakizunak. «Emakume handia izan zen», esan du Baraiazarrak: «Bere garaia gainditu zuena. Zerbait nabarmentzekotan, Fundazioak eta Gutunak aipatuko nituzke, hortxe ikusten baita bere gizatasuna, giza harremanetarako zeukan gaitasuna. Fundazioak obra, gainera, gozoa da irakurtzeko, atsegina, abentura ugari kontatzen duelako. Beste lanak mistikoagoak dira».

Luis Baraiazarra Meñakan(Bizkaia) jaio zen, 1940an.Zornotzako Karmeldarretan ikasi, 1966an apaiztu, eta abuztu hartan Markina-Xemeinera joan zen. Han bizi da harrezkero. Filosofia, teologia, maisu eta euskal filologia ikasketak eginak ditu. Urte askoan aritu zen irakasle. 1991ko abenduan, Hiztegi Batuko batzorde berrian batzordekide izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta, 1996an, gramatika batzordeko kide. Urte berean euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.