Denbora pausatu, eta aditu

Irailaren 5ean hasiko da Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdia. Hamabost jarduera antolatu dituzte, bederatzi kontzertu tarteko. «Denboraren pertzepzioa» da gai nagusia

Atzo aurkeztu zuten Nafarroako Musika Garaikidearen IX. Jaialdia, Iruñeko Kondestablearen jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Asmoa ez da metronomoa bazter uztea. Bai, ordea, denboraren joana geldotzea, baldin eta hura gelditzea ezinezkoa bada, behintzat. Aurten, parentesi bat ezarri nahi luke Nak Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak Iruñean, pausa bat. «Lasai hausnartzeko, musika lasai aditzeko», azaldu du jaialdiaren zuzendari artistiko Yolanda Camposek. Festibalaren bederatzigarren aldia irailaren 5ean hasiko da, hilaren 16ra arte iraunen du, eta, hain zuzen ere, «denboraren pertzepzioa» da egun horietan guztietan jorratuko den gaia. NakKronos izenez aurkeztu dute jaialdia, justuki.

Zehazki, hamabost jarduera antolatu dituzte festibalaren aldi honetarako, eta hamahiru obra estreinako aldiz plazaratuko dira. Egitarauko jarduera gehienak kontzertuak dira —bederatzi—, baina tailerrak, solasaldiak eta bestelako ekintzak ere prestatu dituzte. Camposen arabera, «Nak ez baita musika emanaldietara mugatzen». Dioenez, musika garaikidea jendearengana hurbiltzea ere bada helburu nagusietako bat, baita bertako artistak babestea ere, esate baterako.

Guztira, ehun artistatik gora arituko dira, eta jarduerak lau tokitan eginen dituzte: Kondestablearen jauregian, Baluarten, Civican aretoan eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Baluartekoak salbu, gainerako guztiak doakoak dira. Dena dela, batzuetarako ezinbestekoa da aurrez izena ematea.

Xabier Erkiziaren obra batek zabalduko du egitaraua. Artistak Denbora bikoitza izeneko ikus-entzunezko instalazioa ondu du jaialdirako, eta irailaren 5ean aurkeztuko du, 19:00etan. Lan horretan, WWV irrati estazioaren emisioak entzutea izan da Erkiziaren helburua, seinale horiek iragartzen baitituzte orduak, minutuak eta segundoak Denbora Unibertsal Koordinatuan. Ideia horretatik abiatuta sortu du obra.

Itogarria ez den denbora

Hain justu, Erkiziak sinatua da egitaraua itxiko duen emanaldia ere. Irailaren 16an, hark eta Diana Perez Custodiok elkarrekin osaturiko Kronopoetika kontzertua izanen da Baluarten. Garaikideak elkarteak zuzendutako azken ikerketa proiektuaren emaitza da hori, eta orduantxe oholtzaratuko dute lehenbiziko aldiz. Aurreratu dutenez, instrumentu akustiko zein elektronikoak baliatuko dituzte emanaldirako, «unearen poetika bistaratzeko». Camposek azaldu duenez, emanaldi horretan ederki iradokitzen da Gilles Deleuze pentsalari frantsesak denboraren gainean eginiko gogoeta. Eta hori ez da kasualitatea. «Deleuzen teoriak dira aurtengo edizioaren ernamuina», ohartarazi du.

Camposek gogoratu duenez, «neurrietatik kanpoko denboraz» hausnartu zuen Deleuzek, eta sinetsia dago hori egitea herritar guztientzat litzatekeela aberasgarria. «Horri ere erreparatu beharko genioke, eta ez soilik itogarria den denborari. Presak, agendak eta egitekoek franko itota gaituzte, esklabo bihurturik. Kontrara, denbora kontsumitu baino gehiago, denbora gozatu egin beharko genuke», hausnartu du. «Jakina da zurrunbilo horretatik ateratzea oso zaila dela, baina, entzuketa kontziente baten bidez, musikan bada hori egiten ahalegintzea, tarte batez bada ere».

Gainera, jaialdiaren zuzendari artistikoak haratago ere jo du, eta esplikatu jaialdiak nabarmen utziko duela gauza bat agerian: «Kontrakoa uste bada ere, musikaren armazoia ez dela soinua, denbora baizik».

Hausnarketa eta didaktika

Iaz, Nakek aurreneko aldiz antolatu zuen propio pentsalariei eskainitako esparru bat festibalean, eta aurten ere eginen da halakorik: irailaren 15ean, Marina Hervas filosofian doktore eta musikologoaren solasaldia izanen da Kondestablearen jauregian, Ignacio Fernandez kazetari eta konpositoreak gidatuta. Batik bat, XX. eta XXI. mendeetako abangoardiako musikan denborak duen rolaz mintzatuko dira.

Halaber, hiru tailer izanen dira aurten. Irailaren 12an, Ander Larrinaga konpositore eta irakasleak konposizio informatikoari buruzko ikastaroa emanen du. 13an, Javier Ucar Amsia DJak sintetizadore modular analogikoak nola muntatu irakatsiko du. 16an, berriz, kenketa sintesi bidezko soinu muntaketei buruzko ikastaroa emanen du Amsiak.

Haurrei eskainita, Nak Txiki atala antolatu dute atzera ere. Bi jarduera izanen dira horren barrenean. Batetik, Balearen kantua haurrentzako musika ikuskizuna izanen da irailaren 8an, Civicanen. Zehazki, emanaldiak George Crumb konpositorearen Vox Balaenae (1971) piezan du oinarria. Artista xibarta balearen hotsetan inspiratu zen, eta, hori baliatuz, ekologismoari buruzko obra bat sortu dute orain.

Garaikideak elkarteko kide Bea Monreal eta Uxue Roncalek, berriz, Zure gorputza, instrumenturik onena jarduera gidatuko dute. Haurrei musika garaikidearekiko interesa piztea da helburu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.