Italiako zinemaren ikonoetako bat zendu da: Claudia Cardinale (La Goleta, Tunisia, 1939 - Nemours, Frantzia, 2025). Hura izan zen Italiako zinemagintzaren urrezko aroan bizien distiratu zuten aktoreetako bat, 1960ko hamarkadatik aitzinera. Atzo hil zen, 87 urterekin, Paris ondoko Nemours udalerrian. Eta, heriotzaren berri izan denetik, errenkadan eta etengabe ari dira azaleratzen aktoreak utziko duen arrastoa nabarmentzen dutenen hitzak. Hau ere iradoki dute askok: aktorearen parte hartzerik gabe, nekez luzituko zuten hainbeste Luchino Visconti eta Federico Fellini zinemagileen zenbait film entzutetsuk.
Tunisian jaiotakoa zen Cardinale, baina siziliarrak zituen bi gurasoak, eta txiki-txikitatik izan zen eleaniztuna, hortaz —horren ondorioz zeukan azentuagatik ere askok jo zuten begiz Cardinale—. Hogei urte betetzear zelarik egin zuen debuta aktore gisara zinemagintzan —aurrez, zenbait sari irabazi zituen modelo gisara—, 1958an, Omar Sharif zinema zuzendariaren Goha filmarekin lehenbizi, eta Mario Monicelliren I soliti ignoti segidan, urte berean.
Edonola ere, 1960eko hamarkadan aurrera egin ahala lortu zituen Cardinalek aitortza eta sona. Urte gutxian, rol garrantzitsuak jokatu zituen Italiako hainbat lanetan: Luchino Viscontiren Rocco e i suoi fratelli (1960) eta Il Gattopardo (1963) —Alain Delon aktorearekin jardun zen bi-bietan—, Federico Felliniren 8 1/2, eta Sergio Leoneren C'era una volta il West (1968).

Aldi berean, Hollywoodeko hainbat filmetan aritu zedin ere nahi izan zuten hainbat zuzendarik. Dei horietako batzuei baiezkoa eman zien aktoreak, eta, denbora gutxian, Circus World (1964), The Pink Panther (1964) eta The Proffessionals (1966) lanetan bistaratu zen haren lana. Hala eta guztiz ere, ordutik aurrera, aktoreak berak adierazi zuen nahiago zuela bere ibilbidea Europan egin, eta, salbuespenak salbuespen, horri eutsi zion gerora ere.
Sei hamarkada iraun du Cardinaleren aktore ibilbideak. Ehun lan ingurutan parte hartu ondoan zendu da azkenerako, 87 urterekin. 2022ko film bat du filmografiako azken lana: Ridha Behi zuzendariaren The Island of Forgiveness. Hain zuzen ere, jatorri italiarreko tunisiar bat du protagonista filmak, eta horrek ezinbestean dakar gogora Cardinaleren biografia bera. Dena dela, Cardinalek Agostina izeneko emakume baten rola jokatzen zuen bertan.