Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Bratislava

2025eko maiatzaren 11
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi hegaldiren ondoren, Vienatik auto batean naramate Eslovakiako mugara, bertan, Bratislavan, jaialdi batean joko dudalako hurrengo egunean.

Bi herrialdeen arteko mugan, eraikinak fakultatea ekartzen dit gogora, Leioako Arte Ederren fakultatea baitirudi, hain zuzen ere, Eslovakiako peajeko ofizinak, bere PVC arrosa eta harri beix handiekin.

Euri lauso etengabea egiten du, eta paisaia berdea eta grisa da; etxean bezala nago. Autoak kale huts batean uzten nau, etxe aurrea huntzez beteta duen etxe baten parean. Eraikinak zaharrak dira, sabai altuak dauzkate, kaleak zabalak dira, ez dago ia inor. 

Hoteletik gertu, eliza urdina dago, bisitatu «behar» diren leku horietako bat. Barrura sartzen naiz, hesi bat dago, barrurago sartzeko eskatzen duena, eta, beraz, aldarea hondoan ikusi dezaket, baina ez gehiago. Norbait dago organoa jotzen, baina ez da ikusten. Kali Malone datorkit burura, bake baltsamo antzekoa sorrarazten dit.

Hotza eta euria kanpoan. Noizbehinka, distopia arraro bat izango balitz bezala, garagardoak edaten dituzten gizonez beteriko pedalekin mugitzen den gurdi moduko batek gurutzatzen du kalea. Algarak, kantuak, garrasiak entzuten dira, gero desagertu eta isiltzen da guztia berriro.

Kontzertura joaten naizenean gaua da, jaialdiaren eraikina beteta dago, jendea drogatuta eta edanda dagoeneko, eta kamerinoa 20 pertsonarekin partekatzen dudan ordenagailu gela bat da. Abesten dudan bitartean jendea atera eta sartzen da, gainerako kontzertuak entzuten dira… ez dut gustura jotzen.

Bueltatzean, autoan gizon zahar batekin kointziditzen dut. Esaten dit kontzertuan egon dela, oso ederra izan dela, bera managerra dela. «A bai?» galdetzen diot. «Bai, Europan Jennifer Lopez, Village People eta abarrena». Barkatu?

Orduan anekdotak, cache-ak, horrelakoak kontatzen dizkit. Kotxetik atera baino lehen, eskua ematen dit. «Benetan bihotzetik egiten duzula nabaritzen da kontzertuan, eta hori hunkigarria da». 

Barrez sartzen naiz ohera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.