Ia leihatila irekitzeko keinua egiterako ekin behar izan zioten hura ixteari. Peiremans+ taldeak asteazken eguerdian jakinarazi zituen abenduan emango zituzten zazpi kontzertuen nondik norakoak, eta seguruenik atzo saldu izango ziren sarrera guztiak, baldin eta haiek erosteko izan zen jende oldeak webgunea blokeatu ez balu. Donostiako bi saioetarako sarrera guztiak, esaterako, minutu bakarrean amaitu ziren, eta gero egin zuen gainezka salmenta gune digitalak. Harrera hori ikusita, biran bi kontzertu gehiago antolatu dituztela jakinarazi zuten atzo, eta gaur zabalduko dute berriz sarrerak eskuratzeko aukera, hemen.
Ikusi gehiago
Hamar urteko etenaldi baten ostean itzuliko da taldea oholtzara, eta berehalako erantzuna jaso dute taldekideek. Esker ona adierazi zuten horregatik sare sozialetan. «Pasada bat Peiremans+en itzulerarekin jasotzen ari garen ilusio eta maitasun oldea ikustea». Eta atzo ere igarri zuten berotasun hori, sarrerak salgai jartzeko orduan. «Bistan da gure aurreikuspenak erruz gainditu dituzuela», onartu zuten taldekideek sare sozialetan, salmenta eteteko erabakia hartzearekin batera.
Donostiako Dabadaba aretoko sarrerak lehen saialdian amaitu ziren, esaterako, eta ia-ia kolpean. 11:00etan ziren sarrerak salgai jartzekoak, eta minutu bakarra pasatzerako jadanik amaituta zeuden sarrera guztiak. Publikoaren harrera hori ikusirik, beste bi kontzertu iragarri zituzten taldekoek atzo, eta, beraz, bederatzi emanaldi egingo dituzte azkenean. Beste kontzertu bat emango dute Azpeitian, abenduaren 10ean, eta baita Bilboko Kafe Antzokian ere —abenduaren 28an izango da hori—.
Halley tour deitu dute bira. Kometak bezala, iragarritako kontzertuak emateko berriz agertu ondoren berriz ere desagertzeko asmoa baitu taldeak. Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi) izango da lehen zuzenekoa, abenduaren 4an, eta ondotik etorriko dira Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunekoak (abenduaren 10 eta 11n), Gasteizko Jimmy Jazzekoa (17an), Iruñeko Zentralekoa (23an) eta Dabadabako biak (26an eta 27an), eta Bilboko Kafe Antzokiko biak izango dira azkenak, abenduaren 28an eta 29an.
Gogotsu
Euren beste proiektuen etenaldiak baliatuta, 2005ean sortu zuten taldea Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Imanol Ubedak (Bide Ertzean) eta Haritz Beristainek (Kashbad), eta Marino Goñi ekoizlea eta Balerdi Balerdi taldeko kidea ere batu zitzaizkien gero. Taldearen izen bereko bost kantako disko bat kaleratu zuten orduan —Peiremans+—, eta, hainbat kontzerturen ondoren, bertan behera geratu zen proiektua. 2015ean, beste etenaldi bat baliatuta, berpiztu egin zuten taldea, eta bost kanta biltzen zituen disko bat ere kaleratu zuten: Bigarren saria. Kontzertu batzuk eman, eta berriz «lozorroan» sartu zen proiektua, taldekideek azaldu zutenez.
Hamar urteren buruan, ordea, bigarrenez berpiztu dute taldea orain. Aurreko aldietan egin bezala, oraingoan ere kontzertu bira hori eskaintzeko agertu ondoren, berriz ere desagertzeko asmoa du taldeak. Atzo sare sozialetan zabaldutako mezuetan esan zutenez, baina, «inoiz baino gogotsuago» daude bigarren pizkunderako. Eta, sarrerak ere agertu ahala desagertu direla ikusirik, publikoa ere gogotsu dela esan daiteke.