Abiaburua izango da. Bihar egingo dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen saioa, Urdulizen, eta bertan arituko dira kantuan Aitor Bizkarra Ruiz, Garazi Navarro Ugarteburu, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Gezuraga Seijido eta Mikel Retolaza Etxebarria, 17:00etan. Lehen emanaldi horrekin hasiko du txapelketak finalerako bidea; abenduaren 20an jokatuko da, Bilboko Casilla kiroldegian. Baina, era berean, igandekoak hasiera emango die hurrengo hilabeteetan bata bestearen ondoren etorriko diren lurraldez lurraldekako bertso txapelketei. Bizkaikoaren ostean, urriaren 4an hasiko baita Nafarroako Txapelketa lehenik, eta ondoren helduko baitira, hurrenez hurren, Xilaba txapelketa eta Arabakoa. Eta, azkenik, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren silueta ere igar daiteke 2026ko irailean. Horregatik, txapelketaz osatutako hamarreko handi horren lehen oina ere izango da Urdulizkoa. www.bertsosarrerak.eus webgunean salgai daude sarrerak.
Guztira, 30 bertsolarik kantatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen fasean. Urdulizkoaz gainera, beste lau saio izango dituzte kanporaketek, eta seina bertsolari batuko dituzte.
Urriaren 4an, esaterako, Beñat Bilbao, Iker Uriarte, Iruri Altzerreka, Jone Larrinaga, Lurdes Ondaro eta Txaber Altube arituko dira, Lekeition. Urriaren 5ean, berriz, Mungian izango da saioa, eta Ander Uzelaik, Imanol Uriak, Josune Aramendik, Maite Sarasolak, Peru Vidalek eta Unai Mendiburuk parte hartuko dute. Urriaren 11n, Galdakaon, Araitz Katarain, Asier Galarza, Bittor Altube, Enare Muniategi, Irune Basagoiti eta Paule Ixiar Loizaga arituko dira, eta urriaren 12an izango da lehen faseko azken emanaldia, Getxon: Aitor Esteban, Ibai Amillategi, Janire Arrizabalaga, Koldo Muñiz, Mikel Goiriena eta Peio Molinuevo arituko dira kantuan.
«Finalaurrekoak bi bueltatan egiteak aukera ematen die bertsolariei ariketa ezberdin gehiago egiteko, eta entzulearentzat ere polita da hori»
ARKATZ ZIPITRIA Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Talde Antolatzaileko kidea
Eta orduan hasiko dira finalaurrekoak, eta, hain justu, hor egongo da aurtengo txapelketako nobedade nagusia ere. Buelta bakarra egin beharrean, bi buelta egingo dituztela aurten.
Arkatz Zipitria Bizkaiko Bertsolari Txapelketako talde antolatzaileko kidearen arabera, bertsozalea zein bertsolaria, biak izan dituzte gogoan erabakia hartzerakoan. «Ez da ideia erabat berritzailea ere, beste txapelketa batzuetan ere horrela egiten delako, eta aurten proba egiteko garaia izan zitekeela pentsatu dugu. Horrek aukera ematen die bertsolariei ariketa ezberdin gehiago egiteko, eta entzulearentzat ere polita da hori».
Casillako finala
Lehen faseko bost saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetarako, eta puntu horretan hasiko dute txapelketa 2023ko txapelketako zazpi finalistek ere: Aissa Intxaustik, Jone Uriak, Oihana Bartrak, Aitor Etxebarriazarragak, Gorka Pagonabarragak, Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak, hain zuzen ere. Lehen fasean lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da zer beste sei bertsolari sailkatuko diren.
Hemezortzi bertsolari horiek kantatuko dute finalaurrekoen lehen bueltako hiru saioetan, eta haietako hamabi pasatuko dira bigarren bueltara. Saio bakoitzeko irabazleek zuzenean eskuratuko dute bigarren bueltarako txartela, eta puntuazioaren arabera erabakiko dira beste bederatziak. Gero, bi saio izango ditu bigarren finalaurreko bigarren ziklo horrek, eta, orduan, bi bueltetako puntuazioak kontuan hartuta erabakiko da finalera pasatuko den zortzikoa.
Bilboko Casillan egingo da azken saioa, abenduaren 20an. Aurrez, Bilbo Arenan egin izan dira finalak, eta gutxi gorabehera ikus-entzule kopuru bera sartzen da bietan. 5.000 pertsona inguru, hain zuzen.
Txapelketa Nagusia
Nerea Ibarzabal Salegik irabazi ditu azken bi Bizkaiko Bertsolari Txapelketak, baina aurtengoan ez du izenik eman. Bertsoa aldizkarian eman zituen bere erabakiari buruzko azalpenak bertsolariak, txapelketa aurkeztu osteko egunean bertan. «Bizkaikoa eta Txapelketa Nagusia tartekatuz gero, lau urtetik hirutan txapelketaren batean kantatzea tokatzen zaigu, eta horrela nabil 2016tik. Aurten, Nagusirako sailkatuta egonik, beste urtebetez deskantsatzeko aukera ikusi dut, eta hori aprobetxatzea erabaki dut».
Hain zuzen ere, Bizkaiko txapelduna ez ezik, datorren urtean egingo den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkapena ere erabakiko du aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Puntuaziorik onena lortzen duten hamar bertsolariek izango dute txapelketa nagusian kantatzeko aukera, baina Ibarzabalek jadanik ziurtatua du lekua, aurreko Txapelketa Nagusiko finalista izan zenez gero.
2025eko bizkaiko bertsolari txapelketa