Zer kontzertu, kontzertuak non, eta kontzertuak noiz. Ezinbestean, hiru zalantza horiek izaten dira nagusi Donostiako Musika Hamabostaldiak bere egitarauaren berri eman aurrean. Entzuleen zorionerako, dudak zenbait hilabetetako marjinarekin desagerrarazten hasteko ohitura dute jaialdiaren antolatzaileek, eta horri eutsi diote orain ere, preseski. Izan ere, 87. Hamabostaldia abiatzeko lau hilabete falta diren honetan, dagoeneko jakinarazi dute nor ariko den Kursaalen eta Viktoria Eugenian eginen diren kontzertuetan. Eta nabarmendu dituzten izenen artean da, esaterako, Juan Diego Florez tenor perutarra. Izatez, haren kantuak abiaraziko du kasik hilabete iraunen duen musika emaria. Abuztuaren 2tik 30era bitarte eginen dute.Â
Kursaaleko agertokian ariko da Florez, abuztuaren 2an bertan, hain zuzen. Emanaldi hori itzulera bat izanen da bere horretan, Florez lehendik ere aritua baita Donostiako jaialdian, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Haien esanetan, «munduko ahotsik handienetako bat» da perutarrarena. Aldi honetan, Vincenzo Scalera pianistak lagunduta ariko da kantuan tenorra, eta, iragarri dutenez, Verdi, Donizetti, Bellini, Rossini eta Lekuona konpositoreen lanak interpretatuko dituzte, besteak beste.Â
Kursaalen bertan izanen diren beste bederatzi kontzertu ere jakinarazi ditu Musika Hamabostaldiak, aurrerapen gisara. Esate baterako, abuztuaren 6an Mahler Chamber orkestraren emanaldia izanen da bertan. Musikariak Daniel Hardingen zuzendaritzapean ariko dira orduan, eta Daniil Trifonov pianistak bakarlari bezala jardunen du. Abuztuaren 13an Grigory Sokolov pianista errusiarra oholtzaratuko da Kursaalen, eta, zehaztu dutenez, Beethovenen eta Schuberten obrak interpretatuko ditu.Â
Etxeko baten bat ere bai
Atzerriko musikarien eta etxekoen arteko orekan, ordura arteko emanaldien kontrapisua izango da abuztuaren 19ko kontzertua, nolabait. Euskadiko Orkestraren, Donostiako Orfeoiaren eta Easo abesbatzaren txanda izanen da orduan. Louis Hector Berliozen Hildakoen meza handia, requiem obra interpretatuko dute, Erik Nielsen BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular ohiaren zuzendaritzapean. Gainera, tenor bakarlari gisara ariko da John Matthew Meyers.Â
Eta abuztuaren bigarren erdian guztiz sartuta, entzuleak aise izanen du Kursaalen musika klasikoaz gozatzeko parada. Besteak beste, The Constellation Choir & Orchestraren emanaldia izanen da abuztuaren 22an —estreinako aldiz ariko da Donostian—, eta Seoul Philharmonic Orchestrak bi kontzertu emanen ditu ondoko astean; abuztuaren 25ean bat, eta biharamunean, hilaren 26an, bestea.Â
Juan Crisostomo Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrenaren karietara, Arriaga harrigarria emanaldia eginen dute abuztuaren 12an Viktoria Eugenia antzokian
Ohi denez, Viktoria Eugenia antzokira ere eramanen dituzte doinuak Musika Hamabostaldian. Bertan izanen dira aurtengo programazioko proposamen esanguratsuenetako bi. Abuztuaren 12an, Juan Crisostomo Arriaga bilbotarrari eskainitako emanaldi berezi bat hartuko dute teatroan, konpositorearen heriotzaren bigarren mendeurrenaren karietara —1826ko urtarrilaren 17an bete ziren 200 urte, zehazki, Parisen zendu zenetik—. Arriaga harrigarria izena jarri diote emanaldiari. Euskadiko Orkestrak Arriagaren obra sonatuenetako batzuk interpretatuko ditu Juanjo Mena zuzendariaren gidaritzapean, eta Easo abesbatzak ere hartuko du parte zati batzuetan.Â
Kontrastean, flamenkoarekin du lotura Viktoria Eugenian izanen den beste emanaldiak. Eva Yerbabuenaren konpainiak YerbagĂ¼ena (ilun distiratsua) ikuskizuna taularatuko du abuztuaren 17an.Â

Datozen asteetan jakinaraziko dituzte aurtengo jaialdirako prestatutako jarduera gehiago. Edonola ere, dagoeneko hasiak dira sarrerak eta abonuak eskuratzeko bideak zabaltzen; Hamabostaldiaren Lagunek apirilaren 1era arte izanen dute haiek lehentasunez eskuratzeko epea, eta salmenta orokorra maiatzaren 11n irekiko dute.