Musika

Des-kontrol eta Arkada Social taldeek Aske jaialdian joko dute

Abenduaren 26an egingo dute askatasunaren aldeko jaialdia Atarrabian. Durangoko 40 Minutu Rock festibalean ere parte hartuko dute bi taldeek, otsailaren 20an, eta ondoren agertokiak utziko dituzte.

Des-kontrol taldea, iazko ekainean, Donostian Fermin Muguruzarekin emandako kontzertuan. JON URBE / FOKU
Des-kontrol taldea, iazko ekainean, Donostian Fermin Muguruzarekin emandako kontzertuan. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
2026ko ekainaren 23a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Des-kontrol eta Arkada Social taldeek amaitutzat emango dute euren ibilbidea hurrengo urtearen hasieran, eta hori gertatu baino lehen, bi kontzertu emango dituzte beste horrenbeste jaialditan. Euskal Herriaren askatasuna aldarri duen Aske jaialdian parte hartuko dute Arrasateko (Gipuzkoa) bi taldeek, abenduaren 26an, Atarrabian (Nafarroa), eta ondoren, 2027ko otsailaren 20an, 40 Minutu Rock festibalean joko dute. Ohi bezala, euskal presoei elkartasuna adierazteko jaialdi hori Durangon (Bizkaia) egingo dute.

Aske eta 40 Minutu Rock jaialdietako antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Des-kontrol eta Arkada Social taldeei kontzertu horiek bi festibalotan eman nahi izateagatik: «Eszena musikal geroz eta komertzial eta merkantilizatu batean, herrigintzatik sortutako jaialdien aldeko apustua egitea eskertzekoa eta beharrezkoa dela iruditzen zaigu», aipatu dute ohar baten bitartez.

Horri lotuta, musika jaialdien bitartez, preso, iheslari eta deportatuei «elkartasuna adierazten» jarraitzeko asmoa azaldu dute bi festibalen antolatzaileek, «fase berri honetan harrera duin bat saretu eta azkena etxeratzea ozen aldarrikatzeko, gure herri eta jendartearen askatasunaren alde borrokan jarraitzeko».

Des-kontrol eta Arkada Social taldeen emanaldi horiek Bideaz harro, laster arte! lelopean egingo dituzte. Sarrerak ostiral honetan, ekainaren 26an, jarriko dituzte salgai, jaialdien webgune eta sare sozialen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA