Bertso leiho bat zabalik, argi orori sartzen uzteko

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena egin dute Azpeitian, hura hasteko astebete falta dela. Lehen aldiz erakutsi dituzte aurtengo sintonia, eszenografia eta irudia.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, gaur, Azpeitian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iratxe Muxika
Azpeitia
2026ko irailaren 10a
21:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zerurik balego, nik holako zerbait irudikatzen dut». Izan ironia edo izan serio, halaxe bota du Antton Telleriak Azpeitiko Sanagustin kulturguneko (Gipuzkoa) oholtzatik. Goitian dago bera, eta berrogei bat bertsolari, epaile, gai jartzaile, antolatzaile eta bertsozale dauzka behetik begira. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpen ekitaldia egin dute, eta lehendabiziko aldiz hasi da, pixkanaka-pixkanaka, trena aitzinera abiatzen. Telleriak berak egin ditu aurkezle lanak, eta Bertsozale Elkarteak estreinako aldiz jarri du entzungai abendura arte asteburuero-asteburuero bozgorailuetatik adituko den sintonia. Baina ez hori bakarrik: aurreneko aldiz erakutsi du bertsolariek zer olana izanen duten gibelean, eta zer logok lagunduko dituen udazkenak iraun artean. «Txapelketa sormen prozesu kolektibo bat da, elkarren kontra aritzekoa baino gehiago, elkarren alde aritzekoa, ezta?». Irri txikiak aditu dira eszenatokiaren beheitiko aldean.

Eta bertso munduko aspaldiko lagun bati eman dio berehala pasoa. «Ohitura zaharra degu gure hau/ behar zaiona jarraitu/ abangoardia ere bagera/ ez al dezue hau aitu?/ gure kontraesan ta paradoxez/ blaitu gaitezela, blaitu/ hitzak bereizten gaitun bezela/ hitzak elkartzen baikaitu». Andoni Egañak ez du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan kantatuko, baina, mikro bat aitzinean eta esku bat gibelean, goxoki agurtu ditu bertsokideak. Eta aldaketei egin die keinu: bertsolaritzaren, Bertsozale Elkartearen eta bertsoaren beraren bilakaerari. «Eskutan dugu Euskal Herriko/ Txapelketaren suzia/ eraitsi gendun kartzela ta orain/ kendu dugu nagusia/ iradokiaz sortu nahi dugun/ eraldaketa guzia». Izan ere, lehiaketari ez zaio gehiago Bertsolari Txapelketa Nagusi deituko, baizik eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.

Publiko artetik mugimendu bat sumatu da gero, zeinak, azkenean, oholtza gainean bukatu duen. Adarbakarra taldea zen, eta Euskal kulturaren kolonoskopia esketxaren zatitxo bat egin dute; baita kantuan aritu ere. Hala agintzen du balantzak: umorearen ondotik, seriotasun apur bat. Eta horretara igo dira Ainhoa Urien, Xabi Igoa eta Ander Elortegi Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak. «Esku artean darabilgun proiektuaren mugarri gorena aurkeztera gatoz», hasi da Urien. «Leiho handi bat da txapelketa, eta leiho batetik patxadaz begiratzen duzunean, ohartzen zara, azkenerako, leihoa bera ari dela zuri begira». Eta zer ikusten da leihotik? Zerk egiten du ispilu? «Ikasten eta hazten jarraitzeko bateragunea da txapelketa». Urienek aitortu du ahalegin handia egiten dutela txapelketak sortzen duen lurrikarari eusteko; ez baitiete edozein modutan eutsi nahi, baizik eta «indartsu eta bizirik».  

Sormen egonaldia

Mikroaren aitzinean solastatu diren guztiek kontu bera errepikatu dute: txapelketaren sorkuntza prozesua kolektiboa izan dela, eta bertsolaritza bera ere ariketa kolektiboa dela. Are, ekitaldian bertan Irati Antia eta Malen Agirre diseinatzailea eta margolaria izan dira, zuzenean sortzen. Gainera, Azpeitiko Sanagustin kulturgunearena ez da ausazko aukeraketa izan; aitzitik, handik hagitz hurbil egin dute Antiak, Agirrek eta Lumi taldeak sormen egonaldia, txapelketaren irudia, sintonia eta eszenografia prestatzeko. Dinamoa sormen gunean egin dute, eta Kulturaz kooperatibak eskaini die elkartzeko eta lan egiteko espazioa.  

Hilaren 19an hasiko da lehenengo fasea, Hazparnen (Lapurdi), eta lehendabiziko sei bertsolariek kantatuko dute han. Zazpi saio izanen ditu lehen faseak, eta saio bakoitzeko irabazlea hurrengo fasera pasatuko da zuzenean. Puntu gehien lortzen dutenekin osatuko da finalaurrekoa, kontuan hartuta 2022ko zazpi finalistak han izanen direla zain. 

Sorpresak amaierarako uzten dira beti, eta halaxe izan da gaur ere, sintonia zuzenean jo baitute Lumi taldeko Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek, Bilaka dantza taldeko lau dantzarik lagunduta. «Parez pare zabaltzear da txapelketaren leihoa; ea asmatzen dugun kolore desberdinetako argiei sartzen uzten». Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak ez du bertze aurkezpenik behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA