Batbatean jaialdiak jada iragarri ditu 2027ko aldian arituko diren artistetako batzuen izenak: Cecilio G, Samantha Hudson eta Lendakaris Muertos izango dira, besteak beste, maiatzaren 7an eta 8an Gasteizko Mendizabalan egingo duten jaialdian.
Aurtengo maiatzean egin zuten jaialdia lehen aldiz, eta, harrera bikaina izan ostean —16.000 lagun inguru bildu zituen bi egunez—, bigarrenez antolatuko dute datorren urteko udaberrian. Bada, gaur, maiatzean egingo den topaketan parte hartuko duten hamazazpi talderen berri eman dute antolatzaileek. Aipatutako hiru artistez gain, hauek ere egongo dira: Arene 6, Borla, Euskoprincess, Kiliki, Las Ninyas del Corro, Marmitako Trap Banda, Maruxak, Mirua, Nafarroa 1512, Naxker, Periferia, Streetwise, Tatxers eta TOC. Nolanahi ere, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko arduradunek adierazi dute aurrerantzean beste artista batzuk gehituko zaizkiela.
Euskal Herriko musika eszenari ikusgaitasuna ematea da jaialdiaren ardatzetako bat. Horretarako, ohiko aretoetako zirkuitutik at aritzeko aukera eman nahi die bertako artistei, agertoki handiagoetan eta publiko zabalago baten aurrean jotzeko. Izen ezagunen eta tokiko talentuaren arteko elkargune izatea ere bada antolatzaileen asmoa. Haiek adierazi dutenez, musika ez ezik tokiko kultura eta artista gazteen lana ere sustatu nahi du jaialdiak. Horretarako, estilo eta belaunaldi desberdinetako artistak bildu nahi dituzte, eta publiko gazteari begirako askotariko eskaintza osatu.
Maiatzerako bonuak salgai daude dagoeneko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehen mila bonuak bukatu dira, baina urriaren 27ra arte aukera dago 50 euroan eskuratzeko. Egun horretatik aurrera, bonuen prezioa 55 eurora igoko da.