Brenda Fricker aktore irlandarra hil da, 81 urte zituela

'My Left Foot' filmari esker, Oscar saria jaso zuen lehen emakumezko irlandarra izan zen, eta, gerora, 'Home Alone 2: Lost in New York' filmean jokatutako rolagatik ere egin zen ezagun.

Brenda Fricker eskuinean eta Daniel Day-Lewis ezkerrean, 'My Left Foot' filmeko fotograma batean. BERRIA
Brenda Fricker eskuinean eta Daniel Day-Lewis ezkerrean, 'My Left Foot' filmeko fotograma batean. BERRIA
Odile Bourguignon Goñi
2026ko uztailaren 17a
19:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Brenda Fricker aktorea Oscar saria jaso zuen lehen emakumezko irlandarra izan zen; hain zuzen ere, Jim Sheridan zinemagile irlandarrak zuzendutako My Left Foot (1989) filmarengatik jaso zuen Taldeko Aktore Onenaren saria. Bada, gaixotasun bat izan ondoren, atzo hil zen 81 urte zituela, bere jaioterrian, Dublinen. Hala adierazi die Phil Belfield bere agenteak komunikabideei: «Ez dugu sekula hura bezalakorik topatuko, eta haren hutsuneak okerragoa egin du mundua».

70eko hamarkadan Londresera lekualdatuta, telebistan hasi zen lanean, eta zinemagintzan rol arinak ere interpretatu zituen. Zenbait britainiar telenobelatan ere hartu zuen parte; horietako batzuk izan ziren, esaterako, Coronation Street (1960) eta Casualty (1986). Erresuma Batuan lortua zuten ospea telesailok, baina Fricker ez zen munduan egiazki ezaguna egin 1990ean Oscar saria jaso zuen arte. Eta, hala, aktoreak mugarri bat ezarri zuen historian, eta Oscar saria jaso zuen lehen emakume irlandarra izan zen. Izendatu zutenean, Frickerri «sinesgaitza» egin zitzaion, eta saria jaso izana Christy Browni eskertu zion, «sinpleki, bizi izanagatik». 

Izan ere, My Left Foot, Frickerri Oscarra eman zion filma, Christy Brown idazle eta margolari irlandarrak idatzitako liburu autobiografiko homonimo batean oinarritzen da. Brownek garun paralisia zuen, baina, idazleak berak hala kontatuta, bere ama Bridget Brownen laguntzaz oztopo guztiei egin ahal izan zien aurre. Eta, hain zuzen, Brownen ama interpretatzeagatik jaso zuen saria Frickerrek. Oscar sarietako ekitaldian hari ere mintzatu zitzaion: «Christyren amari ere eskerrak eman nahi nizkioke. 22 aldiz erditu den edonork mereziko luke sari hau». Christy Brown 22 seme-alabetatik hamargarrena izan zen. 

Sariaren ondoren, arrakasta

Saria jaso eta urte horretan bertan beste film bat egin zuen Jim Sheridan zuzendariaren eskutik: The Field (1990). Irlandan kokatzen da hori ere, zehazki, 1930ean, eta bere lurrak defendatu nahi dituen laborari baten gatazka kontatzen du. Gaur egun, zinema irlandarraren klasikoen artean dago. 

Geroztik, hainbat eta hainbat lan egin zituen Frickerrek, baina horietako batean egindako interpretazioagatik gogoratuko dute askok: usoekin ibiltzen zen emakumea antzeztu zuen Home Alone 2: Lost in New York (1992) filmean. Besteak beste, hauexek izan ziren haren lanetako batzuk: So I Married an Axe Murderer (1993), Angels in the outfield (1994), A time to kill (1996), Veronica Guerin (2003) eta Albert Nobbs (2011). 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA