Bertsolaritza

Bizkaiko Bertsolari Txapelketak finalaurrekoen faseari ekinen dio igandean, Zeanurin

Aissa Intxaustik, Jone Uriak eta Oihana Bartrak hori dute txapelketako lehenbiziko saioa, 2023an finalista izan baitziren. Sei bertsolarien arteko irabazlea zuzenean igaroko da fasearen bigarren itzulira. Nafarroan, lehen fasea bukatuko dute igandean.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, 2023an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, 2023an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko urriaren 24a
13:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Finalaurrekoen fasean buelta bakarra ez baizik eta bi izanen zirela iragarri zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako talde antolatzaileak lehiaren atarian. Lurralde horretako txapelketak hori du nobedade nagusietako bat aurten, hain zuzen, eta erabakia batik bat bi arrazoirengatik hartu zutela argudiatu zuten aldaketa jakinaraztearekin batera: susmoa dute horrek ariketa diferente gehiago egiteko aukera emanen diela bertsolariei, eta hori bera ere bereziki izan daitekeela gozagarria publikoarentzat. Eta asteburu honetan eginen dute lehenbiziko urratsa bide horretan. Igandean jokatuko dute finalaurrekoen faseko aurreneko saioa, hau da, finalaurrekoen lehenbiziko bueltako aurrenekoa. Zeanuriko Ibarreta frontoian eginen dute, 17:00etan hasita, eta bertsolari hauek ariko dira kantuan: Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Bittor Altube, Imanol Uria, Jone Uria eta Oihana Bartra. Beñat Vidalek emanen dizkie bertsotarako gaiak.

Intxaustik, Uriak eta Bartrak igande honetakoa izanen dute lehenbiziko saioa aurtengo txapelketan. 2023ko aldian finalean izan zirenez gero, ez dute aurreko faseetan kantatu beharrik izan. Bestalde, Bizkarrak irailaren 28an Urdulizen jokatutako saioa irabazita lortu zuen Zeanurikorako sailkatzea.

Igandeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetako bigarren itzulirako. Zehazki, azaroaren 15ean Bermeon eginen duten saioan aritu beharko du horrek. Izan ere, zehaztua dagoenez, Bermeon lehiatuko dira Zeanuriko irabazlea, Abadiñoko irabazlea, eta lehenbiziko itzulia osatu ondoan puntuazioz hirugarren, laugarren, zazpigarren eta zortzigarren izanen direnak.

Halere, Zeanurin gailenduko denak ez beste bertsolari guztiek zain egon beharko dute jakiteko bigarren itzulira iraganen diren. Lehenbiziko bueltan hiru saio izanen dira osotara —azaroaren 2an, sei bertsolari ariko dira Abadiñon, eta azaroaren 9an, beste sei Barakaldon—, eta puntuazioaren arabera ordenatutako zerrendan azken sei postuetan izanen direnak txapelketatik kanpo geldituko dira. Hortaz, hamabi bertsolarik, bigarren itzulira igaro, eta aurrera eginen dute abenduaren 20an Bilboko Casilla kiroldegian jokatuko den finalerako bidean.

Los Arcosen argituko dira dudak

Nafarroako Bertsolari Txapelketak ere egun erabakigarria izanen du igandea. Lehenbiziko faseko laugarren eta azken saioa jokatuko dute Los Arcosen —aurrenekoz izanen da txapelketako saio bat bertan—, 17:30ean. Ekain Alegrek, Joanes Illarregik, Kattin Madariagak, Mikel Lasartek, Saioa Alkaizak eta Xabier Maiak kantatuko dute, Ander Aranburu gai jartzaile dutela, eta saioa bukatutakoan argituta geldituko da zer hemezortzi bertsolari sailkatuko diren finalaurrekoen faserako. 24tik sei geldituko dira kanpoan.

Gaur-gaurkoz, Eneko Lazkozek, Julio Sotok eta Xabat Illarregik dute segurtatua finalaurrekoetan aritzea, haiek irabazi baitituzte lehenbiziko fasean jokatutako hiru kanporaketak —Auritzen, Mutiloan eta Iruritan gailendu dira, hurrenez hurren—. Eta antzera gertatuko da Los Arcosen ere: irabazlea zuzenean sailkatuko da azaroaren 16an Tafallan eginen den finalaurrekorako.

Hain zuzen, egun eta herri hauetan eginen dituzte finalaurrekoetako hiru saioak —itzuli bakarra eginen dute—: azaroaren 1ean Agoitzen, azaroaren 8an Leitzan, eta azaroaren 16an Tafallan. Finala azaroaren 29an jokatuko da, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.