Donostiako 73. Zinemaldia

Erresuma Batuko eta Asiako filmak izango dira nagusi Zuzendari Berriak sailean

Irati Gorostidiren ‘Aro berria’ beste hamabi filmekin lehiatuko da Zinemaldiko adar honetan, eta Jonatan Etzlerren 'Bad Apples' filmak irekiko du saila, zeinak Saoirse Ronan duen protagonista.

'Shiro no Kajitsu' / 'White Flowers and Fruits' filmeko irudi bat (Yukari Sakamoto, Tokio). DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Shiro no Kajitsu' / 'White Flowers and Fruits' filmeko irudi bat (Yukari Sakamoto, Tokio). DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Donostia
2025eko abuztuaren 6a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zinemagile baten lehen edo bigarren film luzeei gordetzen die lekua Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak atalak, eta hamalau egileren hamahiru filmek osatuko dute sail hori aurten. Hanbait lekutatik iritsi ohi dira proposamenak urtero, eta, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak aurreratu duenez, bi jatorri nabarmenduko dira aurten: Britainia Handikoak eta Asiakoak. Euskarazko film bat ere izango da tartean: Irati Gorostidiren Aro berria lehen film luzea.

Irailaren 19an hasiko da aurten Zinemaldia, eta Britainia Handiko jatorria duen film batekin hasiko da Zuzendari Berriak saila: Bad Apples. Jonatan Etzleren (Suedia) bigarren film luzea da. Lan horren aurretik, Swimmer film labur saritua eta One More Time film luzea (2023) zuzendu zituen. Bad Apples-en, Saoirse Ronan da Maria protagonista, 11 urteko ikasle gatazkatsu bati aurre egin beharko dion irakasle bat. Rebordinosek esan du «umore beltz britainiarra» nagusitzen dela suspense ukituak dituen satira garratz horretan, eta «Sail Ofizialean lehiatzeko moduko film bat» dela gaineratu du.

(ID_17544048770245) (/EZEZAGUNA) Saoirse Ronan aktoreak jokatzen du protagonistaren rola \'Bad apples\' filmean
Saoirse Ronan aktoreak jokatzen du protagonistaren rola Bad Apples filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Stroma Cairns zuzendariak The Son And The Sea (Erresuma Batua) film luzearekin egin du debuta ekoizpen luzeetan. Aurretik aintzatespena lortu zuen If You Knew film laburragatik eta MOOD telesailean egindako zuzendaritza lanagatik. Zinemaldira dakarren film honetan, bi lagunek Eskozia ipar-ekialdeko kostaldean zehar egindako bidaia bat kontatzen du. Bidaia horretan, protagonistek hitzetatik haragoko lotura bat deskubrituko dute. Zaurgarritasunak adorea ere badakarrela ikasiko du protagonistetako batek, eta galera pairatuta ere poztasuna bizi daitekeela.

Asiatik hamaika film

Asiako ekoizpenei dagokienez, Yukari Sakamotoren Shiro no Kajitsu / White Flowers lehen film luzeak emango dio amaiera sailari. Filma Japoniako neskentzako barnetegi kristau batean gertatzen da; bertan, ikasle karismatiko baten suizidioak gainerakoak astinduko ditu, bereziki mamuak ikusteko ahalmena duen ikasle berrietako bat. Haren aurretik, lehen film luzea aurkeztuko du Zinemaldian Tsao Shih-Han zinemagileak ere: Nan Fang Shi Guang / Before the Bright Day izendatu du, eta 1996an Taiwango itsasartean bizi zuten krisiaren kontakizun bat egiten du, nerabe baten ikuspuntutik.

Indiako Sikkim eskualdekoa da Tribeny Rai zinema zuzendaria, Nepalekin muga egiten duen eskualdekoa, eta bertan filmatu du Chhora Jastai / Shape of Momo bere lehen filma. Protagonista Himalaiako bere herrira itzuliko da, eta familiaren presioei eta espektatiba sozialei aurre egin beharko die. Txinako Zhang Zhongchen zuzendariak, berriz, bigarren film luzea aurkeztuko du: Ni De Yan Jing Bi Tai Yang Ming Liang / Nighttime Sounds, bere adineko mamu batekin topo egiten duen haur baten kontakizuna.

(ID_17544043820235) (/EZEZAGUNA) \'Chuzhie Zemli / Foreign Lands\' (Anton Yarush eta Sergey Borovkov)
Chuzhie Zemli / Foreign Lands filmeko irudia. (Anton Yarush eta Sergey Borovkov). DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Anton Yarush eta Sergey Borovkov zinemagileak Chuzhie Zemli / Foreign Lands-ekin —euren opera prima— azalduko dira Donostiara. Bere filmik pertsonalenerako aktore perfektua aurkitzearekin itsututa dagoen errusiar zinema zuzendari baten ihesaldia kontatzen du filmak. Eta Kurdistango Seyhmus Altunek ere bere lehen film luzea aurkeztuko du. Iaz Zinemaldiaren WIP Europa atalean parte hartu zuen proiektuaren emaitza da erakutsiko duen Aldiğimiz nefes / As We Breathe filma. Anatoliako haur baten bizitza kontatu du bertan; hondamendi ikusezinen aurreko erresilientziaren erretratu samurra da, goizegi hazteari, esperantzari eusteari eta desagertzeari uko egiteari buruzko kontakizuna.

Europako jatorria dutenak ere bai

Europako jatorria duten beste bi film ere izango dira lehian Zuzendari Berriak sailean: Emilie Thalund danimarkarraren Vaegtloes eta John Skoog suediarraren Värn. Lehen film luzea dute biek.

Atala osatzeko, Kim Torres costarricarra lehengo urteko Zinemaldiko WIP Latamen hautatu zuten proiektua aurkeztera dator aurten, bere lehen lan luzea: Si no ardemos, cómo iluminar la noche. Zuzendaria Cannesen lehiatu zen Luz nocturna / Night Light film laburrarekin, eta lan berrian hamahiru urteko Lauraren istorioa kontatu du, bere familia berrian harrapatuta sentitzen den haur batena.

Aurrez iragarri zuten modura, Irati Gorostidiren Aro berria eta Jose Alayonen La lucha filmak erek sail honetan erakutsiko ditu Zinemaldiak. Alayonen bigarren film luzea da lehiatuko dena; Gorostidirena, berriz, zinemagilearen lehen film luzea da. 1970eko hamarkadako langile borrokaren eta Euskal Herrian garai hartan sortutako esperientzia komunitarioen gaineko begirada bat proposatzen du lanak. Azkenean aurrera egingo ez duen greba batekin desengainatuta, langile inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratuko dituzte errotiko transformaziorako dituzten nahiak. Film hau, oraindik proiektu fasean zela, Ikusmira Berriak egonaldi programaren parte izan zen.

(ID_17544037056975) (/EZEZAGUNA) Jose Alayonen \'La lucha\'
La lucha filmeko irudia (Jose Alayon). DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Zuzendari Berriak ataleko sarituak, bestalde, 50.000 euroko saria lortuko du, zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean banatzeko. Saileko filmak sari horretarako hautagai izateaz gain, Gazteriaren DAMA saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.