Realeko gizonezkoen lehen taldean izar izateko bidean erorialdia izandako Frederic Peiremans futbol jokalariari hartu zioten izena 2005ean. Bakoitzak bere taldearekin bizi zuen etenaldia baliatuta elkartu ziren Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Imanol Ubeda (Bide Ertzean) eta Haritz Beristain (Kashbad), eta hala sortu zuten Peiremans+. Marino Goñi ekoizlea eta Balerdi Balerdi taldeko baxu jotzailea ere batu zitzaien gero, eta bost kantako disko txiki bat grabatu zuten —Peiremans+—; zuzeneko batzuk egin zituzten, eta tarte batean berriz ere lozorroan murgildu. 2015ean, justu taldea sortu zenetik hamar urtera, berriz elkartu, berriz bost kantako disko labur bat atera —Bigarren saria—, eta berriz kontzertu batzuk eman ondoren, berriz ere eten zuten taldearen ibilbidea. Eta orain, sare sozialetan iragarri berri dutenez, berriz ere berpiztu dute proiektua.
Aurtengo abenduan kontzertu batzuk emango dituztela iragarri dute, Halley tour deitu duten biraren barruan. Miarritzen (Lapurdi) izango da lehena, Atabal aretoan, zehazki; abenduaren 4an izango da emanaldi hori, eta, ondotik, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean joko dute (abenduaren 11n), Gasteizko Jimmy Jazzen (17an), Iruñeko Zentralen (23an), Donostiako Dabadaban (26an eta 27an) eta Bilboko Kafe Antzokian (29an). Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 11:00etan, musikaze.net/peiremans orrialdean.

Garai popzaleagoak
Etenaldi moduko batean daude taldeko musikariak orain ere. Halaxe Gorka Urbizu, esaterako. Bere bakarkako lehen diskoa kaleratu eta hura aurkezteko bira egin ostean, bakarkako bide hori etenda dauka oraingoz.
Bueltan direla iragartzeko plazaratutako mezuan, musikariek umorez egin diete erreferentzia oraingoaren aurretik ere izan dituzten itzulerei. «Peiremans+ bueltan gara, hamar urtean behin elkartzeko gure ohiturari jarraituz», idatzi dute. Eta, hain justu, argitu dute iragan aldien antzera jokatzekoak direla berriz ere: berriz piztu dira, bai, baina zuzenekoen ondotik «desagertu» eginen dira atzera. Edonola ere, nabarmendu dute «gogotsu» direla bira honetarako, «inoiz baino gogotsuago», eta, are, diotenez, dagoeneko hasiak dira «beroketa ariketekin».
Bonberenea estudioan grabatu zituen taldeak orain arteko bi diskoak, eta Karlos Osinaga Txap teknikariaren laguntza izan zuen horretarako. Pop doinuko melodiak eta rock gitarrak izan dira haien proposamenaren muina. Eta, hain zuzen ere, pop musikak Euskal Herrian historikoki izan duen harrera epela izan zuen gogoan Ubedak 2016an, taldearen bigarren disko laburraren aurkezpenean. «Lehen ere talde handiak bazebiltzan pop musika egiten, baina egia da oso bazterrean zeudela».