Badute zerikusirik orkestra sinfoniko batek eta makrojaialdi batek? Lehen begiratuan, zuria da bata, eta beltza bestea, baina badute elkartzeko punturik ere. Bilbao BBK Live jaialdiak hogei urte beteko ditu aurten, eta ekitaldi bereziak antolatzen ari da urteurren horren karietara. Orkestra deitu dioten kontzertua antolatu dute Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, eta festibalaren ibilbidean Kobetamendiko eszenatokietara igo diren artista batzuen abestiekin egindako kontzertu sinfonikoa eskainiko du orkestrak. Abestiak berariaz moldatu dituzte, eta emaitza datorren apirilaren 11n entzun ahal izango da, 19:00etan, Bilboko Euskalduna jauregian. Sarrerak eskuragai daude jada —18 eta 30 euro arteko prezioa dute—.
BBK Liven aritu diren hamabost artistaren baino gehiagoren piezak entzun ahal izango dira orotara. «Bilboko Orkestra Sinfonikoak abesti horiek hari, haize eta perkusio bidez eraldatuko ditu, jaialdiaren energia orkestra hizkuntzara eramanez», adierazi dute antolatzaileek. Honako hauek dira, besteak beste, aukeratu dituzten kantuak: The Cureren Just Like Heaven, Depeche Moderen Enjoy the Silence, Rosaliaren La Perla, Guns N' Rosesen Sweet Child O'Mine, The Policeren Roxanne eta Coldplayren Viva La Vida.
Kontzertuaren bidez, jaialdiak bere ekintza eremua zabaltzeko asmoa du, eta orain arte erakarri ez duen publikoaren arreta piztu: «Publiko ezberdinen arteko topagune bat proposatzen du saioak, generoen, belaunaldien eta sentsibilitateen arteko zubiak eraikitzeko bokazioa indartzeko asmoz». Bestalde, festibalari egindako omenaldi bat ere izango dela gaineratu dute antolatzaileek; bai eta musika bizitzeko modu berriak aurkeztekoa ere.