Bertsolaritza

Bihar egingo dute Xilaba txapelketako lehen finalaurrekoa, Baigorrin

Sei bertsolari ariko dira kantuan: Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Mizel Mateo eta Nahia Sasco. Bigarren finalaurrekoa hilaren 17an jokatuko da, eta final handia, hilaren 31n.

Aitor Servier nagusitu zen bigarren faseko hirugarren eta azken saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
Aitor Servier nagusitu zen bigarren faseko hirugarren eta azken saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 9a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren 8an Bidarten (Lapurdi) hasitako bidea hondarretara iristen ari da. Nafarroa Behere, Lapurdi eta Zuberoako Xilaba txapelketa urtarrilaren 31ko final handira begira jarrita dago, eta datozen bi asteburuetan erabakita geratuko da Donibane Lohizuneko (Lapurdi) finalean zer bertsolari oholtzaratuko diren. Aurrez, bi finalaurreko jokatuko dituzte bertsolariek: lehena asteburu honetan izango da, Baigorriko Plaza Xokon (Nafarroa Beherea), bihar bertan, eta bigarrena hilaren 17an, Bardozeko ezkerparetan (Lapurdi). Bi saioak 17:00etan izango dira.

Bideek bidea lelopean abiatu zuen Xilaba txapelketa, duela bi hilabete inguru. Aurten, bi fasetan antolatu dute bertso txapelketa: lehen fasean lau saio egin dituzte, eta bigarrenean beste hiru. Horiek eginda, abenduaren amaierarako osatuta geratu zen finalaurrekoetara pasatuko ziren bertsolarien zerrenda: denera, hamabi bertsolari sailkatu ziren.

Biharko lehen finalaurrekoan haietako sei ariko dira kantuan, eta hilaren 17ko bigarren finalaurrekoan beste sei. Baigorrin oholtzara igoko diren sei bertsolariak hauek izango dira: Elixabet Etxandi, Haria Aizpurua, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Mizel Mateo eta Nahia Sasco. Gai jartzaile, berriz, Joana Itzaina ariko da, eta epaile gisa Abel Zabala, Maialen Berra, Iban Thicoipe, Jon Garmendia, Lur Renteria eta Eneko Bidegain Aire.

Baigorrin irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da urtarrilaren 31ko finalerako; beste bertsolariek, ordea, bigarren finalaurrekoaren puntuazioari so egon beharko dute, han erabakiko baita nork kantatuko duen finaleko saioan.

Biharko saiorako sarrerak Bertsozale Elkartearen webgunean eskura daitezke— gaur 15:00etan amaituko da horretarako epea—, eta egunean bertan ere aukera egongo da han erosteko, 16:00etatik aurrera.

Sei bertsolari finalera

Bigarren finalaurrekoan, beste sei bertsolari ariko dira: Aitor Servier, Irantzu Idoate, Karlos Aizpurua, Maddi Ane Txoperena, Patxi Iriart eta Ramuntxo Christy. Gai jartzailea Ekhi Erremundegi izango da. Saio horretarako sarrerak salgai paratu dituzte webgunean.

Sei bertsolarik jokatuko dute finala hilaren 31n. Donibane Lohizunen (Lapurdi) egingo dute kantaldia, Jai Alai pilotalekuan. Aurreko aldietan ez bezala, Xilabako finalerako sailkatuko diren sei bertsolarietatik bostek lekua izango dute Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko —hiru baino ez ziren sailkatzen orain arte—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.