Ismael Manterola
Begiz

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

2026ko urriaren 20a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua. Museoaren espazioa zabaltzeko egindako eraikuntza lanak bukatu ondoren, itxura berria hartu du parkeko erakundeak. Hitz bakar baten bidez deskribatu beharko bagenu, «ikusgarria» izango litzateke, eta horri beste adjektibo bat gehitu behar bagenio,«handia» izango litzateke, horixe izan baita Foster eta Uriarte arkitektoen helburua. Bezeroek hala eskatuko zieten seguru asko, eta, profesional onak direnez, ondo baino hobeto bete dute eskatutakoa: eraikin handia eta ikusgarria, hiriko beste museoaren aurrean txiki eta ezdeusa sentitzen zen museoarentzat. Hemendik aurrera Bilbora biltzen diren bisitariek beste ikono arkitektonikoa ikustera joan beharko dute.

Bildumaren berrantolaketa ondo geratu da. Jatorrizko eraikinean eta 70eko zabalkundean zehar kokatu diren artelanen diskurtso museografikoa gaurkotua eta egokia iruditu zait. Ibilbidean ikasi eta artelanez gozatu daiteke, urteetan biltegietan baztertuta egon diren hainbat lan ikusteko aukera dugu eta, arte garaikideko lanak klasikoen artean tartekatzea nire gustukoa ez bada ere, onartu behar dut irizpidez egindakoa dela.

Beste kontu bat da berriak diren espazioetara iristen garenean. Kanpotik arkitektura berezia bada ere (Agravitas izeneko eraikinak pisua hartu duen arren), barne espazioak ez dira politak, edo interes arkitektonikorik gabekoak dira, sarrera izan ezik. Onartu behar dut Arriagari eskainitako sarrera ikusgarria dela, altuera izugarrizkoa, eta egiturari eusten dioten V formako zutabeek berezitasuna ematen diote. Hala ere, parkeari tokia kendu arren, bospasei artelan aterpetzea besterik ez du lortu; gainera, horietako bat Durriok Arriagaren omenez egindako iturria da. Melpemone musak aurrerantzean ezingo dio zeruari konturik eskatu Arriagaren heriotza goiztiarra dela eta, eraikin baten barruan kaiolatu baitute. Zoritxarrez, monumentu publiko zena eskultura bihurtu dute.

Zabalkundearen beste espazioak museoaren goialdean eraiki dituztenak dira. Diseinuari eta arkitekturari eskainitako solairua zaila da sabaia baxuegia delako eta metalezko egiturak oztopo direlako; gainera, bertan ikusgai dauden objektuek ez dituzte betetzen erakusketa baten gutxienekoak, hau da, objektu solteak besterik ez dira, diskurtsoarekin inongo loturarik gabeak. Azkenik, izarra izan behar zuen espazioa, tartaren ginga, alegia, izugarria da, zentzu guztietan, handia delako (handiegia?) eta ez delako erraza izango erakusketak antolatzeko. Ez da erakargarria, eta ikusgai jarri diren artelanak txiki bihurtzen ditu gizakiaren eskala gainditzen duen eta dantzarako egokiagoa den areto horrek. Argi zuriak ez dio mesede handirik egiten, eta bertan dauden hamar artelan inguruk ez dute justifikatzen zabaltzeko lanetan gastatu dugun dirutza. Hemendik aurrera, Arte Ederren Museoak Guggenheim museoak erabiltzen duen irizpidea erabili beharko du artelanak erosteko orduan: handiak izatea, Fosterrek eta Uriartek eraikitako aretoa bete nahi badu, behintzat.

Espazio hotz edo aseptikoei buruz hitz egiten ari garenez, ez dut aipatu gabe utzi nahi Oteiza deunari eskainitako kaperatxoa. Oteizari otoitz egitera sartu nintzenean, dentistaren kontsultan topatu nuen; beraz, espazioak ez zidan aukera handirik eman goxo eta barneratuta egoteko. Testuingururik gabe eta argitasun zuri harekin, zaila egin zitzaidan eskultorearen lana gozatzea edo ulertzea.

Azkenik, ezin dut alde batera utzi espazio berrietara iristeko erabili behar diren eskailerek eta igogailuak eragiten duten nahasketa. Inongo irizpiderik gabe, lurrean artelanak botata dauzkaten korredore zuri inpertsonaletan gal gaitezke ez badugu eskailera egokia aukeratzen. Adibidez, 6. aretora ez gara iritsiko ez badugu eskailera egokia igotzen. Eta pena da, bertan Rafael Ruiz Balerdi artistaren marrazkiei eskainitako erakusketa ederra dagoelako.

Bukatzeko, jakin nahiko nuke zergatik zabaldu duten museoa PlĂ¡cido Arango eta Patricia Phelps de Cisneros bildumazaleen artelanekin. Museoaren historia bildumazaletasunean oinarrituta badago ere, bertako testuinguruari keinua egitea espero nuen, eta ez hain urrun geratzen zaizkigun bilduma handiei.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA