Zer gertatzen da dena edukitzera ohituta dagoen norbaitek ezin dituenean bere erabakien ondorioak kontrolatu? Hori gertatzen zaio Digger Rockwelli (Tom Cruise). Rockwell munduko gizonik boteretsuena da, eta espero ez zituen ondorioei egin beharko die aurre, neurri globalean hondamendia ekarriko baitute. Egoera gatazkatsua berak eragin duela jakinda, etsipenezko lasterketa bati ekingo dio kaltea konpontzeko asmoz, baina, batez ere, munduari erakusteko salbatzailea bera dela.
Adi, prest, orain! Hasi da kaltea konpontzeko lasterketa. Rockwellek ondorio kaltegarriak konpondu nahi ditu ahalik eta azkarrena, baina batez ere besteek heroi gisa har dezaten: «Naturaren norabidea kontrolatu ezin badugu, kontakizuna kontrolatu dezakegu behintzat», dio protagonistak. Filmak akzioa, umore beltza eta egoera absurdoak uztartzen ditu, protagonistak mehatxu gero eta handiagoei aurre egiten dien bitartean. Bere egoari eta ingurukoen mesfidantzari aurre egin behar die kaosa hedatzen den heinean, eta lasterketa bigarren aukeraren bilaketa ere bihurtuko da.
Digger pelikularen hazia duela hamar urte baino gehiago landatu zen Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendari mexikarraren garunean. The Revenant (2015) filma Kanadako Alberta mendi harritsuetan grabatzen ari zela, Leonardo DiCapriorekin eta Tom Hardyrekin batera, arazo batekin egin zuen topo: klima aldaketaren ondorioz grabaketa lekuz aldatu behar izan zuten, normalean elurra zegoen lekuan jada ez zegoelako. Iñarrituk ikusi zuen dena pixkanaka-pixkanaka urtzen ari zela. Esperientzia horren ondorioz, zuzendaria Artikoaren inguruko informazioa jasotzen hasi zen, baita petrolio konpainien negozioen ingurukoa ere.
Hamar urtez garatu du istorioa, eta gidoia prestatzen zuen bitartean beste lan bat zuzendu du soilik: Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades (2022) drama eta umore beltza uztartzen dituen ekoizpen mexikarra. Orain, Digger pelikulan, aspaldi landatu zuen hazia garatzeko aukera izan du, Bardo pelikulan ere landu zuen umore beltzaren ukituak ere erabiliz.
Zuzendariak hainbat elkarrizketatan adierazi du zientzialariekin aldez aurretik lanean aritu dela filmean aipatzen den guztia zientifikoki egingarria izan zedin. Hala ere, gidoia idazterakoan, espero ez zuen arazo batekin egin zuen topo: filmean ageri den hondamendia AEBek benetan egiteko asmoa zuten. Errealitateak fikzioa gainditu zuen, eta, Iñarrituren ustez, etorkizuneko dokumental bat egiten aritzea bezala izan zen filma egiteko prozesua.
'DIGGER'
Zuzendaria: Alejandro Gonzalez Iñarritu. Gidoilariak: Alejandro Gonzalez Iñarritu, Alexander Dinelaris, Nicolas Giacobone eta Sabina Berman. Aktoreak: Tom Cruise, Riz Ahmed, John Goodman, Sandra Hueller, Michael Stuhlbarg, Jesse Plemons, Emma D’Arcy. Argazkia: Emmanuel Lubezki. Musika: Cosmo Sheldrake. Generoa: Drama eta komedia. Urtea: 2026. Iraupena: 128 minutu. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: Urriaren 2an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

Nomad Shadow filmeko fotograma bat.
'Nomad Shadow'
Zuzendaria eta gidoilaria: Eimi Imanishi. Aktoreak: Nadhira Mohamed, Suleiman Filali, Omar Salem, Eddami Elabed, Chekh Mehdi, Khadija Najem Allal. Argazkia: Frida Marzouk. Generoa: Drama. Urtea: 2025. Iraupena: 82 minutu. Herrialdea: Espainia.
Mariam, karisma berezia duen gazte sahararra, Bartzelonan bizi da, baina Mendebaldeko Saharako familiaren etxera itzultzera behartzen dute. Bartzelonara itzuli ezinean, Mariamek ez du lortu jaioterrira egokitzea. Bere egoera hobetzeko huts egindako ahaleginek bere nortasunarekin aurrez aurre jartzen dute bete-betean: Saharan errotuta egotea eta Bartzelonarekin duen lotura ez dira nahikoa bere lekua aurkitzeko.
'Narciso'
Zuzendaria eta gidoilaria: Marcelo Martinessi. Aktoreak: Diro Romero, Manuel Cuenca, Margarita Irun, Nahuel Perez Biscayart eta Mona Martinez. Argazkia: Luis Armando Arteaga. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 100 minutu. Herrialdea: Paraguai.
Paraguai, 1959. urtea, erregimen militarraren menpe. Narciso rock musikarekin liluratuta itzultzen da Buenos Airestik. Karismatikoa, enigmatikoa eta gizon-emakumeek desiratua da, eta laster irratiko izar eta askatasunaren sinbolo bihurtzen da. Baina, bere azken ikuskizunaren ondoren, hilda agertzen da. Isiltasunak eta beldurrak egia itotzen dute: nork hil zuen Narciso?
'Sunny Dancer'
Zuzendaria eta gidoilaria: George Jaques. Aktoreak: Bella Ramsey, Daniel Quinn Toye, Ruby Stokes, Earl Cave, Neil Patrick Harris. Argazkia: Oliver Loncraine. Generoa: Drama eta komedia. Urtea: 2026. Iraupena: 106 minutu. Herrialdea: Erresuma Batua.
Ivyk minbizia izan ondoren, gurasoek gaixotasun hori duten gazteentzako udaleku batera bidaltzen dute, baina zaila egiten zaio arauetara egokitzea. Hala ere, asteek aurrera egin ahala, ustekabeko lagunak aurkituko ditu, eta uda ahaztezina biziko du.