Literatura

Beñat Oihartzabal omenduko dute aurten Ziburuko liburu eta disko azokan

Ekainaren 6an eginen dute azoka, eta bost gunetan antolatuko dute, Ziburuko plazaren inguruan; denera, 41 erakusmahai izanen dira. Euskaldunak eroso sentitzeko arnasgune bat izan nahi dute.

Ziburuko azoka aurkezteko prentsaurrekoa, Ziburuko Baltsan elkartean. GUILLAUME FAUVEAU
Ziburuko azoka aurkezteko prentsaurrekoa, Ziburuko Baltsan elkartean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Ziburu
2026ko maiatzaren 12a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarak eta euskal hiztunek «askatasun eta nagusitasun lekuak eta mementoak» behar dituztela aldarri egin, eta berau gauzatzeko proposamen praktikoa egin du, beste urte batez, Ziburuko liburu eta disko azokak. Baltsan elkarteak eta Argia astekariak antolatutako ekitaldiak zazpigarren urtea beteko du aurten. Ziburuko (Lapurdi) plazan finkatu eta egonkortu zen azoka, eta urtez urte handitzen ari da. Euskara baikara lelopean, bost gune, 41 erakusmahai eta egitarau zabala izanen dituzte heldu den ekainaren 6an. Beñat Oihartzabal idazle, hizkuntzalari eta irakaslea omenduko dute aurten. 

Astearte goiz honetan aurkeztu dute azoka, baina apirilean abiatu zuten Azokaroa. Sei literatur ekitaldi antolatu dituzte horren barruan, eta horietako bitaz gozatzeko aukera dago oraindik: maiatzaren 22an bertso saio literarioa eginen dute Baigorriko (Nafarroa Beherea) Bixentainian, Miren Amurizaren Pleibak liburua oinarri; Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperena arituko dira kantuan, eta Paule Bilbao musikari. Eta maiatzaren 28an, Aritz Ibarrak Deiadarra liburua aurkeztuko du Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Mediatekan. 

Ekainaren 6an, euskara izanen da erdigunean Ziburuko plazan. 120 metro erakusmahai antolatuko dituzte: 41 argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizle izango dira; horietarik 33 liburugintzan ari direnak, eta beste zortzi musikagintzan. Hori karpa nagusian izanen da. Horrez gain, sei liburu aurkezpen izanen dira, eta hainbat musika talderen kontzertu laburrak ere bai. Piarres Larzabal kolegioko Laugarreneko ikasleek zientzia arloan egindako lanaz erakusketa bat ekarriko dute, eta Seigarreneko eta Bosgarreneko ikasleek Rolariak elkarteak antolatu rol jokoetan parte hartuko dute. Oihartzabali eginen dioten omenaldiarekin abiatuko da eguna, eta Jurgi Ekizaren kontzertuarekin emanen diote amaiera; ez dira faltako ez urteroko ohitura bilakatu diren Zirriborroka bertso eta marrazki dema, ez eta umorezko saioa ere —Pantzo Irigarai gomitatu dute aurten—. 

Franck Suarez EKE Euskal Kultur Erakundeko kideak goraipatu du urte batetik bestera gero eta jendetsuagoa bilakatzen ari dela Ziburuko azoka, eta jakinarazi du aurten EKEk murrizketak izan baditu ere orain arteko laguntza bera ematea erabaki dutela. «Euskaldunentzat lasaitasun eta erosotasun eremu bat da, diglosiarik gabeko arnasgune bat». Ziburuko Herriko Etxeak ere babestu du ekitaldia. Euskararen transmisioa eta sustapena jarri ditu ardatz Leire Larrasa auzapezordeak, «herri bizia, irekia eta bere hizkuntzan errotua» dena helburu jarrita. 

Ofentsibarako deia

Euskararen aldeko aldarrikapena egin dute beste behin Baltsanek eta Argia-k aurtengo azokari begira. Azken urteetan mugaren bi aldeetan euskararen aurka izan diren erasoak aipatu ditu Jenofa Berhokoirigoin Argia-ko kazetariak irakurri duen mezuan: «Euskaraz bizitzeko eskubidearen kontrako oldarraldi juridiko-politikoa batetik, euskararen agonia luzatu eta desagertzera eramateko politika bestetik. Batean euskararen herrian euskaraz normaltasunez bizi nahi izateagatik baztertzaile eta diskriminatzaile omen gara, eta bestean linguizidio hitza erabiltzerainoko esker txarrekoak gara, Pirinio Atlantikoko prefetak, hots, administrari kolonialak, gaztigatu zigun bezala: bai, bwana?».

Antolatzaileen iritziz, «eraso orokor eta koordinatua» da euskarak jasaten duena, eta horrek eraman du larrialdira, euskararen berreskurapenari «arrasta» eman eta azken hamarkadetako lanek ekarri aitzinamenduak «kamustu edo ahuldu» baititu. Baina euskaldunak alertan emateko balio dezakeela ere uste dute: «Ohartarazten gaitu deus ez dela betiko lortua eta lokartzen bagara nekez irabazitakoa aise gal daitekeela atzeraldira sartuz».

Euskaltzaleak «aktibo» izatera deitu dituzte, bakoitza bere «lozorrotik» ateratzera animatuta. Garrantzitsutzat jo dute agintariei eskean aritzea, hau da, eskubideen aitortza, euskararen aldeko neurriak, baliabideak, lege babesa eta ofizialtasuna eskatzea. Baina «ofentsibari» ekiteko tenorea dela baieztatu dute: «Eman euskarari lehentasuna maila pertsonalean, sozialean eta politikoan auziari zor zaion garrantzia emanez, hasi ofizialtasuna praktikatzen familian, lagunartean, auzoan, lanean edota elkartean, eta euskarari nagusitasuna emanen dioten eremuak eta denborak sortzen eta ugaritzen».

Hori eskaini nahi dute funtsean azokaren bidez: «Egun bat osoa euskaraz normalki, lasaiki eta naturalki bizi ahal izatea, hizkuntza diskriminatzaile hegemonikoen interferentziarik eta estres linguistikorik gabe», erran dute. «Arnasgune bat, xume bezain baitezpadakoa; arnas une eta euskarazko sorkuntzaren plaza, euskarak egiten gaituelako herri, eta kulturak herri bizi, etorkizunari buruz itzulia».

EGITARAUA

Ekainak 6

  • 10:00. Irekitze ekitaldia. Beñat Oihartzabali omenaldia. 
  • 10:10. Beñat Oihartzabal eta Celine Mounolen arteko solasaldia, Zubiburun.
  • 11:00. Iturri zaharrean ikusgarria.
  • 11:00. Kontzertua: Pantxix eta Marie.
  • 11:30. Liburu aurkezpena: Auzolanaren lurretan, EHZ 1996-2026 (Elkar), Aitor Servier.
  • 12:30. Zirriborroka: Eider Eibar, Dom Campistron vs Irati Alcantarilla, Aitor Servier.
  • 15:00. Kontzertua: Indigo.
  • 15:30. Umore saioa: Pantzo Irigarai.
  • 16:00. Liburu aurkezpena: Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian (Argia), Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa, Iñaki Etxebeste. 
  • 16:30. Kontzertua: Maite Larburu.
  • 17:30. Liburu aurkezpena: Lera (1545 argitaletxea), Castillo Suarez.
  • 18:00. Kontzertua: Xabier Badiola
  • 18:30. Liburu aurkezpena: Zaldi bat (Txalaparta), Maddi Ane Txoperena.
  • 20:00. Kontzertua: Jurgi Ekiza.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA