Literatura

Biljana Isailovic-ek irabazi du Etxepare itzulpen saria, Bernardo Atxagaren 'Zazpi etxe Frantzian' serbierara eramateagatik

Epaimahaiak itzulpen lan «zaindua» dela argudiatu du, are, «bikaintzat» jo du. Treci Trg argitaletxea ere saritu dute, eleberria plazaratzeagatik.

Isailovic —ezkerretik hasita hirugarrena— eta Matic, erakundeetako ordezkariekin, gaur egindako aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isailovic —ezkerretik hasita hirugarrena— eta Matic, erakundeetako ordezkariekin, gaur egindako aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko azaroaren 12a
14:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez bat, ez bi. Bernardo Atxaga idazlearen zortzi lan irakurri daitezke serbieraz 2009az geroztik. Biljana Isailovic itzultzailea da horren erantzule, besteak beste, Soinujolearen semea, Zeru horiek, Obabakoak eta Zazpi etxe Frantzian dira serbierara itzuli dituen nobeletako batzuk. Hain zuzen, azken horrexegatik jaso berri du Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria. Treci Trg argitaletxeari ere eman diote saria, eleberri hori plazaratzeagatik. 6.000 euroko ordainsaria jasoko dute; 3.000 euro bakoitzak.

Epaimahaiak «bikaintzat» jo du Isailovicen lana, erabilitako hizkuntza Serbiako irakurleentzat «naturala eta arina» dela argudiatuta. Itzultzaileak jatorrizko obraren estiloa, tonua eta giroa gordetzea lortu duela ere iruditu zaie. Funtsean, «itzulpen lan zaindua» dela aipatu dute. Bestalde, irabazleak orain artean egindako ibilbidea ere aintzat hartu dute; denera, 55 bat literatur lan inguru itzuli baititu. Tréci Trg argitaletxeak serbierara eramandako Atxagaren zortzi lanetatik bost plazaratu ditu. Argitaletxeak Serbiako liburu azoka eta literatura jaialdietan liburuei egindako sustapena ere goraipatu dute. 

Aurtengoan hamabost hautagaitza aurkeztu dira sariketara. Honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak, Imanol Otaegi eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko kideek eta Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak.

Ibilbide luzea

Isailovicek 1985ean amaitu zuen Espainiar filologiako gradua, Belgradeko Unibertsitatean. Espainiako eta Latinoamerikako zenbait idazleren lanak itzuli izan ditu; Jose Luis Borgesenak, Gustavo Adolfo Bequerrenak, Benito Perez Galdosenak eta Carmen Martin Gaiterenak, esaterako. Atxaga da itzuli duen euskal idazle bakarra, baina Euskal Herrian jaiotako beste bi idazleren lanak ere eraman ditu serbierara, Miguel Unamunorenak eta Pio Barojarenak, hain zuzen. Bere lanarengatik makina bat aitortza jaso izan ditu.

Treci Trg, berriz, 2004an sortutako argitaletxe independentea da, literatura eta kultura garaikidea sustatzea duena helburu. Batez ere, Europako poesian eta narratiban espezializatuta dago. Hogeita bost herrialde baino gehiagoko 450 bat liburu daude euren katalogoan; poema liburuak, eleberriak, ipuinak, saiakerak eta baita antzezlanak ere. Literatur lanak argitaratzeaz gain, topaketak eta jaialdiak ere antolatzen dituzte, Belgradeko Europako poesia jaialdia da horietako bat. Gaur egun, Dejan Matic poeta da argitaletxeko editore burua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA