Ohiko zutabeen gainean baina berrikuntzak ere txertatuta, abian da Durangoko 60. Azoka. Goizeko hamar eta erdietan ireki ditu ateak, eta ehunka ikasle izan dira Landakoko pasilloetan eta haren inguruetan barreiatzen lehenak. Ikasle Goiza izango da gaurkoa, eta haientzako programazio berezia izango da gune denetan.
Guneei dagokienez, hain zuzen, berrikuntzak daude aurten. Bi gune berri prestatu dituzte: Berbagailua eta Atartea. Podcastei lotutako espazioa izango da lehena, eta Madalenako ermitan eman diote espazioa. Bigarrena, berriz, arte ederrei eskainitako eremua izango da, eta Durangoko museoa izango du egoitza nagusia. Erakusketa bat ez ezik, ilustrazioari lotutako hitzaldi eta aurkezpenak ere egingo dituzte bertan. Gaueko egitaraua ere eskainiko du, gainera.
Ikusi gehiago
Azpimarratzekoak dira, halaber, 60. aldi honetan azokak jakinarazi dituen datuak: azken hamar urteetako nobedade, ekitaldi eta erakusmahai kopuru handienak izango ditu: 1.026 nobedade, 273 ekitaldi eta 285 erakusmahai. Azoka goranzko joera baten gailurrean dela erakusten dute datuek.
Gaurtik hasita lau egunez, 10:30etik aurrera izango da zabalik azoka; eta 20:00etan itxiko dituzte ateak, azken egunean salbu. 18:00etan itxiko dute azoka astelehenean.