Literatura

Barne bakardadea narratzen duen eleberri enblematikoenetako bat euskaratu du Naroa Zubillagak: ‘Ganbara’

Marlen Haushofer idazle austriarrak ondu zuen, 1969an. Hark argitara emandako azken eleberria da, eta euskaratutako bigarrena. Zubillagak berak itzuli zuen bestea, 'Horma', 2023an.

Naroa Zubillaga, 'Ganbara' eleberriaren aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Naroa Zubillaga, 'Ganbara' eleberriaren aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2026ko ekainaren 22a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Idazlearekin konektatzeko eta haren lana euskaratzeko, itzultzaileak entzun egin behar izaten omen du aurrena, eta horrexetan aritu da Naroa Zubillaga (Andoain, Gipuzkoa, 1982). Haren zentzumenek Marlen Haushofer idazle austriarraren ahotsari jarri diote arreta aspaldion, eta horri esker heldu dira euskal letretara Haushoferren eleberririk enblematikoenak: Horma 2023an, eta Ganbara orain. Erein argitaletxearen eskutik plazaratu ditu biak.

Haushoferrek argitara emandako azken eleberria da Ganbara, urtebeteren buruan hil baitzen, 50 urte zituela. Etxekoandre bat du protagonista, bizimodu egonkor eta arrunteko emakume ezkondu eta ama bat. Egunerokoaren zurrunbilotik atera nahi duenean, ganbarara jotzen du marraztera. Jardun hori ez ezik, leku horretan aurkitzen duen bakardadea ere babesgune eta ihesbide dira harentzat. Hala, «askatasun beharraren eta norbere ahotsaren sinbolotzat» har daiteke ganbara, Ereineko editore Inazio Mujika Iraolaren ustez.

Emakumearen bizimodua erakuste aldera, astebeteko tartea hartzen du eleberriak: igandetik iganderakoa, hain zuzen. Egun horietariko bakoitzak atal bana osatzen du; zortzi ditu, beraz. Astelehenean, gutun anonimo bat jasoko du protagonistak, eta horrek misterioari zabalduko dio atea. Bertan, gaztea zela idatzitako eguneroko baten orriak agertuko zaizkio protagonistari, eta horrek ezkutatu nahi izandako pasarteei aurrez aurre begiratzera eramango du, ezinbestean. Emakumearen ahotsa dago eleberriaren erdigunean. Zubillaga: «Gutunak barrena nahastuko dio. Horren ondorioz, ideia eta pentsamendu olde bat etorriko zaio emakumeari, eta hori jasoko du irakurleak: nola begiratzen dion egunerokoari, hiriko bizitzari edota inguruan dituen pertsonen arteko botere harremanei». Iragana, hain zuzen, pertsonaia hobeto ezagutzeko bidea da, Zubillagaren esanetan. «Horrela hobeto ulertzen da nolakoa den bera, zer izan zen haren haurtzaroa, gurasoekin izandako harremana, lehen umeaz erditzean nola heldu zitzaion gorreria».

«Pentsamendu olde bat etorriko zaio protagonistari, eta hori jasoko du irakurleak: nola begiratzen dion egunerokoari eta inguruan dituen pertsonen arteko botere harremanei»

NAROA ZUBILLAGA Euskaratzailea

Protagonistak marrazten duenari eta esaten duenari ere beren-beregi erreparatu dio euskaratzaileak. «Txoriak aipatzen ditu askotan: txontak, enarak, garrapoak, zozoak, besteak beste. Zozabarrak, adibidez, ez dira zozoa bezala lurrean saltoka ibiltzen, balantzaka baizik. Airean saldoan ibiltzen dira, eta gauean elkarrekin egiten dute lo. Ez dira bakartiak». Hain justu, hori du obsesioetako bat protagonistak: isolamendua, bakardadea. Eta eleberriak hartzen duen epean marraztu nahiko lukeen txoriak hori bera erakutsi behar du; ez dagoela bakarrik, saldoan ibiltzen dela. Zubillagaren aburuz, egunetik egunera doituko duen marrazki horrek ispiluaren lana egiten du protagonistarentzat: «Beharbada, berak ere izan nahiko luke saldoan modu koordinatuan hegaldatzen den txoria, baina kirrinka eta karranka gehiegi sumatzen du inguruan. Pentsatzeko eta errealitatea ulertzeko modu zorrotzegia dauka». Azkenerako, zortzigarren egunean izaki harrigarri bat paratuko du paperean arkatzaren bidez: txoriaren eta herensugearen arteko hibrido moduko bat.

Liburuak «sosegua» eskatzen duela gehitu du euskaratzaileak: «Txoriak eguneroko bizitzan oharkabean pasatzen diren bezala, liburu honek ere irakurketa pausatua eskatzen du. Gertaera ustez axolagabeek, keinuek eta esan gabe geratzen diren horiek zeresan handia baitute».

Aurrera egin beharra

Zubillagarentzat, lehendik entzuna zuen ahotsa hobeto ezagutzeko bidea izan da Ganbara, bai eta Horma eleberriarekin hasitako zikloari segida emateko modua ere: «Han bezala hemen ere, emakumearen aurrera egiteko borroka hori ageri da. Horma-n fisikoagoa zen, eta Ganbara-n psikologikoagoa da, sotilagoa. Barrutik egiten den borroka da, iraganeko bizipenek hartaratuta».

Bateko eta besteko protagonistak alderatuz, Ganbara-ko emakumea «gertukoagoa» dela iritzi dio: «Bizi duen egunerokoa errealagoa da Horma-n baino, eta errazago konektatzen da pertsonaiarekin».

Egilearen biografiak hartzen duten tokiaz ere mintzatu da Zubillaga: «Hamabi urterekin, tuberkulosiak eta pneumoniak jota zegoela, sanatorio batean sartu zuten, eta hilabeteak eman zituen bakartuta. Isolamenduaren gaia beti dago haren liburuetan».

Marlen Haushofer (Frauenstein, Austria, 1920 – Viena, 1970) alemanezko literaturaren ahots berezietako bat da. Eleberriak, narrazioak eta irrati gidoiak ondu zituen, baita haur eta gazteentzako testuak ere. Bizirik zela ez zuen aitortza handirik jaso. Gaur egun duen izena eta literaturan hartutako tokia gerora lortutakoa da, feminismoak aldarrikatu ostean, batez ere.

Emakumeen esperientzia kontatzeko abilezia goraipatzen diote Haushoferri nola kritikariek, hala Erein argitaletxeak ere. Mujika Iraola: «Uxue Razkinek [Ereineko editorea] bultzatu zuen Haushoferren lana itzultzea. Eta arrazoia garbia da: oso idazle modernoa da, eta ez hain ezaguna geure artean. Oso begirada zorrotza eta fina du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA