Bizitzaren aldeko ariketa kontzientea

Miren Agur Meabe idazleak eta Ane Pikaza ilustratzaileak 'Begiak zerumugan' izeneko poesia bilduma ilustratua kaleratu dute

Helduek zein gazteek irakur ditzaketen poemak bildu ditu Miren Agur Meabek Begiak zerumugan liburuan. M. DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Berbaren bat asmatu beharko da horretarako». Begiak zerumugan poema bildumako testuak norentzat diren azaltzen saiatu denean geratu zaio hankamotz hiztegia Miren Agur Meabe idazleari. Azaldu duenez, helduek zein haurrek irakurtzeko dira liburuko testuak, eta, horregatik inprobisatu ditu «adin anitza» eta «multi-adina» definizioak. «Poesia gardena da, irudian oso oinarritua, makulu gisa hoskidetasuna eta musikaltasuna dituena, herri formen oihartzunak dituena, eta tarteka ozen, eta tarteka zurrumurruka esatekoa dena. Uste dut poema batzuk kantatzeko modukoak ere izan daitezkeela». Iluntasunetik argitasunerantz egindako bidaia bat kontatzen du lanak, Meaberen hitzetan, eta Ane Pikaza ilustratzailea arduratu da bidaia horrentzako irudiak sortzeaz. «Zerumugarantz ibiltzea bizitzaren aldeko ariketa kontzientea da, jakinik ezinezkoa dela zerumugara iristea». Elkar argitaletxeak kaleratu du lana.

Azken hamabost urteetan han eta hemen sakabanatuta argitaratutako 200 poema baino gehiagoko multzotik berreskuratutako 68 poemak eta 48 aforismok osatzen dute liburua. Baina Meabek ez zuen testu soltez osatutako bilduma soil bat kaleratu nahi, eta horregatik sortu du liburua hasieratik bukaerara zeharkatzen duen lau geltokiko bidaiaren ideia. «Materialak aukeratzen eta ordenatzen joan ahala, testu berriak ere sortzen joan naiz, eta,apurka-apurka, lanak beste dimentsio bat hartu du, sakonagoa».

Atalkako irudi jarraitu bakarra

Hain zuzen ere, bidaia horixe ilustratu du Pikazak irudietan. Etxe bakarti urdinkara batetik hasi, eta, urratsez urrats, lauhazka dabilen emakumezko zentauro arrosa baten irudiraino heltzen den irudi jarraitu bakar bat sortu du ilustratzaileak horretarako. Atalez atal zatikatuta ikus daiteke irudi oso hori lehenik liburuan, baina horma irudi gisa, eta irakurleak erraz askatu ahal izateko moduan ere txertatu dute ilustrazioa liburuaren bukaeran, marrazkiek irudikatzen duten trantsizioa osorik ikusi ahal izateko. Eta aldi berean bi formatu horiek kontuan hartzea izan da Pikazaren erronka nagusia. «Politena izan da irudi oso bat sortu behar nuela, bere osotasunean funtzionatu behar zuena, eta, era berean, liburuak proposatzen zituen atal guztietatik pasatzen joan behar zena».

Koronabirusaren krisi betean sortu ditu Pikazak liburuko irudiak, eta, lan horretan murgilduta egoteak «salbatu» egin duela dio. Pozik azaldu da emaitzarekin irudigilea, eta Meabek ere haren lanaren kalitatea nabarmendu du, liburuaren aurkezpenean. «Miresgarria da liburu hau ikusteko zelan bihurtu daitekeen paper mordo bat objektu zoragarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.