Beethovenen 'Bosgarren sinfonia' interpretatuko du Euskadiko Orkestrak

Dinis Sousak aurrenekoz zuzenduko du orkestra denboraldiko bosgarren programan. Hilaren 3tik 9ra izango dira kontzertuak

Alena Baeva biolinista. ANDREJ GRILC.
Erredakzioa
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ludwig Van Beethovenen Bosgarren sinfonia entzutetsuak ardaztuko du Euskadiko Orkestraren denboraldiko bosgarren programa, hilaren 3tik 9ra. Sinfonia horri patuarena izena jarri zion konpositore alemaniarrak, eta, horregatik, Gure patua izenburua ipini dio orkestrak kontzertu sortari. Dinis Sousa zuzendari portugaldarrak gidatuko du orkestra lehendabizikoz. Kontzertuak honako hauek izango dira: bihar eta astelehenean, Donostiako Kursaalean; hilaren 7an, Iruñeko Baluarten; 8an, Bilboko Euskalduna jauregian; eta, azkenik, 9an, ostegunez, Gasteizko Principal antzokian.

Orkestrak ohar baten bidez adierazi duenez, Bosgarren sinfonia-k Beethovenen «bikaintasun formal eta konposizio-birtuosismo handieneko sorkuntzetako bat» da. «Lehen mugimendu liluragarriaren ostean, beste hiru mugimendu datoz, zeintzuetan Beethovenen bariazio melodikorako bere talentu guztia erakusten duen, baita bere erritmo zentzu erakargarria eta bere irudimen inkonformista ere».

Beethovenen sinfonia ezagunaren aurretik, orkestrak Dmitri Xostakovitxen Biolinerako 2. kontzertua interpretatuko du, eta, horretan, Alena Baeva biolinista errusiarra ariko da bakarlari. «Partitura hau bere lagun David Oistrakhentzat konpostu zuen [Xoxtakovitxek], eta aura ilun bat du, Brezhnev Sobietar Batasuneko presidente izan zen urteetan konposatu zituen obrek bereizgarri dutena», azaldu du orkestrak.

Baeva aditua da Xostakovitxen kontzertuetan, eta, gainera, Biolinerako 2. kontzertua grabatu duten gutxienetako bat da —Valery Gergievekin eta Mariinski antzokiko orkestrarekin grabatu zuen—. Biolinista errusiarrak 2020ko martxoan jo zuen lehenengoz Euskadiko Orkestrarekin, Istanbulen, pandemiak eragindako konfinamenduaren bezperetan, baina hau izango du orkestraren kontzertu denboraldian parte hartuko duen lehenengo aldia.

Richard Wagnerren Parsifal operak osatuko du Euskadiko Orkestraren bosgarren programa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.