Literatur kanona: ez erabat gizonezkoa eta ez guztiz zuria

Literaturaren historian gizon zuri mendebaldarrak izan du idazle figuraren esklusibotasuna, baina azken urteetan bestelako ahots, gai eta kontamoldeek zalantzan jarri dute hori. Zenbat eraldatu da kanona, ordea? Hiru adituri egin die galdera BERRIAk.

Literatur kanona; artxiboko irudia. DMYTRO SHEREMETA
Literatur kanona; artxiboko irudia. DMYTRO SHEREMETA
itziar ugarte irizar
2026ko apirilaren 19a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lehia bukatu da». 1974ko urrian, boxeoaren historiako borrokaldirik esanguratsuenetako bat jokatu zen Kinshasan, Zaireko Errepublikan —orain, Kongoko Errepublika Demokratikoa—, Muhammad Aliren eta George Foremanen artean. Oihaneko konbatea izena hartu zuen, eta The Fight (Konbatea) eleberrian jaso zuen Norman Mailer idazleak. AEBetako egile kanonikoenetako bat izan zen Mailer, Harold Bloom kritikariak Mendebaldeko kanona liburu kanonizatzailean (1994) sartutako idazleetako bat —hamarretik bederatzi pasa gizonak izan ziren lanean—. Eta, hain justu, literatur kanona ere, neurri batean, halako konbate logikan egituratu dela azaldu du Nerea Arruti EHUko irakasle eta BERRIAko kolaboratzaileak: «Aurreko eredua hori izan da: Norman Mailer, gizon zuria, ni naiz onena eta beste gizon baten aurka nik idatziko dut liburu onena. Eta hori amaitu da: lehia bukatu da».

Historikoki, gizon zuriak izan du idazle figuraren esklusibotasuna Mendebaldeko literaturan, baina eredu horrek bazterrean utzi izan dituen ahotsek eta kontamoldeek lekua beretu dute azken urteetan. Gizon zuriaren ikuspuntua dago oraindik ere erdigunean: hala uste dute, Arrutirekin batera, Ibai Atutxa EHUko irakasle eta kritikariak eta Maria Mur Consonni argitaletxeko editoreak. Hiruren iritziz, aldaketa zera da: gizon zuria jada ez dago bakarrik zentro horretan. «Dibertsifikatu egin da kanona», Atutxaren hitzetan. «Eta hori garaipen bat da; betiere, garaipen partziala».

Gaiaz hizketan hasteko, 1960ko hamarkadara jo beharra dago, Atutxaren ustez. «Kanonak askotarikoagoak badira orain; hori, azkenean, 60ko hamarkadatik aurrera kanonaren eraikitze prozesuari egin zaion kritikaren ondorio da», aipatu du. Orduan hasi ziren literatur kanona auzitan jartzen, eta bi gertaeraren bitartez jazo zela azaldu du: munduko askapen mugimendu emantzipatzaileen olatua eta ezkerreko pentsamendu kritikoaren eraberritzea. Hor daude 68ko Maiatza, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua, Franz Fannonen pentsamendu antikoloniala, Edward Saiden kritika postkoloniala, eta beste; eta literatur kanonaren kritika, beraz, «gizartearen egituratze zapaltzaile bati egiten zaion kritika» dela nabarmendu du Atutxak, abiapuntu modura.

Gaur egun ere, kanona auzitan jartzeko orduan, garrantzitsua iruditzen zaio «begirada emantzipatzaile» horri eustea. «Zerrenda kanonikoen eraikuntzan komunitate arrazializatuak, emakumeak, sexualitate eta desira disidenteak eta abar baztertu dira historikoki. Eta testuen gaineko ulerkeran ere ikusten dira zapalkuntza harremanak. Adibidez, kritika postkolonialak agerian utzi zuen Joseph Conraden Ilunpeen bihotzean eleberriak, zeina lan antikolonial gisa irakurtzen baitzen, begirada nahiko arrazista zuela; edo ezaguna da, era berean, Lorcaren eta Walt Whitmanen begirada marikak ezkutatu egin zirela urteetan». Horrek gauza bat uzten du garbi Atutxarentzat: kanonaren eraketa eta eraketa horren interpretazioa «gudu zelaiak» direla.

