Ikusgai dago Bertsolaritza: denboraren joanean irautea dokumentalaren aurreneko atala: Bertsogintzaren kontzeptualizazioa. Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Kepa Matxain dira solaskideak, eta honako lan hau jarri die BERRIAk: bertsogintza kontzeptura hurbilpen integral bat proposatzea.
BERRIAko ikus-entzunezko lantaldeak bortz gai hartu ditu hizpide, eta, hala, gai horien gaineko bortz ataletan banatu du dokumentala. Gaurkoaren gibeletik etorriko dira bertze laurak, asteazkenero-asteazkenero, urriaren 14ra arte: genero disidentziaz, gaiez eta gai jartzaileez, plazez, eta bertsolaritzaren etorkizunaz arituko dira, hurrenez hurren. Egunkariaren webgunean, Youtuben eta sare sozialetan argitaratuko dira denak, eta, behin azkeneko atala publikatu ondotik, oso-osorik izanen da ikusgai.
Hilaren 23an, beraz, bigarren atala aterako da argira: Genero disidentzia. Eta bertze solaskide batzuk arituko dira han: Maider Arregi, Roxi Lazkano, Kristina Mardaras eta Jone Miren Hernandez.