Aurreko egun eta asteetan, ziur nago, aukera ugari izango zenuten Brian Wilsonen eta The Beach Boysen legatuari buruz irakurtzeko, talde kaliforniarraren burmuinaren heriotza dela eta (1942-2025). Ez dago zalantzarik rockaren aroko pop musikaren figura inportanteenetako bat izan zela, baita tragikoenetako bat (zoritxarrak behin baino gehiagotan zeharkatu zuen Wilsonen bizitza, forma diferenteetan) eta (inoiz) groteskoenetako bat ere (bere fobien eta drogen eraginpean aritzen zenean, edo Eugene Landy bere psikologoaren menpe egon zen etapa luzean, adibidez). Baina, batez ere, sortzaile handia izan zen, rock’n’rollaren surf azpiestiloa gailurrera eraman zuena (The Beach Boyseko anaia, lehengusu eta lagunekin batera, zer esanik ez), The Beatlesi eta Britainiar Inbasio guztiari tinko eutsi zion talde estatubatuar bakarrenetakoaren liderra, poparen maisulan nagusienetako baten erantzule nagusia (Pet Sounds, 1966) eta huts egindako album famatuenaren bultzatzaile frustratua (SMiLE, berez 1967an kaleratu behar zena, baina ez zuena argia ikusi, musikari gazte batzuekin batera birgrabatuta eta Brian Wilson Presents SMiLE izenburupean, 2004ra arte). Baina, batez ere, musikaren bitartez zoriontasuna gauzatzea posible dela behin eta berriro erakutsi zuen konpositorea izan zen, eta, aipatu garai latz haien ostean, ondo merezitako berpizkunde alai bat bizitzeko aukera izan zuena, lagunen eta miresleen eskutik, 2000ko hamarralditik aurrera oro har. Horregatik, zalantzarik ez, Zimiterio oso bat merezi du, eta egingo dut noizbait. Baina, alde batetik, aurrekoa ere monografikoa izan zenez, eta, bestetik, egunotan hari buruzko informazio asko jaso duzuela susmatuta, beste hurbilketa bat planteatu dut gaurkoan: Wilsonen eta Beach Boysen musikaren arrastoari jarraitzea beste sortzaile batzuen lanetan, tartean lehen begi-kolpean horren susmagarri suertatzen ez diren batzuenengan...

Paul eta Linda McCartney
'RAM'
Apple, 1971.
Ez zaitzatela engaina: 1960ko hamarraldiko norgehiagoka nagusia (barka nazatela stoneszaleek!) ez zen The Beatles eta Mick Jagger eta Keith Richardsen saldoaren artekoa, The Beatles eta The Beach Boysen artekoa baizik. Eta, ados, Liverpoolekoek irabazi zuten, baina The Beach Boysekoak ohorez erori ziren, eta garaipen partzial basak lortu zituzten. Argi dago elkar zelatatu zutela talde biek: Brian Wilsonek ondo gogoan hartu zuen The Beatlesek Rubber Soul-etik aurrera burututako garapena, eta, taldearen buruzagitza guztiz bereganatuta, hori argiki islatu zen Pet Sounds eta Good Vibrations-en; aldiz, The Beatlesek horiei emandako erantzuna 1967ko Strawberry Fields/Penny Lane singlea eta Sgt. Pepper’s albuma izan ziren. Edonola, argi dago britainiarrek ez zutela sekula bistaz galdu The Beach Boysen lana, eta horren froga nagusia, nire ustez, banaketaren osteko Paul McCartneyren lehenengo album benetan arrakastatsua izan zen, bere emaztearekin batera burutu zuen RAM hau. Ados, aurreneko bi kantek areago ekartzen dute gogora Get Back saioetako McCartney, baina hortik aurrera Pet Sounds-en eta SMiLE-ren eragina ukaezina da: Ram On-en bibrazioak, Uncle Albert/Admiral Halsey suitearen konplexutasunak eta The Back Seat of My Car-en piano eta orkestra konponketek erreferentzia ia zuzenak egiten dizkiete Wilsonen lanari, eta Smile Away-k, izenburutik bertatik (abestia Macca-ren «dientes, dientes» pantojarraren bertsioa da: RAM ere mendekutxoa izan zen Beatleseko kide ohien eta, batik bat, Lennon eta Onoren kontra). Ororen gainetik, optimismoa barreiatzen duen album horietakoa da RAM (entzun, Linda Eastman-en koruekin, Monkberry Moon Delight absurdoa), Brian Wilsonek bere musikarekin lortu nahi zuen bezala.

