Bertsoari musikaz zirika

Bihar estreinatuko dute 'Bertso berriyak jartzera nua' emanaldia Maialen Lujanbio bertsolariak, Mikel Chamizo musikariak eta Sincronia hari hirukoteak, EOSen egoitzan, Donostian

Sincronia hirukoteko kideak, Mikel Chamizo eta Maialen Lujanbio, atzo, EOSen egoitzan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita-ren ahotsa entzun litekeen grabazio bakarra omen dago, 1927koa; Mikel Chamizo musikagileak Villabonako Xenpelar dokumentazio zentrora (Gipuzkoa) jo zuen haren bila, eta baita topatu ere. Esperimentu musikal bat zuen buruan: Maialen Lujanbiok Txirritari buruz kantaturiko bertso bat eta Txirritaren beraren hori pieza musikal batean uztartzea. Bi ahotsak batzea, soinu muntaketa baten bidez, alegia. «Ari naizela doinua darabilte biek; Maialenek kantatutakotik hasita, Txirritaren bertsora antzaldatuz doa pieza, eta duo moduko batean amaitzen dute».

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) egin zion eskaera Chamizori: Euskal Herriari buruzko musika pieza batzuk aurkeztu behar zituen orkestrak 2014ko Veneziako Biurtekoan, eta lujanbiotarren inguruan sorturikoa izan zen aurkeztu zutenetako bat: «Txirrita Maialenen aitona zela uste nuen gainera, eta bien arteko lotura egiteko arrazoi paregabea iruditzen zitzaidan. Horregatik egin nuen muntaketa hori». Ez dute gertuko senidetze loturarik bi lujanbiotarrek; «izatekotan, amonaren aldetik nuke zerbait; beraz, ez lehen abizenarekin loturik», zehaztu du Lujanbiok berak. Ez da senidetzea ezeztatu duen lehen aldia, ahoz ahokoaren bitartez asko zabaldua baita istorioa, baina ez zaio gehiegi axola ere. «Tira, badu bere puntu poetikoa ere». Bertsoak eta jatorriak batzen ditu, ordea, biak. Eta hemendik aurrera, Chamizoren gidaritzapean sorturiko Bertso berriyak jartzera nua proiektuak ere bai.

Lujanbiotarren inguruko bi minutu eta erdi inguruko pieza horretatik abiatuta, proiektu eta ikuskizun zabalago bat ondu dute orain, «bertsoaren dekonstrukzio moduko bat», Chamizoren beraren hitzetan. Ordubete pasatxoko ikus-entzunkizun musikala da, eta Sincronia hirukotearekin batera emango dute, bihar, EOSen egoitzan bertan, Miramongo Matineen egitarauaren barruan, 11:00etan hasita. Maialen Rezabal biolin jotzaileak, Beatriz Linares biolontxelo jotzaileak —EOSeko kideak dira biak— eta Pedro Jose Rodriguez pianistak osatzen dute hirukotea. Chamizo bera ere taularen gainean izango da, tresna elektroniko zenbait joz —ordenagailu, sanpler, Ewi saxofoi elektronikoa, piano elektronikoa...—; Maialen Lujanbio izango da emanaldia ardaztuko duena.

Bertsoa bere hartan hartu, eta bere osagai nagusietan dekonstruitzea izan du egitekoa Chamizok, betiere ikuspegi musikal esperimental baten talaiatik. «Inprobisatu egiten den poesia da bertsoa, eta, gainera, kantatu egiten dena. Hartara, bost elementutan banatu dugu: doinua, poesia, inprobisazioa, tradizioa eta esperimentazioa». Tradizioaren atalean, esaterako, Erdi Aroraino doan euskal kantuen errepertorioa jorratuko dute, «euskararekin lotuta dauden lehen musika doinu eta abestiak azalduz».

Bosgarren atalak, esperimentazioarenak, pisu berezia izango du, «hutsunera egindako jauzi bat» izango baita. «Ezin dugu asko aurreratu, guk geuk ez baitakigu ondo zer pasatuko den, nahiz eta zirriborro moduko bat badaukagun», adierazi du Lujanbiok. Lau musikariekin batera lehen entsegu orokorra egin aurretik bildu dira BERRIArekin Lujanbio eta Chamizo.

Lehen ere lan egina zen beste musikari batzuekin Lujanbio; baita esperimentazioaren bidetik bertsoaren, hitzaren eta musikaren arteko «talka eta arrakalak» bilatu eta topatutakoa ere, Xabier Erkiziarekin batera egindako Ornitorrinkus-en eta Txori Mugariak-en, esaterako. «Saiatuko gara bat-bateko elkarrizketa bat egiten bion artean, Txirritaren testu labur bat oinarri hartuta, ni hitzekin eta Mikel soinuekin».

Chamizok «bereziki» estimatzen du bertsolariek duten «inprobisaziorako adorea», eta, bere burua musikari inprobisatzailetzat ez duen arren, elektronikaren bitartez zenbait zati inprobisatzen saiatuko da: «Bertsolariek oso ikuspegi poetikoa dute bertsolaritzaren inguruan; nire ikuspuntutik, guztiz musikala den arte bat da bertsolaritza, azken batean melodia batean oinarrituta inprobisatzen baitute».

Lujanbiorentzat, interesgarriena da «besteen», bertsoaren mundutik kanpo daudenen ikuspegia jasotzea: «Gure kantaera inperfektua da ikuspegi akademiko klasiko batetik, eta interesgarria izan liteke hezkuntza klasikoa jaso duten musikariekin aritzean sor daitezken arrakalak edo kontrasteak arakatzea». Chamizok berak bertsolarien kantatzeko «modu inperfektu hori» estimatzen du: «Hori baliatuko dugu, musikarekin ere askeago aritzeko, soinu ez hain garbia ateratzeko, jolasteko».

Oraingoz, saio bakarra izango da biharkoa. «Gero ikusiko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.