Literatura

«Dardara» sortuko du aurtengo Literaturia jaialdiak

Maiatzaren 29tik 31ra egingo dute Literaturia Zarautzen, herria euskal literaturaren topagune «nagusi» izan dadin. Helduentzako ipuin kontaketa bat antolatu dute lehenengoz, eta Armiarma literatura ataria omenduko dute.

Literaturia jaialdia aurkeztu dute gaur, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Literaturia jaialdia aurkeztu dute gaur, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko maiatzaren 14a
18:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Literaturak dardara edo lurrikara txikiak eragiten dizkigu, gure barnea astintzen duelako». Hala azaldu du Itziar Iruretagoiena Literaturia jaialdiaren antolatzaileetako batek aurtengo aldiari jarri dioten leloa. Dar-dar izango da maiatzaren 29tik 31ra bitarte egingo den Literaturia jaialdiaren goiburua; hain zuzen ere, antolatzaileen ustez literaturak «sentimenduak pizteko gaitasuna» duelako. Bada, «dardara» eragiteko eta euskarazko literatura zabaltzeko asmoz, liburu azoka, aurkezpenak, ikuskizunak eta beste antolatu dituzte Zarautzen (Gipuzkoa), eta bertaratzeko gonbita egin diete Euskal Herriko adin guztietako literaturazaleei. Zarauzkoa Doinuele sarearen barruan antolatutako aurtengo euskara hutsezko laugarren plaza izango da, eta, Iruretagoienak dioenez, «gero eta gehiago» dira halako azokak antolatzen dituztenak. Aurten ere, BERRIA jaialdiaren hedabide babeslea izango da.

Maialen Berasategi itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko kideak irakurriko du jaialdiari hasiera emango dion manifestua, maiatzaren 29an. Iaz Ander Lipus antzerkigileak irakurri zuen, eta aurtengoan «berehala» etorri zitzaien Berasategiren izena, «zeresana» duen itzultzailea izaki. 20:00etan izango da, Modelo aretoan, eta, segidan, Imanol Epeldek hitza, musika eta irudia uztartzen dituen performancea egingo du: Zerbait sartu zait begian. Sarrera 8 eurokoa izango da, eta bihartik aurrera erosi ahal izango da, beste ikuskizunetarako sarrerekin batera, Literaturiaren webgunean edo Modelo aretoaren leihatilan. 

Literaturia jaialdiak badu ardatz nagusi bat: urtero, euskal literaturaren alde egiten duen talde, kolektibo edo norbanako bat omentzen du. Aurtengo aldian, 25 urte bete berri dituen Armiarma.eus atariari egingo diote aitortza, eta Manu Urbietak sortutako oroigarri bat emango: «Ezinbestekoa iruditzen zaigu Armiarmak euskal literatura zabaltzeko eta zaintzeko egiten duen lana; guztion eskura jarri du euskal literaturaren ondarea, doan eta modu irekian». Hala, maiatzaren 30ean egingo diote omenaldia euskal literaturari buruzko informazioa biltzen duen atariari, 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan.

Heldu zein gazte

Beste proposamen bat gehitu diote aurtengo egitarauari: helduei bideratutako Ongi etorri ipuin kontaketa musikatua egingo du Ameli ipuin kontalariak, hilaren 30ean, 17:30etik 18:30era, Lege Zaharren enparantzan. Baina txoko berezia izango dute 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek ere. Iazko jaialdian antolatu zuten lehenengoz gaztetxoentzako idazketa tailerra —Oier Guillanek eman zuen—, eta orduko arrakasta ikusita, berriro antolatu dute, baina aldaketa bat eginda: aurtengoa Mejillon Tigre kolektiboak emango du. «Iaz oso gustura egon ziren, eta, aurten ere, garrantzitsua iruditzen zitzaigun gaztetxoek euren lekua edukitzea», adierazi du Iruretagoienak. Hori ere hilaren 30ean izango da, 11:00etan, Etxezabala aretoan, eta izena eman beharra dago literaturiazarautzen@gmail.com helbidera idatzita. 

Noski, liburuak erosteko eta kuxkuxeatzeko tartea ere izango da egun horretan, Lege Zaharren enparantzan. Liburu azoka egongo da bertan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Gainera, liburu aurkezpenak egingo dira plazan jarriko duten Ahotsenea gunean, idazleak beren liburuei buruz hizketan entzun ahal izateko, bertatik bertara. Bertan izango dira Amaia Aranzeta, Nahia Intxausti, Ibai Sarasua, Joxean Agirre, Maite Lopez Las Heras, Garbiñe Ubeda, Leire Mendiburu, Iñigo Roque, Aitziber Etxeberria eta Peio Iturralde.

Iaz 20 urte bete ziren Lurdes Iriondo hil zela, eta, Iruretagoienak aipatu duenez, askorentzat urteetan «ezezaguna» izan arren, azkenaldian «maiz» ikusi da haren irudia. Olatu horren adibide da Lurdes Iriondo. Isilarazitako ahotsa ikuskizuna, zeinak musikaren eta hitzaren bidez Iriondo omentzeko asmoa duen. Talde artistikoa Jon Martinek, Irati Odriozolak, Ainhoa Ansak eta Gari Amundarainek osatzen dute, eta jaialdian izango dira hilaren 30ean, larunbatean, 12:30ean, Modelo aretoan. Egun horretan bertan, 20:15ean, Habia taldeak Omen bere azken diskoa aurkezteko kontzertua emango du, leku berean, 8 euroren truke. 

Literattipia, haurrentzat

Solasaldi batekin hasiko dute jaialdiaren azken eguna. Uxue Rey BERRIAko kazetariak Xabier Olarra itzultzaile eta editorea elkarrizketatuko du, baina haratago joango da emanaldia, eta Lide Hernandok musikarekin girotuko du saioa. Itzulpena: ezinean, ekinean izena jarri diote elkarrizketa musikatuari, eta Santa Klara komentuan izango da, maiatzaren 31n, 11:30ean. 

Azkenik, haurrentzako saio batekin amaituko da jaialdia, ohiko Literattipia atalari eutsiz. Oraingoan, Klera ikuskizuna ikusi ahal izango dute 6 eta 12 urte bitartekoek. Jon Maia dantzariak eta Maite Larburu musikariak Leire Bilbaoren lan homonimotik sortu zuten ikuskizuna —Bilbaoren ipuinak Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen iaz—, eta «elkarbizitzari dei» egiten dion diziplinarteko emanaldia ondu dute. Izan ere, ikuskizunak Kukai dantza taldearen koreografiak, Larbururen musika, June San Sebastianen ilustrazioak eta Bilbaoren hitzak elkar lotzen ditu. Modelo aretoan ikusi ahal izango da, 16:45ean. Horretarako sarrerak ere bihar, ostirala, jarriko dira salgai, Literaturiaren webgunean eta Modelo aretoaren leihatilan.

EGITARAUA

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA