Ez da liburu bat aurkezten duen lehen aldia, baina, hala ere, urduri dagoela aitortu du Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak. Izan ere, bere lehen poema bilduma propioa aurkeztu du oraingoan. «Nire poesia da liburuan jasotzen dena», azaldu du, emozioz. Oren hilak da bere liburu berriaren izenburua, eta Balea Zuria argitaletxearekin plazaratu du. Aurretik kaleratutako lanen artean ditu, besteak beste, Zirtak su eleberria (Alberdania, aurtengo otsailean emana), Giorgos Seferisen poesiaren antologia (Munduko Poesia Kaierak, Susa, 2024), Egeriaren Ibilbidea-ren itzulpena (Testu zaharrak, 2022), eta Amatu izeneko saiakera (Alberdania, 2022).
Egileak berak adierazi zuenez, denborari buruzko poemak dira liburuan aurki daitezkeenak, eta horrexegatik jarri dio Oren hilak izenburua. Esanahi poetikoa duela iruditzen zaio egileari: «Astiaren eta denboraren arteko desberdintasuna egin nahi izan dut. Normalean, denbora izaten dugu, baina astirik ez; ez dugu ordu hilik». Gainera, denborari ez ezik, memoriari ere egin nahi izan dio erreferentzia, bien arteko lotura eginda. Halaxe dio liburuko pasarte batek: «Ahanztura erabaki bat da, baina norena?».
Halaber, badira poemek ukitzen dituzten beste gai batzuk ere, eta horiek zerrendatu ditu Lopez Las Herasek: desira, bizitza, bakardadea, patua, askatasunaren mugak, maitasunaren mina, zauriak... «Itzulerak ere asko aipatzen dira. Batzuetan ez dira desiragarriak». Bestalde, badago nostalgiarako tarterik ere; «nostalgia itzuleraren mina da», azaldu du idazleak. Haren esanetan, Oren hilak-ek ez ditu aparteko gaiak lantzen: «Ez da originala, gaiak unibertsalak dira». Baina estiloari dagokionean, aldiz, uste du baduela berezitasunik.
«Urteek emandako zamari esker ondutako poemak dira. 'Zama' diodanean ez naiz adinaz ari, urte hauetan egindako irakurketei buruz ari naiz»
MAITE LOPEZ LAS HERASIdazlea
Estiloari dagokionean, liburua «landua eta heldua» dela iritzi dio idazleak: «Urteek emandako zamari esker ondutako poemak dira. Zama diodanean ez naiz adinaz ari, urte hauetan egindako irakurketei buruz ari naiz». Poemak idazteko orduan, bestalde, aldarte jakin bat behar izan du egileak. Kontatu duenez, alai dagoenean ez zaio poemarik idaztea ateratzen: «Zoritxar pixka bat behar dut». Hori ere jaso du lanean; «gizakia tragediagileek asmatu zutelakoan nago», dio olerki batek.
Naturaren presentzia
Lopez Las Herasen poema bilduman naturak duen presentziaz hitz egin du Felipe Juaristi Balea Zuria argitaletxeko editoreak. «Hegaztiak, bestelako animaliak, landareak... testuen barne giroa adierazteko erabili ditu». Esaterako, hala jaso du pasarte batean egileak: «Zaldi zuriak zelai zabalean lauhazka/ izotzileko belazearen antzigarrean./ Badatoz gaurik barkatu gabe,/ izarrak datozen bezala».
«Zauri batetik isurtzen dira poetaren hitzak. Zauri horri mina dario, eta min hori oroimena da»
FELIPE JUARISTIIdazlea eta Balea Zuria argitaletxeko editorea
«Bakarrizketa luze bat da Maitek [Lopez Las Herasek] eskaintzen diguna; kanta luze bat», adierazi du Juaristik. Emakume baten ahotsa da liburuan gailentzen dena, eta, testuetan aurrera egin ahala, emakume horren ahotsa nola indartzen doan nabarituko du irakurleak, editorearen hitzetan. «Zauri batetik isurtzen dira poetaren hitzak. Zauri horri mina dario, eta min hori oroimena da». Hain zuzen, zauri horren sendabidea Lopez Las Herasek landutako bakarrizketa dela gaineratu du.
Filologia klasikoko ikasketak egin zituen idazleak, eta, hori dela eta, bere bizitza literarioa klasikoen artean igaro duela esplikatu du editoreak. Halaber, uste du klasikotasunaren eta modernitatearen artean kokatzen dela Oren hilak liburua: «Formak ez dira klasikoak, baina giroa bai. Klasikotasunetik hartutako irudiak gailentzen dira. Azken finean, klasiko izatea moderno izateko modu bat ere bada».