Gaur goizean egindako agerraldian aurkeztu dute Gasteizko Artium museoko zuzendari berria. Hemendik aurrera Beatriz Herraez izango da zuzendaria, eta Daniel Castillejoren lekua hartu du. Artearen Historia eta Arte Ederrak ikasi zituen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, Herraezek ondo daki zein diren Artiumen esanahia eta garrantzia; horrez gain, bere hautagaitza aho batez onartu dela azaldu du.
Herraezek esan du ohorea dela Arte Garaikidearen Euskal Museoko zuzendaritzarako hautatua izana, baita erronka bat izango dela ere. “Artium arte garaikideaz gozatzeko tokia izango da; herritarrei elementuak eskainiko dizkiegu arteaz gozatu dezaten”, azaldu du. Leku ugaritan lan egindakoa da Artiumeko zuzendari berria; besteak beste, Madrilgo Reina Sofia museoan eta New Yorkeko Sculpture zentroan ibilitakoa da.