«Orain dela urte batzuk, kontua zen ea nor zen idazle onena. Gurean ere bai: Atxaga edo Saizarbitoria, hori zen galdera. Eztabaida horrek ez dauka lekurik gaur, eta hori aniztasunagatik da; ireki egin da kanona, gai eta subjektibitate berriak daude»

NEREA ARRUTI EHUko irakaslea eta literatur ikertzailea

Kanona «gatazka» da Arrutirentzat ere. «Ideologikoa da, gatazkatsua; hala izan behar du». Irudipena du gaur egun atzean geratu dela Mailerrek ordezkatzen duen eredu «lehiakorra», nobela «definitiboa» idatziko duen idazle «definitiboaren» bilaketa, baina zuhurtziaz aritu da, hala ere. «Orain dela urte batzuk, kontua zen ea nor zen idazle onena. Gurean ere bai: Atxaga edo Saizarbitoria, hori zen galdera. Eztabaida horrek ez dauka lekurik gaur —agian, oraindik akademiaren parte batean bai—, eta hori aniztasunagatik da; ireki egin da kanona, gai eta subjektibitate berriak daude».

«Irakurleen iraultza»

Berriki zeresana eman duen sari batek berretsi egin du kanonaren osaeran mugimenduak gertatzen ari direla, Arrutiren iritziz. Samanta Schweblin idazle argentinarrak Narratiba Hispanoamerikarreko Aena saria irabazi du El buen mal ipuin liburuarekin (Gaitz ona), eta albisteak izan duen sokak gogora ekarri dio Eider Rodriguezek euskarazko eleberriak idazteko I. Xabier Lete beka irabazi zuenekoa. «Bi kasuetan, sarien babesleek eta banatutako diru kopuruak piztu dute eztabaida [milioi bat eta 70.000 euro, hurrenez hurren], baina inori ez diot entzun esaten emakumeak direlako irabazi dituztela. Ez da zalantzan jarri haien literatur lanaren kalitatea, eta orain dela urte batzuk askok egingo zuten hori. Halakoak kanonizazio bide garbiak dira, eta hor aldaketa mugarri bat ikusten dut nik».

Kanonaren osaketa berrikustea bezain garrantzitsua iruditzen zaio Arrutiri, ordea, historiografia berrikustea: kanona nola transmititzen den. Adibidea jarri du: «Atxagak 1989an irabazi zuen Espainiako Narratiba Sari Nazionala, eta hori euskal literaturaren homologazio modura kontatzen da. Mariasun Landa, baina, garai berean punta-puntako nazioarteko sariak irabazten ari zen, eta hori ez da kontakizunean sartzen». Kritikatu egin du, horregatik, emakumeak —berdin historikoki baztertutako beste edozein subjektuk— literaturara azken hamarkadetan sartu direla esatea: «Aurreneko eleberri modernoa Mary Shelleyk idatzi zuen [Frankenstein, 1818an]James Joyceren editorea emakume bat izan zen, Virginia Woolfek T. S. Eliot editatu zuen... Emakumeak ez datoz orain, emakumeak hasieratik egon dira». Beste erreferentzia bat aipatu gura izan du, bada: Amaia Alvarez Uriak iazko urte amaieran plazaratutako Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa liburua (Testu Zaharrak), non XIV. mendetik XX.era arteko euskal emakumezko idazleek sortutako testuak bildu eta aztertu dituen. «Lan horiek ere hor daude kanona berreraikitzeko; presentismoan geratzeko arriskua daukagu bestela».

«Literatura begirada jakin batetik lantzen denean, askotan 'abizendun' literatura bihurtzen da: literatura queerra, literatura feminista, literatura 'migrantea'. Literaturaren erdigunetik kanpo kokatzen da benetan literatur sistemaren erdigunea zabaltzen ari dena»

MARIA MUR Consonniko editorea

Kanonak baztertutakoak aurrez inoiz egon gabeko leku batean baldin badaude orain, ordea, irakurleei esker daude, Arrutiren ustez. «Kritikariena baino gehiago, irakurleen iraultza izan da. Euskal Herrian batez ere. Pentsatu zenbat irakurle talde dauden, ia denak emakumeek osatutakoak, edo LGTBIQ+ irakurle taldeak. Lana batez ere irakurleek egin dute». 

