XX. mendeko plazandreak: «Ekilibristak eta erabakigarriak»

Amaia Alvarez-Uriak eta Cira Crespok koordinatuta, 'XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia' jardunaldiak izango dira datorren aste hasieran, Eibarren. Auzitan jarriko dute Pizkundean funtsezkoak izaniko andre haiei buruzko «bertsio ofiziala».

'Gerraurreko emakume idazleak' serierako BERRIAk sortutako irudia.
'Gerraurreko emakume idazleak' serierako BERRIAk sortutako irudia.
itziar ugarte irizar
2026ko ekainaren 26a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Haien gainean daukagun irudia hau da: esku batean, Jainkoa, erlijioa eta fedea; eta bestean, haurrak, senarra eta familia. Baina sortzaileak eta eragileak ere izan ziren; atera ziren plazara, eskatu zitzaien aberriaren alde egitea, euskal kulturaren alde egitea, baina euren rol femenino tradizionala utzi gabe, eta badaukagu tentsio bat hor. Oreka horretan aritu ziren». Eta horregatik izendatu ditu Amaia Alvarez-Uria EHUko irakasleak «ekilibrista» XX. mendearen hasieran Euskal Pizkundean aritu ziren emakumeak. Cira Crespo historialaria, ados; «ekilibristak eta negoziatzaile onak», esango luke hark: «Emakume konplexuak izan ziren, pentsamenduan bilakaera bat izan zutenak eta erabakigarriak izan zirenak Euskal Herriaren eraikuntzan, beren ekintzekin eta beren pentsamendu politikoarekin».

Ordea, haien gainean gutxi ikertu da, ikertu duena «oso bakarka» aritu da, eta «emakume kontserbadore eta katolikoen» irudi estereotipatua gailendu da, haien irudiko. «Konplexuagoa» da, haien ustez, idazten, argitaratzen, mitinak zein eskolak ematen aritu ziren andre haien bizitzetara eta obretara egin beharreko hurbilpena, eta horretarako «mugarri bat» ezarri nahi dute datorren astean.

UEUko udako ikastaroen barruan, XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia izeneko jardunaldia antolatu dute, eta Eibarko Markeskoa jauregian (Gipuzkoa) egingo dute, astelehenean eta asteartean. Sorne Unzueta, Karmele Errazti, Errose Bustintza, Mayi Ariztia, Tene Mujika, Miren Etxabe, Joxepa Antoni Aranberri, Frantziska Astibia, Feillet ahizpak, Helene Elizaga, Ignacia Zabalo eta Amale Arzelus izango dituzte hizpide, besteak beste. Ez dira izan ziren denak; bai ikertuak izan diren ia denak.

Ikusi gehiago

Hamalau hitzaldi izango dira denera, eta emakume jakin bat edo bi izango dituzte ardatz horietako askok. Batetik, orain arte haien inguruan egin diren azterlanak modu horretan egin direlako, haien ibilbidea modu pertsonalean aztertuta; eta, bestetik, jardunaldiak prestatzeko bilkuretan ikusi dutenagatik.

Alvarez-Uria: «Egin ditugun bileretan gertatu dena da bakoitza hasi dela hitz egiten berak ikertutakoaz, eta denok egon garela aho zabalik elkarri entzuten. Ateratako gauza pila bat oihartzunak izan dira, errepikatutako elementuak, kointzidentziak. Horregatik iruditu zaigu emakume hauek ezagutarazi behar genituela, plazandre hauek, baina baita ere elkarri entzunda lotuko direla zenbait gauza, eta konturatuko garela, ba, pertsonala politikoa dela. Emakume izateagatik, euskalduna izateagatik eta garai hartan bizitzeagatik gertatu zitzaien gauza asko konpartitzen dituztela».

«Ez da kasualitatea»

Gaiaren inguruan azterlanen bat egina zuen edo interesa izan zezakeen jendea bilera batera deituz hasi zuten jardunaldietara heldu den bidea. Crespok kontatu duenez, ohartzen hasi ziren bazela jendea gaiaren inguruan ikertzen ari zena, «oso modu bakartian egiten ari zena lan», eta iruditu zitzaien merezi zuela beste dimentsio bat ematea auziari, «modu orokorrago batean» pentsatzeko leku bat jorratzen hastea. «Ez da kasualitatea justu gai hau hain modu bakartian landu izana», ohartarazi du historialariak. «Interes falta egon da, eta beste gai batzuei eman izan zaie lehentasuna. Arazoa zein den badakigu: emakumeen gaia ez da serio tratatua izan, behar duen konplexutasunarekin. Bada garaia horretarako». 

