Aurreko asteetako artikuluetan berriz ere ateak zabaldu dituzten azpiegitura handiez aritu gara. Gaur arteaz gozatzeko areto ezberdin eta ezezagun bati buruz hitz egin nahiko nuke. Departamento izeneko espazioa ezkaratz bateko gela da. Ez oso aspaldi denda asko kokatzen ziren etxebizitzetako ezkaratzetan, kalera begira batzuk, barrura begira besteak. Horietako bat aukeratu zuen orain dela urte batzuk Edu Hurtado artistak erakusketa areto bat egokitzeko. Proiektu berezi honetan artistek Departamento delakoaren arduradunaren gonbidapena jasotzen dute toki berezi horretan bere lana aurkezteko. Ez da ikusgarria; alderantziz, ezkutuan dago eta txikia da. Gainera, ez da informazioa zabaltzeko lan berezirik egiten; beraz, artistaren edo arduradunaren gonbidapen bidez izan dezakegu erakusketaren berri. Proiektu berezia izateaz aparte, gaur egun artearen sareetan dauden helburuetatik kanpo dago: ez da erakusketa jakinarazten eta ia kasualitatez iritsi daiteke bertara.
Hala ere, ezkaratzaren barruan dagoen gelak erakusketak egiteko ohikoa den kubo zuriaren ezaugarriak betetzen ditu: zuria, ia karratua eta altuera egokia. Proiektuaren bultzatzaileak artea edozein tokitan eta edozein momentutan gerta daitekeela azpimarratu nahi duela ematen du eta ikusi nahi duenak artistari edo arduradunari aurretiazko hitzordua eskatu beharko dio.
Egun hauetan Irati Inoriza artistaren Son de ribera (Erriberako doinua) erakusketa dago ikusgai San Frantzisko kaleko 11. zenbakiko ezkaratzeko barruko aretoan. Artistaren jaioterriko errekan hasten diren goroldioak edo ur-belarren bidez eraikitako hesi moduko batek aretoko atea ixten du. Plastikozko tutu gardenen bidez belarrak ikus ditzakegu, bere egiturei erreparatu eta konturatuko gara tutu antzeko izakiak direla. Gainera, artistaren hitzetan, belar horiek lurra, ura eta airea elkartzen dute. Balmaseda herriari hain lotuta dagoen ibaiaren paisaia hori Bilboko Departamento izeneko aretora eraman du Inorizak eta, aldi berean, John Everett Millais artista prerrafaelitak pintatutako Ofelia koadro ezagunean jatorria duten grabatuak ipini ditu gelako hondoko paretetan. Horrek, goroldioen tutuek eraikitako sarrerako hesiari sakontasuna emateaz gainera, kolore urdin ilun indartsua ematen dio lehen aipatutako kubo zuriari.
Esan dugun bezala, artistak bere herriko paisaia eraman du Departamentora; horrek hain hirikoa eta etxe ingurukoa den espazio berezira naturaren organikotasuna eramaten du, bere askatasun itxurarekin (belarrak inork mugatuta hazten dira), baina baita bere alde ilunarekin ere, Ofelia gajoa itsas belarrez eta goroldioz itota agertu zelako. Edertasuna pozoitsua ere izan daiteke.