Komikia

Basokada bat edabe magiko, binetaz bineta

Abuztuan mende bat bete da Rene Goscinny jaio zela. Komikigintzaren historiaz aritzean bazter utzi ezinezko obra da harena. Hark idatzita bizi izan zituzten hainbeste abentura, Asterixek eta Obelixek ez ezik, baita Nikolas Txikik eta Lucky Lukek ere.

Rene Goscinny
Rene Goscinny
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko abuztuaren 20a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraren joanak agerian utzi du errezetaren arrakasta. Edabe magikoaren formularekin bete-betean asmatu baitzuen Rene Goscinnyk, eta ez soilik bineta barrenetako pertsonaiei aski zitzaielako edari horren tanta bakar bat ahoratzea kolpez indar neurrigabea izateko. Galiaren eta are fikzioaren mugetatik ere atera liteke metafora, eta esan arrakastaren gozoa dastatzeko adinako bultzada eman ziola formula horrek Goscinnyri, Asterixen aitari. Eta, gainera, gidoigileak ez zekien edabe hura, magikoa ez ezik, iraungitze datarik gabekoa ere bazela. Albert Uderzo marrazkilariarekin batera, 1959an sortu zuen Asterix galiarraren figura, eta haren betiereko izaeraren erakusgarri da urteotan guztietan eta oraindik herritarrengan sortzen duen lilura: urtebete ere ez da joan bilduma klasikoaren Asterix Lusitanian album berriena plazaratu zenetik, eta Frantzian gehien saldutako komikia izan zen 2025ean. Nahiz eta Goscinnyk jakin ez.

1977an hil baitzen Goscinny, 51 urterekin. Eta, bizi balitz, ehun urte izanen zituen orain. Jaio zenetik mende bat bete da iragan abuztuaren 14an.

Parisen sortu zen, baina bi urte eskas zituenerako Buenos Airesera joan zen bizitzera familiarekin, aitak ingeniari lanpostu bat lortu zuelako hirian. Han eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa semeak, harik eta, hogei urteen langa gainditzear zela eta preseski aita hil ondoan, lehenbizi New Yorkera joan eta azkenerako sorterrira itzuli zen arte.

Hain zuzen, eta azken asteotan bereziki, inondik ere ahaztu ezinezko alderdi bihurtu dira bai Goscinnyk Argentinan bizi izandako aldia, bai eta, oro har, herrialde horrekin zeukan lotura afektiboa ere. Abuztuaren 15ean, haren jaiotzaren mendeurrenaren biharamunean, 24 orduko omenaldi bat antolatu zuten Buenos Airesko Corrientes etorbidean, alderik alde: gidoigilearen obra zedarritzen duten pertsonaiak proiektatu zituzten obeliskoan, zenbait film ere eman zituzten, eta, besteak beste, hainbat liburu dendak helduentzako eta haurrentzako jarduerak antolatu zituzten. Gainera, urteurren borobilarekin bat eginez, asteburu horretan ohi baino herritar gehiagok egin zioten bisita Sargento Cabral kaleko 875. zenbakian autorearen omenez paraturiko plakari. Zera du idatzia: «Rene Goscinny hemen bizi izan zen. Asterix galiarra, Lucky Luke, Nikolas Txiki eta besteren autorea». 

Ez baitzen soilik Asterix izan. Eta Goscinny ez baitzen zuzenean ailegatu Galiara.

Nikolas Txiki pertsonaiaren albumetako irudi bat.
Nikolas Txiki pertsonaiaren albumetako irudi bat.

Arrapaladan ez

Haur eta gaztetan, lizeo frantsesean hartu zituen eskolak, eta, ondotik, Humanitateak eta Arte Ederrak ikasi zituen unibertsitatean. Handik urte batzuetara, ordurako «pailazokeriatan» bazebilela aitortu zuen gidoigileak berak, baina, dena dela, apurka-apurka egin zuen komikirako bidea, eta izan zuen estropezurik ere.

Askotariko lanetan aritu zen aurretik, Argentinan lehenbizi eta New Yorken gerora, eta, izatez, 1950eko hamarkadan sartu arte, Parisen publizitate agentzia bateko marrazkilari baten laguntzaile gisara ibili zenekoa izan zuen harreman profesional bakarrenetakoa bederatzigarren artearekin. Hori, eta Honore de Balzac idazlearen La fille aux yeux d'or nobelaren berredizio baterako ilustrazio lana. 

