Gorka Azkarate.
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Bertso loraldia

2026ko martxoaren 29a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bezperan Korrikaren igarotzeak Gasteiz astindu ostean, eguraldi makurrak barrurako gonbita egiten zuen atzo. Zaleek, espero zen moduan, ez zuten hutsik egin, eta barre eta negar, denetik egiteko bidea ireki zuten bertsolariek. Arabako bertsogintzaren hitzordu nagusiak askorako eman baitzuen; izan ere, oholtzara igo ziren sei bertsolariek saioari neurria hartu, eta, bakoitzak bere ñabardurekin, euren onena ateratzeko aukera baliatu zuten hasieratik bukaerara. Arabako bertsogintza inoizko sasoikoen dagoela esatea ez da, ziurrenik, gehiegikeria.

Bertsogintzaren datu basean arakatuta hogeita bi urte egin behar da atzera Iñaki Viñasprek finalean lehenengoz noiz kantatu zuen ikusteko. Ibilbide luzea dauka bizkarrean Abetxukuko bertsolariak, eta atzo gainerako oholtzakideek baino eskarmentu handiagoa izateak eramango zuen, agian, txapela janztera. Esan beharrekoak ahobizarrik gabe esateko joera daukan bertsolaria, atzo ere kolpearen bilaketa etengabean zein aurreko bertsoaldietako erreferentziak txertatzeko lanean murgildu zen buru-belarri, eta lortu zuen, behin baino gehiagotan, Martin Abarrategirekin epaitegiko bi boligrafoen ofizioan, adibidez, edo kuadrillako lagun baten arte erakusketa baten inaugurazioan gehiegi ulertu gabe daudenen larrutik Aroa Arrizubietarekin batera egindako saioan. Behin buruz burukora igarota, halako testuinguruetan Unai Andak baino eskarmentu dezente handiagoa zuela jakitun, Iparragirreren bertsoaldiari abiadura ematea erabaki zuen. Ez zen kikildu Unai, hala ere, eta bertsoaldi hori izan zen, agian, kolpea kolpearen atzetik, bertsoaren esentziatik gertuen egon zen saioa, atzoko bi onenek pertsona beraren bikote eta maitale diren lankideen paperetik egindakoa, alegia.

Unai Andak erregulartasuna izan zuen bere armarik eraginkorrena. Zarata handirik egin gabe bertso onak kateatu zituen bata bestearen atzetik, eta amaieran debutari baten kasuan ezohikoa den patxada eta tenplearekin aritu zen kantuan, saioan erabat sartuta. Aurtengo bigarren postuak dimentsio berri batean kokatuko du aurrerantzean herrialde mailan, udazkenean izango duen oihartzuna kontuan izan gabe, noski.

Urtaro berean kantuan ariko dira Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta ere. Eskarmentu handiko bertsolaria da Abarrategi, eta ziurtasun handiz kantatu zuen mikrofonora hurbildu zen aldiro. Egoera bihurrienak ere egoki kudeatu zituen eta behetik gorako saioa eginaz bakarkako ederra bezain indartsua ondu zuen miresten duen artista batek abusuak egin dituela jakin duenaren paperetik. Gertu izan zuen buruz burukoa. Orain bi urte txapela jantzi zuen Aroa Arrizubietak ere ez zuen lan makala egin. Bakarkakoan gai zaila egokitu zitzaion agian, baina bertsoaldi hunkigarria osatu zuen ariketa horretan, besteak beste.

Buruz burukotik gertu xamar Maddi Agirre eta urrunxeago Martin Abarrategi. Maddi Agirrek sekulako txapelketa egin du, txapelketa nagusian kantatzeko txartelik gabe geratu izanak zapore gazi-gozoa utziko bazion ere amaieran, ziurrenik. Kanporaketa saioetan goi mailan aritu da kantuan eta atzoko saioan edozer lortzeko gai izan zitekeela sinestera iritsi ginen. Kantaera sendo eta seguruaz, bertso onak eta ihes egindakoren bat edo beste tartekatu zituen ariketen joanean. Martin Abarrategik, berriz, ahalegin itzela egin zuen saio osoan zehar bere lekua bilatzeko, baina gauza asko eta borobilegiak esan nahiak akats teknikoak egitera eraman zuen tarteka. Datozen edizioetan emango du zeresana, edozein kasutan, behin finalaren plaza probatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!