Itzulera anbiziotsua iragarri du Bulegok. Iazko azaroan Bilboko Euskalduna jauregian bi kontzertu eman zituztenetik, isilik izan da musika taldea, aurrez iragarria zuten gisan, batere zuzenekorik eman gabe eta sorkuntzan murgilduta, gordeta, eta, bistan denez, ez zuten nahi buelta edonolakoa izan zedin. Aurrena, musika berria kaleratuz egin du bueltatzeko lehenbiziko imintzioa: Zugatik aurrerapen kantua plazaratu du berriki. Eta, orain, taldearen eta entzuleen arteko tartea ahalik gehien estutu nahia uzten du agerian oholtzetara itzultzeko diseinatu duten arkitekturak. Azaroaren 21ean, zazpi kontzertu emanen ditu Bulegok: Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bakoitzean bat, denak egun berean.
Horretarako, musikariek batetik bestera emanen dute eguna, ezinbestean; goizean goiz hasi harik eta iluntzen duen arte. Mauleko Pitxu gaztetxean hasiko dute ibilbidea, 09:00etan, eta Iruñean joko dituzte eguneko azken akordeak, 21:30ean, Txalaparta argitaletxeak Kale Nagusian duen egoitzan.
Eta, tartean, Donapaleuko Aldaka gaztetxean (10:40) izanen dira, baita Baionan ere, Euskal Konfederazioaren manifestazioaren barrenean (12:45), Donostiako Baga Biga Faktorian (14:40), Bilboko Lumiere aretoan (17:00) eta Gasteizko Parral tabernan (19:00). Sarrera librea izanen da emanaldi guztietarako.

Formatu akustikoan eginen dituzte kontzertuak, eta, taldeak plazaratutako oharrean nabarmendu dutenez, musikarien eta entzuleen arteko «gertuko topaketak» izan daitezen nahi dute, batik bat. «Kantuak eta publikoarekiko harremana jarriko ditugu erdigunean», azpimarratu dute.
Isilik eman dituzten hilabeteotan kozinatutako diskoak argia ikusi aurrean eginen dute zazpi geldialdiko bira. Amore izena jarri diote album horri, zehazki, eta urtarrilaren 12an kaleratuko dute osoki. Gaur-gaurkoz, pista hauek eman dituzte: 15 kantu bilduko dituzte diskoan, eta «hertsiki kontzeptuala» izanen da: «Greziako antzerki klasikoko elementuak erabiliz, maitasunaren argi-ilunak esploratuko ditugu». Iaztik iragarria duten kontzertu handian eginen dute lanaren aurkezpen nagusia: 2027ko martxoaren 6an, Bilboko Miribilla aretoan.