Murrek ere aipatu du irakurleen esangura. Oraindik, dena den, kanonean nagusi izan den gizon zuri mendebaldarrarekiko «desoreka historiko nabarmenak» daudela uste du. Hain justu, desoreka horretan eragin asmo dute Consonniren katalogoaren bidez, «askotariko ahotsen» bila osatzen baitute: «Emakumeak, hizkuntza minorizatuetako egileak, egile arrazializatuak, ohiko kanonetik kanpo geratu diren begiradak...». Iruditzen zaio gaur egun «gero eta argiago» dagoela literatur kanona «zabaltzeko eta berrikusteko» beharra, eta, horretarako, «emakume idazleak babesteaz gain, dibertsitatea modu zabalagoan lantzeko» premia antzematen du. «Guretzat literatura ez da liburuak argitaratzea soilik; pentsamendu kritikoa zabaltzeko eta kultur eremuak irekitzen laguntzeko tresna ere bada», nabarmendu du.

Modakoak, politikoak, su lapurrak

Consonni argitaletxeko editorea izateaz gain, Bilboko Gutun Zuria nazioarteko literatura jaialdiko programatzaile ere bada Mur, eta, azken edizioan jasotako ideien artetik, Alana S. Portero eta Didier Eribon idazleei —LGTBI kolektiboko kide dira biak— entzundako gogoeta bat ekarri du hizpidera. «Aipatu zuten literatura queerra, arrazializatua edo feminista sarritan ez dela literatura unibertsaltzat hartzen. Literatura begirada jakin batetik lantzen denean, askotan abizendun literatura bihurtzen dela: literatura queerra, literatura feminista, literatura migrantea. Baina hori ere literatura unibertsala da. Didierrek eta Porterok esaten duten bezala, literatura unibertsal izateko, hain zuzen, begirada horiek behar dira. Arazoa zein da? Halako etiketak askotan literatura horiek mugatzeko erabiltzen direla, publiko jakin batera zedarrituko balira bezala. Eta, modu horretan, literaturaren erdigunetik kanpo kokatzen da benetan literatur sistemaren erdigunea zabaltzen ari dena».

Literaturaren balizko aldi berri honetan tentsioa sortzen duen beste ideia bat «modako» literaturarena da, Arrutirentzat. Iruditzen zaio beste kontzeptu bat dela historikoki kanonetik kanpo egon diren ahots, gai edo literatur forma batzuen «balioa kentzeko» hedatua: «Beharbada, gaur egun ez da modu zuzenean egingo proposamen batzuen kontra, baina bai zeharka; adibidez, amatasuna edo LGTBIQ+ gaiak modan daudela esaten denean. Moda al zen gizon indibidualista ozpinduaren kontakizuna? Edo hori unibertsala al da, per se? Subjektibotasun berriez hitz egiten ari gara, ez dira modak».

«Ernauxi kritikatzen zaionean literatura politikoa egiten duela, badirudi badagoela literaturaren bat politikoa ez dena»

IBAI ATUTXA EHUko irakaslea eta literatur ikertzailea

Denboran hurbil den beste kasu adierazgarri bat Annie Ernaux idazlearena izan daiteke. Suediako Akademiak 2022an eman zion Literaturako Nobel saria —1907an martxan jarri zutenetik, saria irabazten zuen hamazazpigarren emakumea izan zen—, eta zeresana eman zuen erabakiak. Ernauxen literaturaren ezaugarria da nagusiki bere autobiografiatik abiatzea bere lanetan, bizipen pertsonal horiek baliatzea bizitza kolektiboari begiratzeko, eta estilo lau batez egitea beti hori, leku handia eginez, gainera, batik bat femeninotzat hartu izan diren zenbait gairi. Bada, Nobel saria jaso berritan, zenbait ahots kritikok iritzi zioten mota horretako literatura ez dela halako sari batez aitortzeko modukoa, ez duela aski maila, aski konplexutasun estetiko. Beste muturrean, ordea, kanon tradizional maskulinoaren haustura gisa interpretatu zuen erabakia kritika feministak, eta literaturaren definizioa zabaltzen segitzeko urrats gisa.

