Iñigo Muguruza zenak 60 urte beteko zituzkeen eguneko omenaldi kontzertuan abiatu zuen Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak bere mundu bira, eta ia urtebete eman zuen horretan. Haren bidez, hortzak erakutsi zizkion faxismoari eta batean zein bestean pairatutako zentsurari, 40 urteko ibilbidea ospatzearekin batera. Munduan barrena emandako kontzertuen irudiak, emozioak eta gertaerak film dokumental batean batu ditu Muguruzak orain. Ander Merino Etxebeste izan du bidaide prozesuan, eta hain berea duen aizkoraren sinbologiaz egituratu du lana. Oihana Barrena aizkolariak darama filmaren haria.
Bihar izango da filmaren lehen pasea, Belodromoan —aurrez saltzeko ziren sarrerak amaitu dira honezkero, eta leihatilan ehun baino ez dira izango—. Baina, hori baino lehen, Muguruzak kalejira bat antolatu du biran izandako musikariak, adiskideak, jarraitzaileak eta zenbait kolektibotako partaideak lagun dituela. Belodromoaren ondoko Xanti tabernatik abiatuko da.

Emozioz beteriko urte osoko bira baten ostean, nola heldu da dokumentala?
Oso prozesu luzea eta zaila izan da. Buru-belarri aritu gara horretan, bederatzi hilabetez. Hasieran ikaragarri sufritu nuen: kontzertu guztiak, abesti guztiak, egoera guztiak berriro errepasatu behar. «Zurrunbilo baten barruan sartuta nago! Atera beharra dut hemendik!», esaten nion neure buruari. Zuntz haustura bat ere izan nuen kontzertu batean, eta, nire aurpegia ikusita, banekien sufritzen ari nintzela, minez nengoela.
Bestalde, bira baten ondoren tarte bat hartzen dut beti, arnasa hartzeko, eta oraingo honetan ez dut horretarako aukerarik izan. Baina, gero, filmari forma ematen hasi nintzenean, eta atal bakoitzari zer eta nola lotu antolatzen hasi ginenean, gozatzen hasi nintzen.
Oso film bizia da. Irudi, dokumentu, gertaera eta elkarrizketa txiki mordo batez zipriztinduta dago.
Kontzertuek eta oro har birak daukaten bizkortasun hori eman nahi izan diogu filmari ere. Baina, nik diodan bezala, ez da bira bat izan; bira guztien ama izan da, orain arte egindako bira guztien bilduma. Merino harritu egiten zitzaidan: toki batera iritsi, Zuricheko Rote Fabrik-era adibidez, eta urte askoko historia agertzen zen. 80ko hamarkadan iritsi nintzen hara, hain zuzen tokia okupatzen ari zirenean. Gaur egun nahiko instituzionalizatuta dago, oraindik ere erabakiak asanbladetan hartzen diren arren. Haientzat garrantzitsua zen gu han izatea, haien aldi guztietan egon delako nire musika han. Hango argazki batean, Polizia ageri da, eta alboan, Kortaturen kartel bat.
«Kontzertuek eta oro har birak daukaten bizkortasun hori eman nahi izan diogu filmari ere. Baina, nik diodan bezala, ez da bira bat izan; bira guztien ama izan da, orain arte egindako bira guztien bilduma»
Biretako dokumental asko ikusi dut, besteek zer egiten duten ikastearren, baina hau beste era batera landu behar nuela konturatzen nintzen. Lehenagotik egondako toki askotara joan naiz biran, eta jende askorekin elkartu naiz; denbora tarte horretan militantziaz jarraitu duen jendearekin eta gazteagoekin.
Ehundik gora lagun elkarrizketatu dituzue.
Horiek gerora ikusi ditut nik, eta ikaragarri gozatu dut. Baina, era berean, ez nekien zer egin. «Nola kabiaraziko dut hau guztia?! Ezin dut serie bat egin!», esaten nion neure buruari.
Pertsona kementsu eta menderaezinaren irudia duzu. Baina nekatuta, hauskor eta minbera ageri zara filmean.
Odissey filma ikusi nuenean, pentsatu nuen guk ere egin dugula halako bidaia bat. Mota guztietako munstroak agertu zaizkigu, bidaia galarazten eta zentsura ezartzen saiatu dira, eta izan ditugu Mexikoko armada bezalako ziklopeak arma luzeak eskuan eta hatza katuan, tiro egiteko prest. Uler bedi ez dela batere erraza toki batzuetara joatea, non jendea zure kontrako kanpainan dabilen, giroa berotzen. Ez da batere erraza makilakadak jasotzea handik eta hemendik, eta horren aurrean «hemen gaude» esatea. Badut adin bat, eta bizitza osoan jasandako presio hori ez zait merke atera. Horri leporatzen diot nire artrosia, baita beste hainbat min ere. Eta horri guztiari Iñigoren heriotza gehitu behar zaio. Talde terapia egin behar izan dugu bira honetan, harekin batera sortutako kantu asko kantatu behar genituelako.
