Azkena Rock jaialdiko antolatzaileek iazko urrian eman zuten 24. aldian joko duten artista askoren berri. Eta gaur iragarri dituzte zerrendara batu diren beste hiruren izenak: Carpenter Brut, Robert Finley eta Black Maracas. Hala, guztira 50 bat musikarik girotuko dute Gasteizko Mendizabala ekainaren 18tik 20ra. Horrekin batera, egunez eguneko egitaraua ere argitaratu dute.
Suediako The Hives talde ospetsua izango da jaialdiaren lehen egunean. Imelda Mayen rock-and-roll doinuek ere girotuko dute Mendizabala, eta ikuskizun esklusiboa emango du Darrel Highmanekin batera. The Adicts taldeak, berriz, agur birako kontzertu bat eskainiko du, eta Robert Finley beteranoaren blues estiloa ere nabarmenduko da. Horiez gain, honako talde eta bakarlari hauek entzuteko aukera ere egongo da: Corrosion of Conformity, Dewolff eta Nhil.
Bigarren egunean, Alice Cooper eta Sugar izen handien txanda izango da. Cooper «shock rockaren maisu» gisa definitu dute antolatzaileek ohar baten bitartez, eta beldurrezko antzerkia eta hard-rocka uztartuko ditu bere ikuskizunean. Sugar taldea, berriz, hiru hamarkadaz geldi izan ostean, duela gutxi elkartu da, eta biraren geldialdietako bat izango du Gasteiz. Black Maracas da zerrendara batu den azken izenetako bat, eta «fuzz psikodelikoa» izenpean aurkeztu dute egitarauan. Besteak beste, Circle Jerks, Counting Crows, Evaristo, Tropical Fuck Storm eta Voivod musikariek ere joko dute bigarren egunean.
Â
Beste hainbat artistaren artean, Social Distorsion eta Carpenter Brut talde ospetsuek itxiko dute aurtengo aldia. Lehenak, 2022an bisitatu zuen jaialdia. Oraingoan, baina, hamabost urtean kaleratu duten lehen lana aurkeztuko du. Bestalde, Jason Isbell and The 400 Unit taldeak countryaren eta rockaren artean mugituko den emanaldi bat egingo du. Lepora eta Rodeo euskal rock taldeak ere izango dira.
Sarrerak salgai daude jada. Eguneko sarrerak merkeago eskuratu daitezke, ostiraleko 12:00etara bitartean. Sarrerak eta bonuak jaialdiaren webgunean eros daitezke.