'Lucky Luke' Morrisek sortu zuen, baina, berandu gabe, Goscinnyri eskatu zion alderdi literarioaz ardura zedin. Bien arteko lankidetzak ziztuan puztu zuen cowboy bakartiaren sona 

Bigarrenez New Yorkera joan zenean hasi zitzaion bide malkartsua pixkanaka lautzen. 1948a zen, eta handik urte gutxi batzuetara MAD aldizkaria abiaraziko zuten editore, marrazkilari eta gidoigile batzuekin harremanak ehuntzen hasi zen Goscinny. Eta, hain zuzen, Maurice de Bevere Morris ezagutu zuen orduan, bere ibilbidean funtsezkoa izanen zitzaion binetagile belgikarra. Morris jadanik hasia zen Lucky Luke izeneko cowboy bakartiaren inguruko komikiak plazaratzen, baina, berandu gabe, Goscinnyri berari eskatu zion alderdi literarioaz arduratzeko; hartara, Morrisek irudietan jartzen ahalko zuen arreta guztia. Bien arteko lankidetzak ziztuan puztu zuen «bere itzala baino lasterragoa» zen cowboyaren abenturen sona.

Garai bertsuan, Les aventures de Dick-Dicks komiki seriea ere eman zuen Goscinnyk. La Libre Belgique egunkariak astean behin plazaratzen zuen gehigarrian argitaratu zuen, eta autore frantsesa idazle zein marrazkigile aritu zen proiektu horretan. Hain zuzen, hori da ibilbidean marrazkilaritza alorrari dagokionez egin zuen lanik esanguratsuena. Izan ere, garai hartan artean paradoxikoa bazirudien arren, Goscinny ez zen sekula nabarmendu ilustrazioetarako trebetasunagatik. 

Bizirik oraindik

Tandemak osatuz zenbat lor daitekeen erakusten du, hain justu, Goscinnyren obrak. Gidoigilea halaxe jardun baitzen harrezkero, aurrez Morrisekin aritu bezala, zenbait marrazkilarirekin. Asterix pertsonaiaren ingurukoak Uderzorekin sortu zituen; Iznogoud komiki seriea —1962tik aurrera—, Jean Tabaryrekin; eta Jean-Jacques Sempe marrazkilariarekin bikote artistikoa osatuta kontatu zituen Nikolas Txikiren bizipenak. Eta bada adibide gehiago ere.

Proiektuotako batzuk Goscinny hiltzearekin batera edo are lehenago heldu ziren bukaerara. Beste batzuk, Asterixena eta Lucky Lukerena adibidez, beste esku batzuen ardurapean izan ziren gerora, eta hala dira orain ere. 

'Asterix Lusitanian' albumeko irudi bat; Maddalen Arzallusek ekarri zuen euskarara.
'Asterix Lusitanian' albumeko irudi bat; Maddalen Arzallusek ekarri zuen euskarara.

Asterixen kasuan, Goscinny zendu ondoan, hainbat urtez Uderzo marrazkilariak hartu zuen bere gain komikion gidoia, eta 2013an, erretiroa hartzeko, Jean-Yves Ferri eta Didier Conraden esku utzi zituen galiar menderaezinak: haiek 2025ekoa dute azken albuma. Dena dela, Asterixen unibertsoa are eta gehiago zabalduko duen film baten estreinaldia dago aurreikusita abendurako: Astérix: le royaume de Nubie.

Asterixen komikiak Jean-Yves Ferriren eta Didier Conraden esku daude 2013tik, eta iaz argitaratu zuten azken albuma: 'Asterix Lusitanian'. Urtean gehien saldutako komikia izan zen Frantzian

Lucky Luke cowboyaren seriean ere izanen da nobedaderik. Pertsonaia sortu zenetik laurogei urte bete diren honetan, Saint Lucky Luke izeneko album berria kaleratuko du Lucky Comics argitaletxeak. Eta hori bakarrik ez: Nikolas Txiki ere itzuliko da 2026an, haren gaineko hamabi abentura berri biltzen dituen bilduma bat idatzi baitute Rene Goscinnyren alaba Anne Goscinnyk eta Jean-Philippe Arrou-Vignodek —marrazkiak Fursy Teyssierrenak dira—. 

Urteak joanda ere, aise irudika liteke Goscinny edabe magikoa prestatzeko osagaiak lapikoan sartzen. Koilarakada bat asmamen, katilukada pare bat umore eta are parodia kritiko, eta eskukada bat samurtasun. Orri-pasaka, oraindik adi daiteke haren lurrina. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA