Haizea Barcenilla
Begiz

Beldurraren inperioa

2026ko urtarrilaren 13a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prince McVeigh and the Turner Blasphemies animazioa ikusten ari nintzela pentsatu nuen nola sentituko ote den Kara Walker, lanaren egilea, garai hauetan Estatu Batuetan bizita. Bere lan gehienetan bezala, filmean garai viktoriarrean modan egon ziren paperezko siluetak eta itzalen antzerkia erabiltzen ditu edertasun handiko irudiak sortzeko. Baina formalki soilik dira ederrak: pertsona beltzen kontrako biolentzia mota mordoa erakusten dute, bortxaketatik lintxamendura. AEBen narrazio epikoaren irudikapen edertua eta gertakizun historikoen gordintasuna kontrajartzen ditu Walkerrek. Fintasunaren eta bortizkeriaren arteko joko horretan, filmaren une batean Trumpen aurpegia hondo bezala sartzen du Walkerrek, gizon zuriek beltz bati arma eskuan jarri eta gudan hiltzera bidaltzen dutela erakusten duen eszena batean. 

2021ekoa da lana, hau da, Trump boteretik kanpo geratu zenekoa, eta sekula itzuliko ez zela pentsatzen genuenekoa. Kapitolioari egindako erasoagatik kartzelatuko ote zuten amesten genuenekoa. Hala ere, ez zen gai berria Walkerrentzat: 30 urtez egin ditu AEBetako arrazismo historiko zein garaikidea kritikatzen duten lanak. Artista politiko eta kontzientziatua da, eta jarrera horrek mundu mailan aitortua izatera eraman du. Jarrera berberak, ordea, woke arriskutsua bilakatzen du bere herrialdeko agintarien begietara. 

Orain dela hilabete batzuk, Trumpek Smithsonian museo historikoaren erakusketak aldatzea eskatu zuen. Bere ustetan, Amerikako historiaren «gauza itsusiei» garrantzi handiegia ematen zitzaien, eta esklabotzaz aritzen zen atal guztia kentzea agindu zuen. Dirudienez, istorio politak gustatzen zaizkio soilik, Disney style-koak (bera printzea, erregea edo guda-garailea delarik, noski). 

Walkerren animazioa ikusten ari nintzen egun berean, ICE zerbitzuko agente batek Renee Nicole Good tirokatu eta hil zuen bere kotxearen barnean, autoarekin eraso egingo ziola argudiatuta. Lintxamenduak ez daude modan jada AEBetan, baina ez da aitzakia handirik behar beltza, etorkina, chicano-a, queer-a, pobrea edota woke-a kontsideratzen den norbaiti tiro bat buruan sartzeko. Eta zerbait falta ez bada far west horretan, armak dira hori. 

Zaborra gauez ateratzen ari dela bizilagun MAGA batek tirokatuko duen beldur biziko ote da Walker? Erraza izango da justifikatzea eskuan zeraman poltsan lehergailu bat egon zitekeela. Yankiak munduarekin egiten ari direna ikusita loak hartzea kostatzen bazait niri zenbait gautan, Bilboko nire logela lasaian eta su-armarik ez duten bizilagunez inguratuta, begiak itxiko ote ditu Walkerrek? AEBetan, artista kritikoa izatea profesio arriskutsua bilakatu dela ematen du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.