Donostiako 73. Zinemaldia

Bost estreinaldi izanen ditu Donostiako Zinemaldiaren Made in Spain sailak

28 film emanen dituzte jaialdiaren sail horretan, denak ere lehiaz kanpo. Euskal Herriko lau zuzendariren lanak daude tartean: Helena Tabernaren 'Nosotros', Julio Medemen '8', Arantxa Etxebarriaren 'La infiltrada' eta Ana Lanbarriren 'Todo lo que no sé'.

Fernando Colomoren 'Las delicias del jardín' filma emanen dute Made in Spain sailaren inaugurazioan. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Fernando Colomoren 'Las delicias del jardín' filma emanen dute Made in Spain sailaren inaugurazioan. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko abuztuaren 13a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainian ekoitzitako filmak hartzen ditu barnean Donostiako Zinemaldiko Made in Spain sailak, eta, bertan jasotzen duten film kopurua urtearen araberakoa den arren, bi tanketarako emanaldiak izan ohi dira haren karietara aldiro: batzuk estreinaldiak izaten dira; bistaratzen dituzten beste film batzuk, aldiz, aurretik beste zinema jaialdi batzuetatik pasatutakoak dira. Zinemaldiaren aurtengo aldirako —irailaren 19tik 27ra eginen dute—, guztira 28 lan bildu dituzte sail horretan, eta haietako bost dira estreinaldiak: lau film luze eta film labur bat, zehazki. Hain justu ere, haien artean daude saileko programazioa inauguratuko duten bi lanak: Fernando Colomoren Las delicias del jardín film luzea, eta Mabel Lozanoren Abril, hoy no es invierno laburra.

Donostiako Zinemaldiak plazaratutako informazioaren arabera, Las delicias del jardín lanak Fermin izeneko margolari baten istorioa du ardatz. Zaharreriaren lehenbiziko sintomak sumatzen hasia da: besteak beste, eskua dardarka hasi zaio, eta ezin du lehen bezala pintatu. Protagonistak eta haren ingurukoek arteari eta oro har bizitzari buruz dituzten begirada «kontrajarriak» azaleratuko dira kontakizunean, eta pertsonaiei hainbat erronka azalduko zaizkie bidera. Aktore hauek hartu dute parte filmean: Fernando Colomo zuzendariak berak, Pablo Colomok, Carmen Machik, Antonio Resinesek, Brays Efek, Maria Hervasek, Luis Bermejok eta Javier de Juanek.

Bestalde, Abril, hoy no es invierno film laburrak garun paralisia dutenengan jartzen du arreta, batik bat. Angeles Blanco izeneko abokatuaren begietatik kontatuta dago istorioa. Eritasun hori daukatenei laguntzeko elkarte batean dabil Blanco, eta, halako batean, laguntza eske ari den norbaiten mezua jasoko du. Harekin harremanetan jartzen asmatu beharko du abokatuak.

(ID_17550821302975) SAN SIMON FILMEKO IRUDI BAT
Miguel Angel Delgado zuzendariaren San Simón filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Colomoren eta Lozanoren filmek ez ezik, beste film hauek ere Made in Spain sailean izanen dute estreinaldia:  Miguel Angel Delgadoren San Simón —haren lehenbiziko fikziozko lana da—, Horacio Alcalaren Fragmentos eta Sara Salamo aktore, ekoizle eta zuzendariaren En silencio filma. Azken hori ez da fikziozko lana, eta Isco Alarcon futbol jokalaria du protagonista.

Urteko uzta bistara

Estreinaldiez gainera, beste zenbait jaialditan bistaratu diren 23 film ere emanen dituzte sail horretan, eta tartean daude Helena Tabernaren Nosotros, Julio Medemen 8, Arantxa Etxebarriaren La infiltrada eta Ana Lanbarriren Todo lo que no sé —gaztelaniaz eginak dira hirurak—.

Bestalde, hauek ere emanen dituzte: The Designer Is Dead (Gonzalo Hergueta), Almudena (Azucena Rodriguez), Amanece en Samaná (Rafa Cortes), ¡Caigan las rosas blancas! (Albertina Carri), En la alcoba del Sultán (Javier Rebollo), L'edat imminent (Col·lectiu Vigilia), La buena letra (Celia Rico Clavellino), La furia (Gemma Blasco), La terra negra (Alberto Morais), La tortuga (Belen Funes), Mi amiga Eva (Cesc Gay), Miss Carbón (Agustina Macri), Molt lluny (Gerard Oms), Romería (Carla Simon), Sirat (Oliver Laxe), Sorda (Eva Libertad), The Sleeper. El Caravaggio perdido (Alvaro Longoria), Un hombre libre (Laura Hojman), eta Una quinta portuguesa (Avelina Prat).

(ID_17550815970945) Ana Lamberro zuzendariaren todo lo que no se filmeko irudi bat.
Ana Lanbarriren opera prima da Todo lo que no sé. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.