Atutxak uste du kanonaren eztabaida, estetikoa ez ezik, politikoa eta kulturala den erakusle dela kasua. «Ernauxi kritikatzen zaionean literatura politikoa egitea, badirudi badagoela zerbait, literaturaren bat, politikoa ez dena», gaitzetsi du. Eta «literaturaren autonomiaren» ideiaren inguruan 1980ko eta 1990eko hamarkadetatik aurrera nagusitu den ulerkerarekin lotu du hori: «Literaturaren autonomia artea arteagatik ideiarekin lotu da asko, baina, berez, kontzeptu horrek ez dio uko egiten literaturak daukan gaitasun politiko, eraldatzaile eta emantzipatzaileari». Ikerlariaren esanetan, «artistikoa, estetikoa, kalitatezkoa» zer den boterea izan duenak definitu ahal izan du historian, literatur kritika tradizionalaren «oinarri ideologikoa» ezkutatu du, eta «estetikaren definizio oso elitista» bat nagusitzeko arriskua ekarri du horrek, haren ustez. Susan Buck-Morss kultur kritikariari hartutako ideia bat ekarri du, estetikari «ulerkera emantzipatzaileago batetik» begiratzeko proposamen gisa: «Hark esaten du estetikoa, etimologian, anestesikoaren aurkakoa dela. Beraz, estetikoa da sentiarazi egiten duena, minak azaleratzen dituena, lokartzen ez duena. Begirada horretatik, literatura eskapistaren aurkako literatura izango litzateke estetikoa». 

'Miñan', «dekreazio» lan gisa

Kanonaren eztabaidan pil-pilean den beste «gai handi bat» dekolonitatea da, Arrutiren esanetan. EHUn aritu aurretik, urteak egin ditu Eskoziako Aberdeengo Unibertsitatean irakasle, eta gertutik ezagutzen du literatur mundu anglosaxoia. Dioenez, han gehien eztabaidatzen diren gaietako bat da hori egun; Mendebaldeak munduko beste eremuekin eta kulturekin zer botere harreman kultural, narratibo eta linguistiko ezarri dituen aztertzean datza, handik kanpoko identitate, hizkuntza eta mundu ikuskerak literaturarako duen potentziala aitortzean.

«'Miñan' dekreazio lan bat da; ez da eraikitzea bakarrik, baizik eta norbere lekua deseraikiz eraikitzea. Eta hori oso lan zaila da»

NEREA ARRUTI EHUko irakaslea eta literatur ikertzailea

Oraindik ere gaiak euskal literaturan bide laburra egin duela aipatu badu ere, bada ezinbestean azpimarratu beharreko lan bat, Arrutiren iritziz: Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzallus Antiak letraz idatzitako Miñan (Susa, 2019). Baldek Gineatik Europara iristeko egindako zeharkaldia kontatu zuten liburuan, eta Anne Carson idazlearen dekreazio kontzeptuarekin erlazionatu du Arrutik. «Ideia horrek, labur, norbere baitako kreatura deseraikitzeaz hitz egiten du, norbera egin duten definizioak mugitzeaz. Eta Miñan oso ondo eraikita dago ikuspegi horretatik. Dekreazio lan bat da; ez da bakarrik eraikitzea, baizik eta norbere lekua deseraikiz eraikitzea. Kolaborazio bat da; idazlearen figura jakin bat deseraiki egiten da, eta hori oso lan zaila da. Ez da datorren jendeari lekua egitea bakarrik: posizioak moldatu egin behar dira».

