Carreñoren erretratua eta malenkonia

Jorge Oteizaren ‘Nire emaztearen erretratua’ obra jarri dute ikusgai Oteiza fundazio museoan. Artistaren emazte izandako Itziar Carreñori aitortza egiteko balio du eskulturak.

'Nire emaztearen erretratua' obra aurkeztu dute Altzuzan.
Jorge Oteizaren 'Nire emaztearen erretratua' (1947) pieza, Altzuzako Oteiza museoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Altzuza
2023ko abenduaren 13a
18:15
Entzun

Hamalau urtez bizi izan zen Jorge Oteiza (Orio, Gipuzkoa, 1908 – Donostia, 2003) Latinoamerikan, 1934tik 1948ra. Izan zen Bolivian, izan zen Kolonbian, izan zen Txilen, eta izan zen Argentinan. Aldi horretan, Oteizak sutsuki sortu zituen eskulturak, eta franko landu zituen buru formako piezak eta bustoak. Hain justu, Euskal Herrira bueltatu eta 75 urtera, atzerrian zela sortutako obra inportanteenetariko bat heldu da Oteiza museora, Altzuzara (Nafarroa): Nire emaztearen erretratua (1947). Bilboko Arte Ederren Museoak mailegatuta iritsi da pieza bertara. 2024ko ekainaren 23ra arte dago ikusgai. Gaur aurkeztu dute.

Jorge Oteizaren heriotzaren hogeigarren urteurrena biribiltzeko balio du obra museoan bistaratu izanak. Oteiza fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu 2023a abiatu zenetik, eta Nire emaztearen erretratua lanari dagokiona da azkena. Hauek dira lehenik izaniko batzuk: Estratuarteak erakusketa –Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina Gonzalez Guerreiroren bildumek osatua–, Xabier Salaberriaren Frisoa, eta In perspective/20 Oteiza eta Messa di Voce programak.

1947an sortu zuen Oteizak Nire emaztearen erretratua, Buenos Airesen. Izatez, pieza Argentinan izan zen 1992ra arte. Obraren izenak garbi adierazten duenez, artistak bere emazte Itziar Carreño irudikatu zuen igeltsuz eginiko eskulturan. Are, lana Carreñori eginiko «omenaldi» gisara ulertu beharra dago, Bilboko Arte Ederretako Museoko kontserbatzaile Guillermo Zuaznabarren iritziz. Berez, museo horretako zuzendari Miguel Zugaza zen aurkezpenera joatekoa, baina, osasun arrazoiengatik, Zuaznabarrek helarazi ditu zuzendariaren hausnarketak. Besteak beste, nabarmendu du eskulturak ederki omentzen duela, irudiz, Oteizak alargundu berritan emazte zenari idatziriko poema sorta: Itziar. Elegia (1992).

Bi munduren elkarketa

Xabier Salaberria artistak diseinatutako taula baten gainean paratu dute obra. Bustoa igeltsuz egina da, leuna eta sotila. «Barrenetik kanpora eginiko eraikuntza batez, agerian dago Oteizaren esentziazko eskematismoa. Horrez gain, eskultura honetan genesi bat ikus dezakegu; Oteizak ordutik aurrera garatuko zuen estiloaren lehenbiziko zantzua, Arantzazuko apostuluetan ikusten denaren antzekoa», esplikatu du Zuaznabarrek. Eskulturan bi mundu elkartzen direla uste du. «Mundu intelektuala eta afektiboa».

Izan ere, dikotomien uztarketa ere bada Nire emaztearen erretratua. Elementu «antagonikoen» konposizioa, Zuaznabarren esanez: «Hutsuneak eta beteak, alderdi primitiboa eta modernoa, tokikoa eta transbertsala, lurtarra eta zerutarra, iragana eta oraina; horiek guztiak biltzen ditu Itziarren obrak». Ukimenaren bidez ere nabari liteke aldebikotasuna. «Hala iradokitzen du materialak berak ere, igeltsu patinadun eta grisak: azal fin baina bortitza du, leuna baina gordina». 

Adituen esanetan, bustoari so, ikusleari aise pitz dakioke galdera bat: Itziar Carreñoren izaeraren ispilatzea ere ba ote den haren forma. Irribarre ahuleko pertsona bat dago irudikatua, begirada pixka bat beheratua duena. Transmititzen duenaren harira, Zuaznabarrek Rafael Moneo arkitektoaren gogoeta bat gogoratu du. «Moneok zioen Itziarren etsipena ikusten dela piezan». Kontrara, «malenkoniarekin» lotzen du berak bustoaren adierazpena. 

Eskulturaren izena auzitan jarri beharra ere nabarmendu du Zuaznabarrek. Izan ere, dioenez, Oteizak bazuen lanari beste izenbururik jartzea: hala nola Itziar Carreñoren erretratua. Baina emazte hitza erabili zuen, izen-abizenen ordez. Horregatik, Itziar Carreñoren izena aldarrikatzeko garaia dela nabarmendu dute Altzuzako aurkezpenean, haren figura goratzekoa. 

Ez da jakina Oteiza damutu ote zen, baina bestela jokatu zuen 1953an. Itziarren erretratua izendatu zuen lan bat orduan. Hain zuzen, hori ere ikusgai da, bustoaren ondoan, hainbat argazkiren alboan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.