1811n argitaratu zuen Jane Austen idazleak Sense and Sensibility liburua (Zentzua eta sentiberatasuna). Bere lehen eleberrian ezin izan zuen bere izena jarri, eta «Dama bat» idatzi zuen lehen orrian, sinadura gisa. Istorioaren protagonistak Elinor eta Marianne Dashwood ahizpak dira; bi gazte horiek aitaren heriotzaren ondoren etorkizuna baldintzatzen dieten zailtasun ekonomiko eta sozialei aurre egin behar diete. Maitasuna ulertzeko dituzten modu desberdinen bidez, Austenek arrazoiari eta sentimenduari buruzko kontakizun bat osatu zuen, eta emakumearen posizioari, mendekotasun ekonomikoari, konbentzio sozialei eta ezkontzari buruzko istorio bat ere bai.
Alde handiak daude bi ahizpen artean; mundua ikusteko eta prozesatzeko modu erabat desberdinak dituzte. Elinorrek zuhurtzia eta betebeharrak norberaren nahien aurretik jartzeko gaitasuna du. Mariannek, berriz, modu irekiagoan bizi ditu bere emozioak, uste baitu sentimenduek ezarritako arauen gainetik egon behar dutela. Hala ere, bien arteko aurkakotasuna inoiz ez da absolutua; beti dira erdibidean elkartzeko gai. Austenek ironiaz jositako hitzak erabiltzen ditu ahizpa bakoitzaren jokabideak deskribatzeko orduan; ez du Elinorren arrazionaltasuna guztiz ukatzen, baina ez du Marianneren erromantizismoa guztiz babesten ere.
Austenen eleberriak ikus-entzunezko hainbat egokitzapen izan ditu, besteak beste BBCren 1981eko telesaila, Rodney Bennettek zuzendua, eta Ang Leeren 1995eko filma, Emma Thompsonen gidoiarekin. Azken hura bertsio zinematografiko ezagunena bihurtu zen; Thompsonek, gidoia idazteaz gain, Elinor Dashwooden rola jokatu zuen, eta gidoi egokiturik onenaren Oscar saria eskuratu. Filmean Kate Winslet, Hugh Grant eta Alan Rickman aktoreak ere agertzen dira.
Belaunaldiz belaunaldi
Austenen beste lan batzuekin gertatzen den bezala, bertsio ezberdinek oreka bat aurkitu behar izan dute egilearen kritika sozialaren, gatazka sentimentalen eta publiko garaikidearen ikuspuntuen artean. Belaunaldi orok bere bertsioa eduki behar duela dirudi; izan ere, 2008an argitaratu zen hurrengo bertsioa, BBCren eskutik eta John Alexanderrek zuzenduta.
Aurten ere beste bertsio bat iritsiko da zinema aretora: Georgia Oakleyk zuzenduta, Daisy Edgar-Jones eta Esme Creed-Miles dira egokitzapen berriko Elinor eta Marianne. Filmak ahizpen arteko harremanari eta haien inguruko munduari buruzko hurbilketa bat planteatzen du. Bertsio berrian, liburuko oinarriak berreskuratzea da asmoa: desio indibidualen eta hura gauzatzea mugatzen duten baldintza sozialen arteko tentsioan sakontzea, alegia.
Eleberria argitaratu eta bi mende geroago, Sense and Sensibility lanak interpretazio aukera berriak eskaintzen dituela dirudi. Egokitzapen bakoitzak eleberrian landutako elementu batzuk aukeratzen eta berrantolatzen ditu, Austenen unibertsoan sakontzeko aukera berri bat eskainiz belaunaldi bati.
'Sense and sensibility'
Zuzendaria: Georgia Oakley. Gidoilaria: Diana Reid. Aktoreak: Daisy Edgar-Jones, Esme Creed-Miles, Caitriona Balfe, Frank Dillane. Argazkia: Arnaud Potier. Musika: Roger Goula. Generoa: Erromantikoa. Urtea: 2026. Iraupena: 131 minutu. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: urriaren 23an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'BLUE HERON'
Zuzendaria eta gidoilaria: Sophy Romvari. Aktoreak: Eylul Guven, Reti Iringo, Adam Tompa, Edik Beddoes, Amy Zimmer, Liam Serg, Preston Drabble. Argazkia: Maya Bankovic. Generoa: Drama. Urtea: 2025. Iraupena: 90 minutu. Herrialdea: Kanada.
1990eko hamarkadaren amaieran, sei kideko familia hungariar bat etxe berri batera joan da bizitzera. Jeremy anaia zaharrenaren portaerak etxe berriko itxurazko lasaitasuna oztopatzen du. Urte batzuk geroago, alaba gazteak, Sashak, haurtzaroko egoera aztertuko du; memoria ariketa bat egingo du txikitan bizi zuen horretan sakontzeko.
'MOSCAS'
Zuzendaria: Fernando Eimbcke. Gidoilariak: Fernando Eimbcke eta Vanesa Garnica. Aktoreak: Teresita Sanchez, Bastian Escobar, Hugo Ramirez eta Enrique Arreola. Argazkia: Maria Secco. Generoa: Drama eta komedia. Urtea: 2026. Iraupena: 102 minutu. Herrialdea: Mexiko.
Olga lagun gutxi dituen emakume bat da; bakarrik bizi da etxebizitza bloke handi batean. Haren egoera ekonomikoa dela eta, gela bat alokatu behar du; gizon batek alokatzen du gela, eta ezkutuan sartzen du bertan bere 9 urteko semea. Olgaren eta haurraren artean ustekabeko lotura bat sortzen hasiko da: haren mundua poliki-poliki aldatuko da hiru pertsonaien bizitzak gurutzatzean.
'ganeunghan sarang'
Zuzendaria: Lee Chang-Dong. Gidoilaria: Lee Chang-Dong eta Jungmi Oh. Aktoreak: Jeon Do-yeon, Sol Kyung-gu, Jo In-sung eta Cho Yeo-jeong. Argazkia: Kim Ji-yong. Musika: Jung Jae-il. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 164 minutu. Herrialdea: Hego Korea.
Ho Seokek lana galdu berri du, eta Mi Ok emaztearekin eta seme txikiarekin aurrera ateratzen saiatzen ari da. Haren egoera aldatu egingo da Ye-ji zinemagile dokumentalistak langile kaleratuei eta haien familiek dituzten zailtasunei buruzko dokumental batean parte hartzea proposatzen dienean. Proiektu horren bidez, bi bikoteak elkar sakonago ezagutzen hasiko dira. Haien bizitza itxuraz normalaren atzean desira ezkutuak, arazo sentimentalak, jeloskortasuna eta ustekabeko sentimenduak agertuko dira.