Gutun Zuriaren azken edizioko jarduera profesionaletan ere propio gorde zioten leku bat, hain justu, dekolonitatearen auziari. Hizlari aritu zirenetako bat Paloma Cong Hui Chen jatorri txinatarreko idazle, poeta eta kazetari kataluniarra izan zen, eta «literatura benetan dekolonizatzea prozesu konplexu, bortitza, edo ia ezinezkoa» izan daitekeela esan zuen. Gutxienez, migratuen eta arrazializatuen begiradak kontuan hartzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta Murrek bat egin du horrekin. «Gainera, argitaratzen ditugun gaietan edo ahotsetan bakarrik ez. Ez du askorako balio edukiek kanona husteak, baldin eta ekoizpenaren eta boterearen egiturek kanon bera mantentzen badute. Batzuetan, merkatuaren logikengatik, dibertsitatea produktu ere bihurtzen baita». Horretan ikusten du erronka handi bat editoreak: «Logika feminista, queer eta dekolonialak» lan egiteko modu eta egituretan aplikatzen asmatzean. «Azken urteotan aurrerapausoak ematen ari dira, baina lan handia dago egiteko. Eta testuinguru politikoa ere ezin dugu ahaztu: ultraeskuina hor dago, egindako lan asko atzera botatzeko prest».

«Espazioren bat baldin badago Euskal Herrian literaturaren garrantziari uko egin ez diona, herri mugimenduena da hori»

IBAI ATUTXA EHUko irakaslea eta ikerlaria

Euskal literatur sistemari begira, bereziki aldaketa batek pozten du Arruti: idazle gazte asko elkarrengandik gertu ikusteak, «gizonen onespen beharretik» askeago. «Idazle gazte-gazteenen artean emakumeak dira gehienak, eta inbidia handia ematen didate haien taldeek; Behe banda, Pomada banda... Guk baimena eskatu dugu lekuetan sartzeko; nik Londresen ez nuen eskatzen, baina hemen bai. Idazle gazte askok orain ez dute eskatzen: sua lapurtu egiten dute, eta hori egin behar da, hala egin dute aurretik ere. Hauek beste modu batean ari dira literaturara sartzen; hori sekulako diferentzia da, eta kanonaren formazioan ere garrantzi handia dauka».

Hutsik geratu den gudu zelai bat?

Kanonaren egituratzea aldatuz joan den sasoi batean, baina, beste mugimendu bat ere antzeman du Atutxak: kanona, gaur egun, «hutsik geratu den gudu zelai gisa» ere interpretatu beharko litzatekeela iruditzen zaio. «Ni XXI. mendearen hasieran sartu nintzen euskal literatur kritikaren eremuan, eta hor kanona eztabaidagai garrantzitsu bat zen. Bazegoen akademiak ezarritako kanon bat, batez ere kritikatzen zitzaiona Madrilekiko subordinazioaz eraikitako kanon bat izatea, eta hor benetako eztabaidak sortzen ziren». Hartan parte hartu zuten kritikari eta taldeen izenak gogoratu ditu: Iratxe Retolaza, Joseba Gabilondo, Ur Apalategi, Amaia Alvarez Uria, Ibon Egaña, Jon Alonso, Volgako Batelariak, Sareinak... Literaturari «kultur eremua eraikitzeko indar bat» aitortzen zitzaiola uste du, eta horregatik zela kanona eztabaidagai garrantzitsua. Faltan sumatzen du hori gaur egun. «Zer gertatu da? Iruditzen zait garaipen bat egon dela eta idazle erreferentzialak dibertsoagoak direla. Lehen ez zeuden ahotsak eta komunitateak daude kanonean, baina, bat-batean, kanonaren egituratzea eraldatu denean, kanonari kultura egituratzeko ematen zaion lekua gutxitu egin da».

Inpresioa du batez ere akademiaren inguruan apaldu dela kanonaren eztabaida, baina beste leku eta formatu batzuetan jarraitzen duela haren gaineko elkarrizketak. «Espazioren bat baldin badago Euskal Herrian literaturaren garrantziari uko egin ez diona, herri mugimenduena da hori. Hor oraindik badira autoreak gomendatzen direnak, eztabaidatzen direnak... Horrela izan zen 1960ko hamarkadan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA