BDCC plataforma sortu dute, kultur industrien balioa sustatzeko asmoz

Eusko Jaurlaritzak bultzatu du proiektua, eta kudeaketa profesionalizatzea izango du ardatz

BDCC Kultura eta Sormen Barrutian parte hartu duten erakundeetako ordezkariak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Ekonomia eta finantza irizpideak ezartzea sustatuko duen eremu bat izango da barrutia; betiere, talentuan, esperimentazioan eta originaltasunean oinarritutako sektorearen berezitasunak errespetatuz»: hala aurkeztu zuen atzo Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak BDCC Basque District of Culture and Creativity Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia. Zupiriaz gainera, aurkezpenean izan ziren Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendaria eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria. Plataformaren bitartez, kultura eta sormen industriei lotutako enpresen kudeaketa profesionalizatzea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea lortu nahi dute.

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak, SPRI taldeak eta Innobasquek lankidetzan sortutako proiektua da, eta BDCC Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean garatu dute.

Izatez, kultura eta sormen industriei lotutako enpresetan identifikatutako erronkei erantzutea lortu nahi dute plataformaren bidez. Izan ere, Zupiriaren hitzetan, «herri proiektu bat» da, eta, ondorioz, eginkizun jakin batzuk ditu: «Ekintzailetza sustatzeko beharra, negozio planak hobetzea eta haien enpresa dimentsioa egokitzea, jabetza intelektualaren babesa erraztea, eta nazioartekotzen eta merkatu berrietara sartzen laguntzea». Hori lortzeko, Interneteko programak eta tresnak bildu ditu BDCC plataformak. Hartara, industria horietako enpresek eta profesionalek aukera izango dute modu didaktikoan negozioetako «askotariko alderdien» inguruan gogoeta egiteko.

Laburbilduz, hau eskainiko du BDCC plataformak: informazio eta orientaziorako zerbitzuak, sektorearen eskura jarritako tresnak, laguntza programak, eragile adituen eta sektoreko erakunde espezifikoen zerbitzu eskaintza, informazio eguneratua eta albistegiak, eta etengabeko prestakuntza irekia zeharkako erronkei erantzuna emateko. Era berean, aurrera begira, «Euskadik nazioartean, kultura eta sormen industriei dagokienez, erreferentziazko posizionamendua» izatea lortu nahi dute, Zupiriaren hitzetan.

Hori lortzeko, berrikuntza «ezinbestekoa» izango da. Bide beretik, teknologia eta berrikuntzaren sarean industria horien presentzia sendotzea izango da proiektuaren zereginetako bat. «Plataformak Euskadiko sektorea egituratzen eta kohesionatzen lagunduko du, berritzailea dena are berritzaileagoa eginez», esan du Leire Bilbaok. Leyre Madariagak, berriz, hau gehitu du: «Kulturaren eta sormenaren sektorea biziberritzeko eta ekonomiaren bultza indar gisa duen ahalmen guztiari etekina ateratzeko balioko du».

Zupiriak esan bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %9,9 dira kultura eta sormen industrian lan egiten duten enpresa eta langile independenteak; zehazki, 45.365 pertsona inguru, eta horiek enpleguaren %5,31 sortzen dute. Bi industriek, denera, hamabost azpisektore hartzen dituzte, eta, datozen urteei begira, Gaia Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien elkartea arduratuko da barrutiaren zerbitzu guztiak eskaintzeaz eta plataforma garatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.