Ramones
'End of the Century'
Sire, 1980.
Ai, zenbat sumindu zitzaidan ikasle punkzale bat Ramones, funtsean, «The Beach Boys azeleragailua sakatuta» zirela (katedratik) bota nuelarik. Ebidenteki, hori baino gehiago dira, baina baieztapena defendatzen jarraitzeko prest nago, Ramonesen musikaren iturburu nagusia 1950eko eta 1960ko hamarkadako rocka izan zelako: nerabezaroan entzun zuten musika, hain zuzen. Eta ez zuten ezkutatzen, soinu horiek beren gutxieneko izendatzaile komunera murriztu eta bizkortu egiten zituzten arren. Egia esan, Queenseko taldearen hasierako besteedozeinalbum aukera nezakeen The Beach Boysen garai surf-arekiko lotura azpimarratzeko, baina hau bereziki esanguratsua iruditzen zait, anbizioagatik: akituta zeuden kultuzko banda izateaz. Horretarako ez zitzaien bururatu Phil Spector bezalako produktore sesentero batengana jotzea baizik, beren musikari wall of sound famatua erants ziezaion, Brian Wilsonek gehien miresten zuen konpositore eta ekoizlea hain justu. Badaude, noski, aurreko diskokoekin parekatu daitezkeen punk ereserkiak (Chinese Rock, Let’s Go), baina nagusi dira ez soilik erro, baizik itxura sixties-a daukaten kantak, tartean Beach Boysen album batean, beste trataera batekin, ondo egokitu ahal izango zirenak: Rock’n’Roll High School, Danny Says edo Do You Remember Rock’n’Roll Radio?. Grabazioa, antza denez, amesgaiztoa izan zen: taldearen arrapaladan aritzeko moduak zerikusi gutxi zeukan Spectorren perfekzionismo geldoarekin, eta, legendak dioenez, produktoreak behin baino gehiagotan bahitu/mehatxatu behar izan zituen taldekoak... pistolaz. Ramones inoiz baino altuago iritsi ziren zerrendetan diskoarekin, baina ez nahikoa izar bihurtzeko (44. postura baino ez AEBetan), kritika zatituta utzi zuten, eta galtzaile batzuk izaten jarraitu zuten.

The High Llamas
'Gideon Gaye'
Target, 1994.
The Beach Boysen gainbehera, SMiLE-ren fiaskoa gaindituta, eta susperraldi labur baten ostean, geldiezina izan zen 1970eko hamarraldiaren bigarren erdialdetik aurrera: punkaren iraultza iritsi zenerako autopastitxera guztiz emandako konbo bat besterik ez zen, eta Brianen jeinuaz, arazo psikiatrikoetan katramilatuta zebilen neurrian, ez zen gauza handirik espero. Handik aurrera hasi zen, ordea, rockaren alderdi retro-nostalgikoa nagusitzen joan zen heinean, The Beach Boysen aro esperimentalenaren aldarrikapena, 1966-67koa batik bat. Horren lekuko nagusi da album hau, niretzat musika britainiarrak 1990eko hamarkadan eman zuen ederrenetarikoa, Britpop delakoaren eztanda testosteroniko betean oso bestelako soinu bat erakusten zuelako: Pet Sounds-ekin irekitako (eta ondoren ia inork urratu ez zuen) bidea zabaltzen jarraitzera ausartu zen bat hain zuzen. Sean O’Hagan The High Llamaseko liderrak (lehen Microdisney taldean, eta, orobat, Stereolab-en kolaboratzaile) lotsa guztiak gainetik kendu eta Pet Sounds-en jarraipen perfektua burutu zuen, baina kopian erori gabe, hots, soinu hura denboran aurrera proiektatuz: erretrofuturismoa eginez. Eta, bai, hemen daude Laurel Canyon gogora ekartzen duten brisak, piano brianeskoek gidatutako baladak (Giddy Strings), ahots-jolas eta orkestrazio konplexuak (The Goat Looks On), pasarte esperimentalak (dezente), nekatzen ez duten koda luzeko konposizioak (Track Goes By) eta Teenage Fancluben disko batean batere gaizki geratuko ez liratekeen bitxiak (Checking In, Checking Out), guztiak elkarrekin lotuak, etenik gabe, disko kontzeptual zerutiar bat izango bailitzan. Denborarik gabeko edertasuna, besterik gabe, eta maisuak ukan zezakeen omenaldirik distiratsuena.