Argitu dira zalantza guztiak. Martxoan jada aurreratu zituzten Donostiako 87. Musika Hamabostaldiaren inguruko zenbait xehetasun. Nondik norako guzti-guztiak, berriz, gaur aurkeztu dituzte, Kursaal jauregian, zeina Hamabostaldiaren agertoki nagusia izango den beste urte batez. Bertan izan dira, besteak beste, Patrick Alfaya jaialdiaren zuzendaria eta Jon Insausti Donostiako alkatea. Zuzendariak adierazi du artistarik «onenak» biltzen saiatzen direla urtero, baina azpimarra berezia egin dio aurtengo aldiari, «inoizko hoberenak» direla uste baitu.
IKUSI GEHIAGO
Herritar bakoitzak sentimendu jakin batekin lotzen du jaialdia. Donostiako alkateak, esaterako, orekarekin: «Kursaal bezalako jauregi handi baten eta San Telmo bezalako eremu intimoen arteko oreka islatzen du. Baita klasikoaren eta garaikidearen artekoa ere. Hots, legatua azpimarratzen dugu, baina arriskatu ere egiten gara». Bertako eta kanpoko artisten arteko orekaz ere mintzatu da, eta Alfayak gehitu du aurtengo aldiak, hain justu, horixe bera duela ardatz.
Abuztuaren 2tik 30era bitarte, 60 emanalditik gora ikusteko aukera egongo da Donostian. Bihar hasiko da sarreren salmenta orokorra, 11:30ean. Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira, baita jaialdiaren webgunean ere.
1
Kursaal, agertoki nagusia
Jakina zen moduan, Juan Diego Florez tenorra jaialdira itzuliko da, eta ez edonola: berak abiaraziko du musika jaialdia, Kursaal auditoriumean. «Munduko ahotsik handienetako bat» du, antolatzaileen hitzetan, eta programa oparoa eskainiko du; hala nola Giuseppe Verdi, Gaetano Donizetti, Vincenzo Bellini, Ernesto Lekuona eta Charles Gounod konpositoreen piezak joko ditu.
Kursaal jauregia izango da Hamabostaldiaren epizentroa, eta, Florezen ikuskizunaz gain, hamaika emanaldi egingo dituzte bertan. Eta egongo dira itzulera gehiago ere, Daniel Harding orkestra zuzendariarena, kasurako. Abuztuaren 6an, Mahler Chamber Orchestra zuzenduko du, eta Daniil Trifonov bakarlaria izango du gonbidatu.
Badira lehen aldiz jaialdian izango diren orkestrak ere: The Constellation Choir & Orchestra eta Seoul Philharmonic Orchestra. Abuztuaren 22an joko du lehenengoak, Sir John Eliot Gardinen zuzendaritzapean. Bigarrenak, berriz, bi emanaldi egingo ditu, bata abuztuaren 25ean, eta bestea 26an.
2
Viktoria Eugenia antzokian Arriaga protagonista
Viktoria Eugenia antzokian ere izango da zer entzun eta zer ikusi. Abuztuaren 12an, Juan Crisostomo Arriaga konpositorea omenduko dute, haren heriotzaren bigarren mendeurrena izango baita. Euskadiko Orkestrak konpositorearen obra ezagunetariko batzuk hautatu ditu, eta Easo abesbatzaren laguntzapean interpretatuko ditu. Juanjo Menak zuzenduko du taldea.
Abuztuaren 17an, berriz, dantza izango da protagonista. Eva Yerbabuenaren konpainiak Yerbagüena (ilun distiratsua) ikuskizuna taularatuko du, flamenkoa ardatz hartuta.
3
Eskaintza garaikidea Tabakaleran
Kultura garaikideak ere izango du tartea Hamabostaldian, eta horren eszenatoki izango da Tabakalera. Duela sei urte abiarazi zuten Tabakalera Dantzan zikloa, eta horren barruan ondutako honako lan hauek aurkeztuko dituzte aurten: abuztuaren 11n, Ion Munduateren Hafuura lana; abuztuaren 13an, Paula Quintanaren Atlas de anatomia; eta abuztuaren 14an, Lorena Nogaleren Picass, Picasso inspirazio izan duen pieza ibiltaria.
Horrez gain, estreinakoz, Musika Garaikideko zikloa eta Zomozorroak ekoizpena izango dira jaialdian. Zikloaren barruan, besteak beste, saxofoi laukote bat izango da abuztuaren 10ean. Zomozorroak, berriz, Musika Hamabostaldiak eta Easo abesbatzak elkarlanean osatutako haurrentzako lana da. 360 graduko eszenatokia izango du ikuskizunak, eta musika klasikoa, narrazio dramatikoa eta elementu bisualak uztartzen ditu. Abuztuaren 7an emango dute.
4
Beste hainbeste gune
Eremu handien eta txikien arteko oreka aipatu du Insaustik; izan ere, San Telmo museoa izango da jaialdiko gune txiki horietako bat. Francesca Dego biolinista eta beste hainbat musikari entzuteko aukera egongo da bertan.
Donostiatik kanpora ere aterako dute jaialdia: Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hamabi herritan egingo dituzte hitzorduak, tartean Arantzazun (Gipuzkoa). Hainbat estilotako proposamenak egingo dituzte emanaldi horietan; hala nola musika barrokoa, Natxo de Feliperen proiektu bat, eta Oskorri taldearen argitaratu gabeko zenbait abesti.