Artea

Bi hamarkadaren ostean, bere burua berrabiatzeko atarian jarriko da Getxophoto

Guztira, 23 erakusketako programa eskainiko du jaialdiak maiatzaren 28tik ekainaren 21era bitarte. Festibalaren etorkizunari buruz gogoeta egiteko bilkura orokor bat ere antolatuko dute.

Mohammad Rakibul Hasan argazkilariaren 'The Blue Fig' argazki serieak Bangladeshen klima aldaketak duen eragina aztertzen du. MOHAMMAD RAKIBUL HASAN
Mohammad Rakibul Hasan argazkilariaren 'The Blue Fig' argazki serieak Bangladeshen klima aldaketak duen eragina aztertzen du. MOHAMMAD RAKIBUL HASAN
Inigo Astiz
Getxo
2026ko apirilaren 29a
16:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atea erabat ixteko aukera mahai gainean dagoela onartu du Jokin Aspuru Getxophoto jaialdiko zuzendariak lehenik, baina haren beste aldetik iristen diren argi printzez hitz egitera pasatu da berehala. «Jarraitzen badugu», hasi du azalpena, «eta, beraz, beste jaialdirik baldin badago», jarraitu du gero, eta, azkenik, «haren hurrengo komisarioa emakumezkoa izango da», borobildu du esaldia. Bai baina ez, beraz. Hogei urte beteko ditu aurten festibalak, eta, guztira, nazioarteko lehen lerroko 23 argazkilariren lanak bilduko dituen programa zabala eskainiko du maiatzaren 28tik ekainaren 21era bitarte Getxon (Bizkaia). Baina ospakizun huts bat baino gehiago izango da aurtengoa. Maria Ptqk artistak egin ditu komisario lanak aurten ere, laugarren urtez, eta hautatu duen leloa ere ez du kasualitatez hautatu: Reset.

Ez da keinu erretoriko hutsa. Bi hamarkadako talaiatik, jaialdiak etorkizunean hartu behar lukeen itxura aztertzeko topaketa berezi bat ere antolatuko dutelako jaialdian. Ekainaren 6an izango da hori, Punta Begoñako galerian, eta Asanblada orokorra izena jarri diote. Orain arteko ibilbide luzean jaialdiaren parte izan diren komisarioak, artistak eta zaleak deitu dituzte Getxophotorekin nola jarraitu erabakitzen saiatzeko. Baita, Aspuruk onartu duenez, azken muturrera helduz gero, harekin jarraitu behar ote den erabakitzeko ere.

Atzera begirako horrek pisua izango du gainerako programazioan ere. Alde batetik, jaialdiaren hogei urteko ibilbidea biltzen duen artxibo digitala sortu dute. Jaialdian izan diren artista guztien —350 baino gehiago— biografiak kontsultatu ahalko dira bertan, bai eta Getxon ikusgai jarri izan dituzten lanen irudiak ere, besteak beste. Gainera, jaialdiak iraun bitartean, formatu fisikora ere eramango dute artxibo erraldoi horren parte bat. Inventarium deitu dute hautaketa hori, eta Algortako merkatuan egongo da ikusgai.

«Jarraitzen badugu, eta, beraz, beste jaialdirik baldin badago, haren hurrengo komisarioa emakumezkoa izango da»

JOKIN ASPURU Getxophotoko zuzendaria

Horrez gainera, atzera begirakoa izango da erakusketa programazioaren zati esanguratsu bat ere. Izan ere, aurrez jaialdian izandako zazpi artistaren lanekin osatu dute aurtengo 23 erakusketako programazioa. Nobedadeen morrontzari ihes egiteko hartu dute erabaki hori, Maria Ptqk komisarioak azaldu duenez. Besteak beste, Cristina Middel argazkilariak 16. Getxophoton aurkeztutako Snap Fingers and Whistle da berriz ere ikusgai jarriko duten serie horietako bat. Baina, antolatzaileek zehaztu dutenez, jaialdiko leloari jarraituz, berria izango da haiek aurkezteko modua, irudiak orduko berak izango badira ere.

Gernika gogoan

Jaialdiaren bi hamarkadak hartu ditu gogoan Judith Melsio argazkilari bilbotarrak ere jaialdirako sortutako 20 urte izeneko proiektua sortzeko. Festibalak bezala aurten 20 urte betetzekoak diren 33 gazteren erretratuak egin ditu, zehazki, eta Algorta auzoko Urgull eraikineko leihoetan jarriko ditu ikusgai.

Ospakizunez eta berrikuspenez harago, aurten ikusgai egongo diren bi erakusketa ere nabarmendu ditu komisarioak. Alejandro Acinen El último lunes proiektua da haietako bat. 1936ko gerra eta Pablo Picassoren Gernika koadroa dira haren bi abiapuntuak, eta, adimen artifiziala eta artxibo lana uztartzen ditu. Gaur egun Kutxa fundazioak gordetzen dituen gerra garaiko 25.000 irudi baliatu ditu Acinek proiektua sortzeko, eta adimen artifizialaren laguntzaz uztartu ditu Picassoren margolanaren iruditeriarekin. Jaialdiak iraun bitartean, gasolindegian topatuko dute haren zati bat Getxora bertaratzen direnek.

«Aurtengoa ez da ospakizun hutserako jaialdi bat izango, atzera begiratzekoa ere izango da»

MARIA PTQK Getxophotoko komisarioa

Horrez gainera, Yunping Li argazkilariaren lana ere nabarmendu du Maria Ptqk-k. Txinan jaio arren, Eibarren (Gipuzkoa) hazia da artista, eta bere genero trantsizioaren eta kultur joan-etorrien berri ematen duen argazki serie batekin izango da aurten Getxophoton.

Orain artean, hiru urtean behin aldatu izan du komisarioa Getxophotok, baina lau urte egingo ditu aurten Maria Ptqk artistak lan horretan, eta, hortaz, haren azken urtea izango dela ere zehaztu dute. Pause! leloarekin antolatu zuen 2023ko jaialdia, Play izenburua jarri zion 2024koari, Rec 2025ekoari, eta Reset hautatu du aurtengo. «Aurtengoa ez da ospakizun hutserako jaialdi bat izango», adierazi du, «atzera begiratzekoa ere izango da».

artistak eta proiektuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA