Errepikatzeko tenorean umore eta goxotasun handia dute Bilakako dantzariek. Oldeak estudiora sartzean, etxean sentitzeko ahalegin guziak egin ditu dantzari bakoitzak: ondokoari besarkada bat eman, edo irri bat eskaini, edo kafe baten inguruko solas ezti bat. Dantzari bat siestan zegoen lurrean, eta hura jaiki bezain fite hasi dira pixkanaka luzaketak egiten, bi partetan antolatu errepika hasteko. Estudioaren ezkerraldea mirailez bete-betea da; eskuinaldea, berriz, leihoz hornitua, eta dantzatzeko zola urdin batek hartzen du erdialdea.Â
Dantza hizkuntza idatzia da, eta semantika berezia du. Arbel batean dituzte idatziak errepikako bloke guziak. Baita zer urrats landu dituzten ere. «Pika, ebats, jauzi, erdizka eta ezker airean». Erritmoa ere ontsa markatua dute, bloke bakoitzean hainbat zenbaki ageri baitira. Urratsa zer maneratan egin behar duten ere argi dute. «Ibil, punpe, itzul eta alda».
Arbelari begira jarri, buruan erranaldi bat hartu, eta lau dantzariak estudioan barna hasi dira itzulika, bata bertzearen gibeletik. Ahalik eta zehatzen mugitzen hasi dira gorputzak, urratsak ahalik eta finen gauzatzeko. Komeriak ukan dituzte tempoarekin, urratsen abiadura dela-eta, batzuetan ez baitzekiten non behar zuten bukatu. Behin eta berriz adi zitekeen: «Non bukatzen da hori? Burua ezkerrean ala eskuinean eman behar da? Ai ama, galdua naiz!».
Estudioaren mirailaren kontra eman idatziak berriz buruan sartu, eta bertako musikariak eriekin klaskatu du tempoa: «Bat, bi, hiru, lau, bost». Dantzari bat lasterka joan da sakelakoa piztera, beren burua filmatzeko. Oraingoan abiadura ona harturik, zirkulu handiak eta ttipiak marraztu dituzte gorputz guziak airean igorriz.
Ondotik, bideoa gelditu, eta grabatutakoari begira eman dira dantzari guziak, isilik. Serioa izan behar zuen momentua dibertigarri bihurtu dute bat-batean: irriz lehertzen hasi dira laurak batera, bakoitzak egin hutsei trufaka. Telefono ondotik altxaturik, luzaketak egiten aritu da dantzari bakoitza bigarren partea hasi baino lehen. Batek zangoak ireki ditu musikariarekin mintzatzen ari dela, eta bertze batek bitan plegatu du gorputza, zirkuko akrobata batek eginen lukeen bezala.

Arbelera begira jarri dira berriz, eta, behin dantza erranaldia adosturik, bata bertzearen gibelean eta bi lerrotan eman dira mirailaren aitzinean. Oraingoan, dantza robotikoago bat hasi dute; lehena baino anitzez neurtuagoa, zurrunagoa.
Lehen aldian lortu ez, eta norabidea markatzeko galdera sakona bota du dantzari batek mugimendu guziak gelditu ondoan. «Zer gorputz estatu bilatzen dugu? Robotikoa ala askatzailea?». Bisaiak serio eta bakoitzak bere barrenera bildurik pentsatu ondotik, bi urrats aitzina egin dituzte, zangoa eta besoak zurrun altxatuz eta burua ezkerrera itzuliz.
Sakelakoaren kamera piztu ondoan, denak elkarren ondoan eman eta estudioan barna urrats eta jestu robotikoak egiten hasi dira, eta, pixkanaka, dantzariek robot izateari utzi diote, askaturik bezala, eta erronda batean eman dute koreografia segidan, geroz eta azkarrago unetik unera. Gelditu bezain fite, lasterka joan dira bideoa ikustera. Irriz karkailaka aritu dira robotak egiteko denboran haietariko batek Beyonceren mugimendu bat egin omen duelako. «Beyonce momentua» deitu diote hari, eta behin eta berriz imitatu dute errepikaren bigarren partea finitzeko.
Tradizio zaharberritua
Urtarrilean estreinatu zuten Bezperan ikusgarria. Dantzaren Maitaldiaren karietara igandean emanen dute, 19:00etan, Miarritzeko Kasinoan. Daniel San Pedrok taularatu du ikusgarria; zortzi dantzariez gain, lau musikarik akonpainatuko dute taldea. Ez da lehen aldia Bilakak Maitaldian parte hartzen duena. Eta ohorea sentitu du Oihan Indart dantzariak, bertan aurkeztu ahal baitituzte kasik sorkuntza guziak. Bertzalde, haren ustez, Maitaldia dantzaren nazioarteko erakusleihoa den heinean, lekuko dantzariek ere beren lekua dute bertan.
Neguan giroturik hasten da Bezperan, eta erretzeko modukoa ere baden uda partean bukatzen da, sasoien joan-jinak dantzan emanez. Indarten arabera, Bezperan-ek iraganera behatzen duen arren, lehen-lehenik etorkizuneko kezkak aurkezten ditu. Gogoeta gisa hitzaren erranahia landu dute, eta erleen tradizio zahar bat taularatu: etxeko kide bat hiltzen zelarik, erleei heriotzaren berri ematen zieten, baita laguntza galdegiten ere, ezko gehiago egin zezaten. Tradizioari ukitu garaikidea emanez, Bezperan-en dantzariek erleei laguntza galdegiten diete ingurumenak oreka egokia atzeman dezan. «Bezperan-en negua hil da, eta erleei laguntza galdegiten diegu ingurumena berriz bere onera jin dadin».