«Egiteko daukagun lanetako bat, hain justu, hori da: gaia mugatzea, zehaztea nortzuk diren, noiz, non, nola, nondik nora... Hori da jardunaldi hauetan lortu nahi dugun gauzetako bat»

AMAIA ALVAREZ-URIA EHUko irakaslea

Bileretara heldu aurretik hartutako kafeak oroitu ditu Alvarez-Uriak, eta kontatu du azken hilabeteetan bileretan elkartu diren gehienak elkarri irakurrita izan zutela lehenengoz bata bestearen berri. «Testuetatik gorputzetara egin dugu, nolabait. Denok motibatzen eta pizten gaituen gai bat dugu; bakoitzak ikertu du berea, bakoitzak egin du bere bidea, baina azkenean elkartu gara, hasi gara elkarri kontatzen, eta prozesua oso polita izan da». Asmoa ez da, baina, bidea jardunaldiekin ixtea; alderantziz. Helburuetako bat aurrera begira elkarlanean jarduteko moduez aritzea dela esan du, gaiaren bueltan ari den jendea «saretzearekin» eta «bertsio ofiziala» auzitan jartzearekin batera.

Haiek izango dira, Crespo eta Alvarez-Uria, egun eta erdiko topaketan hitza hartuko duten lehenak. Eta, hain justu, jardunaldiei izena jartzeko izan dituzten zailtasun handien inguruan hitz egingo dute tarte horretan; zergatik hobetsi duten «plazandre» terminoa azkenean, zergatik eraman dituzten «loraldia» eta «etena» lehen lerrora. «Egiteko daukagun lanetako bat, hain justu, hori da: gaia mugatzea, zehaztea nortzuk diren, noiz, non, nola, nondik nora... Hori da jardunaldi hauetan lortu nahi dugun gauzetako bat».

egitaraua

Ekainaren 29a, astelehena

  • 9:30-10:00. Plazandreen loraldia, non, noiz eta nola gertatu zen?, Cira Crespo eta Amaia Alvarez-Uria.
  • 10:00-10:30. Sorne Unzueta, kemena eta sentiberatasuna, Igone Etxebarria.
  • 10:30-11:00. Karmele Errazti testuz testu, Enara San Juan.
  • 11:30-12:00. Errose Bustintza eta Mayi Ariztia, ipuinzale bi, Jon Mentxakatorre.
  • 12:00-12:30. Tene Mujika, elipsiak eta eklipseak, Nekane Goikoetxea.
  • 12:30-13:00. Miren Etxaberen langintzak eta joskintzak, Galder Unzalu.
  • 13:00-14:00. Bateratze saioa bertsolariekin: Miren Artetxe eta Eli Pagola.
  • 16:00-16:30. Joxepa Antoni Aranberri eta Frantziska Astibia errenteriarrak: plazandre bihurtze bi modu, Elixabete Perez Gaztelu.
  • 16:30-17:00. Iparraldetik margotzen: Feillet ahizpak eta Helene Elizaga, Ane Lekuona.
  • 17:00-17:30. Nor nai Ignacia Zabalo da: irudia, izatearen lekuko, Maddi Elorza

Ekainaren 30a, asteartea

  • 9:00-10:00. Emakume Abertzale Batza eta emakumeen hezkuntza, Karmele Perez, Gurutze Ezkurdia eta Begoña Bilbao.
  • 10:00-10:30. Amale Arzelus eta etxe-ikastoletako andereñoak (1940-1950), Jonan Zinkunegi.
  • 10:30-11:00. XX. mendeko emakume idazle eta kazetariak (1939ra arte), Xabier Altzibar.
  • 11:00-11:30. Perpetua Saraguetaren testuen irakurraldia, Ana Morales.
  • 12:00-12:30. Loraldiaren etena, errepresioa, erbesteratzea eta zentsura, Ione Zuloaga.
  • 12:30-13:00. Bateratzea eta itxiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA