MERCURY REV
Eguna: urriaren 6a. Tokia: Bilboko Kafe Antzokia.
Aste honetan aukera izugarria izan dugu oso kontzertu berezi batez gozatzeko. Izan ere, AEBetatik etorri da Mercury Rev taldea, All Is Dream albumaren 25. urteurrena ospatzeko. Joan den mendeko 90eko hamarkadan, New York estatuko Buffaloko taldea bitxi bakan bihurtu zen indie musikazaleentzat, bere musikak ez baitzuen zerikusirik garai hartan modan zegoen grunge gordinarekin. Taldearen proposamena, Bilboko Kafe Antzokian ikusi dugunez, kontrako bidea da; hots, era sofistikatuan nahasten dituzte rock sinfonikoaren eta progresiboaren garapen luzeak beste eragin musikal batzuekin: shoegaze eszenaren gitarretako reverb efektuak, atmosfera politak sortzen dituzten teklatuak, dreampop-aren antzeko soinuak, besteak beste. Oso estilo propioa garatu zuten. Euren lagun The Flaming Lips taldekoen antza bazuten ere, ez ziren hain psikodelikoak, baizik eta onirikoagoak.
Hori argi geratu zen All Is Dream albumaren ospakizunean. Hasieratik, argiztapenak eta erabilitako proiekzio ederrek beste mundu batera eraman gintuzten. The Funny Bird abestiarekin hasi zen ikuskizuna. Jonathan Donahue abeslariak, erdi-erdian, modu teatralean antzeztu zituen taldearen kantak. Ezkerraldean, bateria jotzailea zegoen, Joe Magistro, musikaren erritmoa nabarmenduz. Hercules abestia guztiz aldatu zuten kontzertuan, eta beste giro bat sortu zuten. Baxu jotzailerik ez zegoen; ordea, Marion Genser eta Jesse Chandler han zeuden, bi sintetizadoreren atzean, musikari egitura emanez. Abesti horretan, Grasshopper gitarra jotzailea gitarrarekin soinu adierazgarriak sortzen hasi zen, eta efektu ezberdinak eskaini zituen kanta bakoitzean.
Lincoln’s Eyes melodiak amesgaizto giroan murgildu gintuen, oso modu eraginkorrean. Horri lotuta, musikariek infinituraino luzatzen dituzte abestiak, gaur egungo berehalakotasunari kontrajarriz. Hala ere, pop musikaren egitura duten abestiak ere eskaini zituzten: The Modern Lovers-en She Cracked punk kanta, pianoan oinarritzen den Spiders and Flies abestia edota Goddess on a Hiway, euren kantarik ospetsuena.
Entzuleek guztiz liluratuta eman zuten ikuskizunaren zatirik handiena, harrizko estatuak balira bezala. Amaieran, batzuk melodia hipnotikoekin batera mugitzen hasi ziren. Kontzertua goraka joan zen; azken momenturako Holes eta The Dark Is Rising abestien soinu gozoak modu estrategikoan utziz. Etxera poz-pozik itzuli ginen gehienok, ikusitakoa amets bat ala errealitatea izan zen jakin gabe.