«Ez da batere erraza makilakadak jasotzea handik eta hemendik, eta horren aurrean «hemen gaude» esatea. Badut adin bat, eta bizitza osoan jasandako presio hori ez zait merke atera»
Zikloperik gabe ere, gogorrak eta nekagarriak izaten dira birak. Apropos nabarmendu duzue hori?
Inora joan behar izaten genuenean, askotan esaten ziguten Iñigori eta bioi: «Ez al duzue inor behar maletak eramateko?». Hain zuzen, kontzertuetako gloriazko ordu hori besterik ez delako nabarmentzen. «Ez zenuke astebete ere iraungo», erantzuten genien askori. Garrantzitsua zitzaidan kontzertuaren inguruko guztia kontatzea, zer esanik ez bira guztien ama den honetan. Bizitza osoan egin dugu hori, eta horregatik ailegatu gara honaino; horregatik egin dezakegu egiten duguna, baina zer-nolako nekea eragiten duen horrek! Bai fisikoki, baina baita psikologikoki ere.
Eta gaineratu behar dut nik altxatu behar izaten dudala banda guztia. Sokari eusten ematen dut denbora osoa. Hogei lagun biltzen dituzunean, hamaika istorio daude, eta barne kohesio hori ondo eramateaz arduratu behar dut nik. Egiaren alde, interesgarria iruditzen zitzaidan hauskortasuna erakustea.
Filmaren gidoian barrena, esaldi biribilak aurki daitezke. Adibidez, «zentsurak ez du jendeak barruan daramana isiltzea lortzen».
Madrilgo kontzertuaren ingurukoa da hori. Daniel Gomezek kamerinotik oholtzarainoko bidea grabatu nahi izan zidan, historikoa izan zelako kontzertu hura. Inportantea zen kontatzea momentu horretan zer sentitzen nuen. Erabat gogortuta nengoen, harri bat baino gogorrago. «Ezin izan duzue nirekin, ezin izan nauzue isilarazi», pentsatzen nuen une hartan. Sekulakoa zen poza, Madrilen 15.000 lagun bildu eta «lortu dugu» esan ahal izatea. Aldi berean, beldur bat ere sumatzen da; Tremenda Jauriak ederki erakusten du zerbait gerta litekeen tentsio hori.

Zenbait mugimendutan eta musikatan eredu zarela ere esaten da filmean. Nola hartzen duzu hori?
Esango dizut kosta egiten zaidala. Nahiago izaten dut hortik alde egin. Baina jendeak behin eta berriz esandakoa izanik, filmean sartu behar zela azpimarratzen zuen Ander Merinok. Bestalde, talde askok izan dute eragina niregan, eredugarriak iruditu zaizkit, jarraitu egin ditut. Orain ni bilakatu naiz hori, eta musikariek, ekintzaileek, gauzak antolatzen bizitza osoa daraman jendeak esan du. Zergatik ezkutatu?
Lehen Odisea aipatu duzu, eta Itakaren aipamenarekin eman diozu amaiera filmari. Zer ikasi duzu zuk bidaia honetan?
Gauza mordo bat ikasi dut. Birari esker, mundu osoaren kartografia ikaragarri bat daukat berriro. Ikusi dut zer eraso dauden Alemanian, ikusi ditut feminismoaren aurka dauden saioak, batzuetan atzera egitearen sentsazioa... Era berean, ikusi dut zenbait mugimendu sozialetan dagoen osasuna, nola aurreikusten den zer ari den gertatzen... Egondako toki bakoitzean, solasaldiz solasaldi ibili naiz, lagun zaharrekin, jende gaztearekin... Ikusi dut zer-nolako nekea sentitzen duen militantzia zaharrak, eta ezagutu ditut musika berriak, gazteak zertan ari diren. Eta ikusi dut toki askotako batasunik eza.... Erresistentziaren bilgune bihurtu dira kontzertuak, eta beste mapa bat dut orain.
Horren adierazgarria izan da bizi izandako guztia, ze ni neu ere animatuago sentitzen naiz. Dena den, orain baino ez dezaket esan hori, dokumentala bukatuta. Berriro ere bidea ireki zait, eta hori da asmoa. Baina lehenik konpromiso batzuk bete behar ditut.
«Horren adierazgarria izan da bizi izandako guztia, ze ni neu ere animatuago sentitzen naiz. Dena den, orain baino ez dezaket esan hori, dokumentala bukatuta. Berriro ere bidea ireki zait»
Eta estreinaldia dator...
Sentsazioa dut benetan Belodromoan bukatuko dela bira. Musikari eta teknikari guztiak etorriko baitira, Bartzelonatik, Madrildik, beste leku batzuetatik; eta birakoa balitz bezala izango baita logistika ere. Eta nabarmendu nahiko nukeen beste kontu bat: filma baino lehenago, kalejira bat egingo dugu Broken Brothers Bass Band taldearekin, New Orleanseko estiloan. Arratsaldeko bost eta erdietan, Xanti tabernatik abiatu eta Belodromoraino joango gara, Anoeta inguratuz. Halaxe ospatuko dugu, kalea hartuz, eta musikarekin beti. Afari Solidarioak elkartekoak ere bertan izango dira. Horixe izango da biraren amaiera, eta ilusio handiz nago horregatik.