Kritika. Literatura

Bizitza bera kontatzea

Nola esaten zaio agur ama bati
PERU IPARRAGIRRE
2026ko azaroaren 15a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'nola esaten zaio agur ama bati'

Idazlea: Uxue Razkin. Itzultzailea: Irati Jimenez. Argitaletxea: Erein.

Ez nuen halakorik espero, baina ez dakit zer espero nuen. Brastakoan kolpatu eta trantzean zaramatzan liburua da Uxue Razkinen Nola esan agur ama bati (2026), Irati Jimenezek itzuli eta Ereinek argitaratu berri duena. Hitzak irakurri ahala kontakizuna barruan korapilatzen nabaritzen duzu, hazten, beldurrak handitzen diren bezala. «Kanpotik begiratu nahiko nioke —kristal batetik, adibidez— ez nazan ukitu. Beldurra baloi erraldoi bat da, gela txiki-txiki batean», dio pasarte batean. Utziz gero beldurrak handitu egiten baitira, dena okupatu arte, eta horrelakoetan bizitzak aurrean jartzen digunarekin ez dugu ongi jakiten zer egin.

Amaren gaixotasunaren eta heriotzaren prozesuaren narrazioa egiten du Razkinek liburuan: dolua kontatuz, modu zorrotzean bezain zintzoan. Hasieran, testu zati laburretan kontatzen du gertatutakoa, denboran aurrera eta atzera eginez, distantziatik ariko balitz bezala; zehatz, ertz batetik eta bestetik helduz egoerari, eta, zatiz zati, osotasunaren irudiak agertzen dira. Eutsi egiten dio kontakizunak barruan dagoen emozioen oldeari, ez dio tarte handirik uzten, baina hor dago, gero eta ageriago, eta euste horrek zentzua hartzen du askatzean, hitzak, emozioekin batera, libre uztean, haiei joaten uztean.

Gordina da liburua, gordina denez gertatutakoa; ezin bestela izan. Baina gordina dela esate hutsa azalekoegia litzatekeela iruditzen zait. Maitasuna eta arrangura, samina eta miresmena, eta barneko korapilo horretan lotzen eta galtzen diren gainerako sentimenduak jaso eta adierazteko modua landua baita oso. Aitortzen, oroitzapenen, desioen eta azalpenen moldea hain da hurbilekoa, egiazkoa, ezen fikziora jotzen duenean ere egia kontatzen ari dela iruditzen zaion irakurleari.

Latza da, bizitza bera izan daitekeen moduan; inolako apaindurarik gabekoa da, hori ere bai. Brastakoan kolpatzen duela esan dut, testua, bere laburrean, barren-barreneraino sartzen baita ustekabean. Irakurtzeari ezin utzi izateraino harrapatzen du, eta zirraran darama orrialde batetik bestera, harik eta amaieran goxo joaten uzten duen arte; goxo, baina hunkituta. Ederra ere bada, beraz, bere gordinean. Hildako amari idatzitako maitasun gutuna da liburu hau, gogorra eta laburra, ederra eta handia, bizitza bera izan daitekeen moduan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA