Atzoko bideek egungo bidea osatzen eta eraikitzen dutela iradokitzen du aurtengo Xilaba txapelketako leloak. Beraz, Bideek bidea lelopean hasiko da txapelketaren ibilbidea ebiakoitzean, urtarrilaren 31 bitarte. 17:00etan hasirik, kantuan arituko dira Maddi Ane Txoperena, Oier Urreizti, Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Nahia Sasco eta Karlos Aizpurua, Bidarteko (Lapurdi) herriko antzokian.
Orotara, 24 bertsolarik, bederatzi gai emailek, bederatzi epailek eta ehunka bertsozalek osatuko dute txapelketa. Lehen faseak lau saio izanen ditu: ebiakoitzekoa, hilaren 15ekoa Domintxainen (Nafarroa Beherea), 22koa Ainhoan (Lapurdi) eta 30ekoa Ligin (Zuberoa). Bigarren faseak hiru saio barnebiltzen ditu. Abenduaren 6an hasiko da Aiherran (Lapurdi), 13an Muskildin (Zuberoa) segituko du, eta Hiriburun (Lapurdi) bukatuko du bidea, hilaren 21ean. Lehen eta bigarren faseko saio guziak 17:00etan izanen dira. Tenore berean beti, finalaurrekoak urtarrilaren 10ean eta 17an eginen dira, Baigorrin (Nafarroa Beherea) eta Bardozen (Lapurdi) hurrenez hurren.
Aitzineko aldietan ez bezala, Xilabako finalerako sailkatuko diren sei bertsolarietarik bortzek lekua kausituko dute heldu den urteko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko —hiru bertzerik ez ziren sailkatzen orain artio—. Ipar Euskal Herrirako bi leku gehiagoren negoziatzea lortu dute, baina Arabako eta Nafarroako txapelketetarik ere bi bertsolari gehiago sartuko dira Txapelketa Nagusira, eta, beraz, saio bat gehiago antolatu beharko dute heldu den urteko lehen kanporaketa fasean.
24 bertsolarien artean, bederatzi emazteak dira, 2021eko txapelketan baino bi gehiago. Belaunaldi franko errepresentatuak izanen dira, bertsolari gazteenak 19 urte baititu, eta zaharrenak, berriz, 54. Horrela, Xilaba urte osoko lanaren erakusleihoa dela azpimarratu zuen Bertsularien Lagunak elkarteko zuzendari Aritz Bidegainek aurkezpen prentsaurrekoan, buruilaren 30ean.
Final arraberritua
Amets Arzallusek jakinarazi zuen ez zuela aurtengo Xilaban parte hartuko, eta, bertzalde, Sustrai Colina eta Odei Barroso ere ez dira txapelketako bidera batu. Finaleko argazki berri bat eskainiko du aurtengo Xilabak, eta bertze bertsolariei harat arribatzeko xantza gehiago emanen dizkie. Honako hauek dira kantuan ariko diren 24 bertsolariak: Oier Urreizti, Haize Lekuona, Aitor Servier, Pettan Prebende, Elixabet Etxandi, Mizel Mateo, Bittor Thikoipe, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart, Irati Alcantarilla, Karlos Aizpurua, Maddi Ane Txoperena, Xermin Camblong, Beñat Larrori, Joanes Etxebarria, Miren Artetxe, Nahia Sasco, Ramuntxo Christy, Josu Txoperena, Haira Aizpurua, Xan Alkhat, Johaine Sarraillet, Irantzu Idoate eta Battitt Crouspeyre.
Grafismo koloretsua
Marga Berra Zubietak diseinatu du txapelketako irudi grafikoa. Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren orotariko bideak islatu nahi izan ditu, bertso liburuxkaren kode guziak hautsi gabe. Koloretsuak dira bideak, eta puska koloretsuak bata bertzearen atzetik emanez osatu du bertsolaritzaren bidea, bide guziak baturik mendi bat sor dezaten. Bertzalde, grafistak Sabina Hourcade argazkilariarekin kolaboratu du, hark hartu baitzituen txapelketako parte hartzaile guzien potretak.